Antifaxismoa eta borroka espektakuluaren gizartean

Oudeis Gauerdi
2025eko azaroaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Guy Deborden Espektakuluaren Gizartea liburuko hogeita hamalaugarren proposizioak honako hau diosku: «Espektakulua kapitalaren akumulazio gradu bat da, hainbestekoa ezen irudi bilakatu den». Garai espektakularrean bizitzeak, hala, ez du esan nahiko egun dena sentsazionalista denik, kontrakoa baizik, hots: gizakien eta euren munduaren arteko harremana irudiak mediaturik den heinean, sentsorialki pobreak izango garela; esperientzian pobreak. Usain, erliebe eta zaporez indiferente zaigun mundu batean bizi gara, non, behin horiek ahantzita, den orok kutsu fantasmagorikoa hartu duen.

Fantasmak eduki argirik gabeko formak direnez, usu euren artean trukagarriak ere badira, egiazki bata bestea balitz bezala; egia gezur, eta erreala irreal. Horregatik zaigu, egun, ezer pasatzen ez den baina imajinazioak betiere zerbait berriaren promesa egiten digun garaiotan, dena aldi berean berritasun eta déjà vu. Eritasun mentala berriaren eta zaharraren arteko desfase horren aurkako defentsa mekanismorik garatu ez denean datorkigu. Sisiforen mito infernal horren aurrean, euforia eta depresioa, aireportua eta eroetxea, Instagrama eta Prozac-a, inpotentzia berdinaren erakusle dira.

Egia osteak ere espektakuluari kosustantziala zaion fenomeno psikognoseologikoaren berri ematen du: gizakiak, mundu honetan, bere burua baieztatzeko ez duela logikaren beharrik. Egia gezurrean eta gezurra egian disolbaturik denean, biek ala biek dute izaite arrazoia galtzen. Egia osteak ez du esan nahi gezurra egia balitz bezala saltzen denik, egia eta gezurra, giza pentsamenduaren oinarrizko postulatu bezala, alferrikakoak bilakatu direla baizik.

Halako gauzen egoera baten aurrean, kritika eta «lanturu» oro ere mugimendu psikologiko pikaresko beraren parte gisa hartzera kondenatuak gaude. Gizaki garaikidearen pikaro kondizio horrek zinismora edota hipokrisiara darama. Baten bati harridura eragin diezaioke Bernardo Atxagak antifaxisten alde egiteak, edota Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailetik antifaxistak faxistak direla eta, beraz, faxistak antifaxistak direla adierazteak. Ekar dezake Atxagak Teodoro Olarteren memoria, eta ekar dezake (hala beharko luke) besteren batek Artetxeneko Joxe azpeitiarraren (El abrazo de los muertos) edota Orwellen Kataluniako testigantza (Homage to Catalonia), eta berdindu batzuk eta besteak: gerraren eta gorpuztu ezinezko ideien eskaskerian berdindu. Bataren mitomania fetitxistari bestearen ebidentzia zinikoa gailentzen zaio. Elkar jotzen ari diren bi pertsona, elkar joka ari direnez gero, jole gisa, berdinak dira.

Pertsonen arteko borroka espektakularrak, defentsa testuinguru orotik at —gerra inperialista edota komunitate defentsa testuingurutik at—, faxismoaren erresonantziak dakartza. Beldurrean oinarritzen delako batetik, eta, bestetik, betiere negatiboa den hala nolako ongiaren inposizio efektibo bat bilatzen dutelako. Aurrenak, Adornok bere Minima Moraliako 123. aforismoan ekarri nola, txikitako eskolako matoia dakar jatorrizko figura proto faxistatzat. Bigarrena, berriz, Hannah Arendtek totalitarismoari eskainitako gogoetek argitzen dute: gaizkia erradikala ideiaren inperio absolutuan datza, non ongiaren izenean, pertsonak superfluo bilakatu diren.

Faxismoa ez omen da eztabaidatzen, borrokatu baizik, baina batek pentsa dezake, espektakuluarenpean, Black Blocketik deus eta hooliganismotik asko daukan mugimendu antifaxistaren borroka ez dela eztabaidari esentzialki ezberdin zaion ezer, berorren luzapena baizik, beste bide batetik. Faxismoa eztabaida eskasen beharrik gabe borrokatzeko modu bakarra berori sensibleki ulergaitz egitea da, efektiboki baliogabetzea, bizi-forma gisa; baterazintasuna ebidente eginez. Gure etxea, herriko plaza eta errebalak batu eta mugak apurtzeraino garamatza horrek. Bestela, borroka-forma bizi-forma bilakatu ezean, pikareska askoren beharrik gabe ikusi ahal izango du berriro, ikusi nahi duenak, berdina berdinean. Gustu txarreko berrogei gizon tronpeta jotzen berrogei gizon dira, tronpeta jotzen. Zeinen altueran jarri ebaztea erabaki taktiko inportantea da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.