Politologoa

Arnasa luzeko lasterketa

Ane Miren Atin
2026ko apirilaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urteak betetzeak, batzuetan, gauza berriak probatzeko aukera ematen du. Nire kasuan, 30 urte betetzean hasi nintzen korrika egiten. Hasieran erronka xumea zena pixkanaka helburu handiago bihurtu zen. Izan ere, adin horretara iristean ikasten dituzun gauzetako bat da helburuak ez direla bat-batean lortzen; diziplinaz, iraunkortasunez eta nolabaiteko errealismoz eraikitzen direla baizik.

Korrika egiteak badu zerbait isiletik: entrenamendua, diziplina eta etengabeko ahalegina. Baina badu beste zerbait ere: arauak argiak dira, eta ez dira aldatzen lasterketa martxan dagoenean. Horrek segurtasuna ematen dit.

Agian horregatik ulertzen ditut hain ongi oposizio bat prestatzea erabakitzen dutenak. Prozesu horietan antzekotasunak daude: epe luzerako helburuak, sakrifizioa eta konfiantza ia itsua: bidea ondo eginez gero, emaitzak eskura egongo dira. Baina gaur egun, Euskadin, hori gero eta gutxiagotan da horrela.

Oposizio bat prestatzea iraupen-lasterketa da. Baina zer gertatzen da ez badakizu helmuga benetan non dagoen? Edo iristean, norbaitek egindako ibilbide osoa zalantzan jarriko duen?

Euskararen sustapena segurtasun juridiko sendoarekin uztartuko duen lege bat negoziatzeko denbora hartzea ez da atzera egitea; aurrera egitea da, oinarri sendoagoekin

Testuinguru gero eta polemikoago eta judizializatuago batean bizi gara, bereziki enplegu publikorako sarbidean euskararen eskakizunari dagokionez. Gatazka horrek ez du soilik deialdien egonkortasuna kolokan jartzen; askotan prozesuak geldiarazten ditu, eta, batez ere, hautagaien artean ziurgabetasuna eta segurtasun falta zabaltzen ditu. Beste era batera esanda: gaitegi zorrotz bat ikasteaz eta azterketa tasa ordaintzeaz gain, bada hautagaien kontrolpetik kanpo dagoen faktore bat, baina gero eta pisu handiagoa hartzen ari dena: segurtasun juridikoaren gabezia.

Baina arazoa ez da hor amaitzen. Epai horiek kalte egiten ari zaizkio euskarari berari, gure hizkuntzari, eta urteetan garatutako normalizaziorako hizkuntza-politikei. Eta egoera honen aurrean ezin gara geldirik geratu. Ezin dugu onartu egindako bidea atzera botatzea, ezta etorkizuna zalantzan uztea ere.

Horregatik, politikagintzak ezin du albo batera begiratu. Egoerak betebehar argi bat ezartzen du: lege-esparrua egokitzea, hizkuntza-eskubideak benetan bermatzeko eta, aldi berean, prozesuei egonkortasuna eta segurtasuna emateko. Oreka-bokazioz eta euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatuak izateko diseinatutako sistemak bere zentzua galtzen du, ordea, labirinto judizialean harrapatuta geratzen bada.

Egoera honetan, desberdinen artean adostea ez da ahultasuna; erantzukizuna da. Euskararen sustapena segurtasun juridiko sendoarekin uztartuko duen lege bat negoziatzeko denbora hartzea ez da atzera egitea; aurrera egitea da, oinarri sendoagoekin. Izan ere, jokoan dagoena ez da soilik milaka pertsonaren ahalegina eta bizitzako urteak. Jokoan dago gure hizkuntzaren etorkizuna bera. Eta hori izan behar dugu lehentasun.

Euskarak herri-akordio zabal bat behar du. Eta halako akordioak ez dira berehala lortzen: denbora, borondatea eta iraunkortasuna eskatzen dute.

Bai, arnasa luzeko lasterketetan bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA