«Anti-igeldoarrak»

2013ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Behin batez, Igeldoko herria zer zen galdetu omen zion Pello Errota gazteak Udarregi zaharrari eta honela erantzun zion(XIX. mende bukaerakoa da bertso polit hau):

«Zer dan geldetze'iraz / Igeldoko erriya / Besteik ez da ikusten / Sasi eta arriya / Bosteun lagun daude, / Iruntzat ogiya, / Gañantzekoak dute / Ixtillu gorriya».

1.150. urtean «Iheldo» (Igeldo) aipatzen da aurreneko aldiz, eta, 872 urte pasata ere, baditu oraindik, dirudienez, aurkariak. 2013ko uztailaren 31ko —asteazkena— denok ezagutzen dugun Donostiako egunkari batean, amaratar batek erantzun dio «anti-igeldoarrak» diren jende haserretu eta irainduei eta guk geure buruari harriduraz galdetu diogu: «Hau ere badugu?».

Joera kaltegarria da, benetan, desberdinek bere ibilbidea erabaki nahi dutenean, Donostian, gure hirian, horrelako taldeak sortzea. Igeldoko herriaren gai xumeak burura ekartzen dizkigute talde horiek, desberdinekin beti izan duten jarrera: oso jarrera espainiarra.

Ez da harritzekoa; espainiarrak behar du, eta beti behar izan du (eta existitzen den bitartean honela izango da) etsairen bat, edo zenbait etsai, beraien artean behar duten lotunea edo kohesioa izateko. Izan ere, edozein taldek, herrik, kolektibitatek edo naziok ez du behar horrelako loturen premia, benetako loturak badituztelako. Nazio baten kasuan, alegia, lotura edo kohesio hori —batasun hori— historian, lurraldean, sinesmenetan, tradizioetan, ohituretan, kulturan, lanharremanetan eta hizkuntzan datza. Beraiek ez dute kohesio nazionalik eta betidanik, sortzen hasi zirenetik, beste gizaki eta herrien aurka aritu dira hutsune hori nolabait betetzeko.

Hala nola Iberiar penintsulako nazio guztien kontra, oro har musulmanen kontra (beraiek baino ikasiagoak zirenak), Herbehereetako populazioaren kontra, protestanteen kontra, Ameriketako nazio eta herri guztien kontra… zerrenda amaigabea da. Batzuk ez zirelako kristauak, besteak arimarik gabekoak, herejeak, juduak, masoiak, gorriak, errusiar-separatistak, moskuko-komunistak, marxistak, sozialistak, anarkistak, eusko-nazionalistak, gaztelania ez den beste hizkuntza bat dutenak, abertzaleak… Denen aurka izan ziren eta dira, beti.

Zergatik? Diferenteak, desberdinak, espainol printzipio dogmatiko eta fundamentalistetan sartzen ez direlako eta beraien legeetan antolatutako mapa politiko edo administratiboak aldatu nahi ez dituztelako. Garaian garaiko izenekin ezagutuak, haien kontra borrokatu eta borrokatuko dira gorroto handienarekin.

Zer da, eta orain igeldoarrak jarri behar ote ditugu ezberdinen zerrenda horretan? Eta nola ez! Anti-igeldoarrak sortu dira! Zer kalte egiten diote igeldoarrek talde horri? Agian mapak aldatu egin beharko direla laster? Eta eguneroaldatzen ari den mundua eta gizakia? Munduaren kontra ere jarriko dira? Zein arazo ikusten dute Donostia bezain zaharra den, herri nortasuna gordetzen jakin duen, 1.500 biztanlera heltzen ez den herri xume batek bere erabakiak hartzeagatik?

Kontuan izan historian Donostiarenak ziren zenbait herrik desanexioa lortu zutela: Hernanik, Usurbilek eta Oriok XIV. mendean; Urnietak XVII. mendean; Alkizak XVIII. mendean; Pasai San Pedrok eta Adunak XIX. mendean; Astigarragak orain dela 26 urte… Altza eta Zubieta animatzen ditugu bide bera har dezaten.

Altza XVIII. mendean Donostiatik bereizi zen, baina 1940. urtean, frankismo beltzaren hasieran, hiriaren eskuetara pasatzera derrigortu zuten berriz. Ondoren, egundoko etxe pilak egin zituzten, Altza herriko gizartea guztiz desitxuratzeraino.

Zubietaren arazoa, berriz, negargarria da, bi administrazio artean zatituta dago. Donostian eta Gipuzkoan inork nahi ez dituen azpiegiturak bertan egin nahi dituzte: erraustegia, kartzela… Ez badira eta ez bagara mugitzen, herri xarmant hau betiko suntsitua izango da.

Guztiak, Igeldo eta Hernanitik hasi eta Zubieta eta Astigarragaraino, Donostiarekin batera mendeetan sortatuko herriak dira. Herri txiki edo handi, eta bakoitzari bere bideak askatasunez erabakitzeko eskubidea ezin zaie ukatu. Beraiek eta guk, donostiarrok, elkarrenganako begirunea beharrezkoa dugu; gure arteko auzotasunean adiskidetasuna eta laguntza bultzatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.