Aurtengo maiatzean, Maria Jesus San Jose Lopez Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak VI. Gazte Justizia Plana aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarrean. Plan horrek gazteen justiziarekin lotutako hainbat alderdi aztertzen ditu: aurreko V. Planaren ebaluazioa egin, ildo estrategikoak ezarri eta beste zenbait puntu azaltzen ditu.
Sailburuak zenbait baieztapen egin zituen agerraldian, harridura sortu baino, batzuetan lotsa ematen duten horietakoak: «Planaren arrakasta, profesional espezializatuak eta kopuru nahikoa izatean datza». Alde batetik, «profesional espezializatuei» buruz hitz egiteko; edonork garbi izango luke espezializazioa formazioarekin guztiz lotuta dagoela, eta formazio hori etengabea, iraunkorra eta eginbeharrei egokitua izan beharko litzatekeela. Sentitzen dut, hemen berri txarra dator: urte hauen guztien buruan zentroaren zuzendaritzak antolatutako formazio-ikastaro espezializatuak esku baten hatzekin zenbatu daitezke. Formazioa autoformazioa izan da beti, hau da, norberaren borondatepekoa, lanorduz kanpo eta norberaren poltsikotik ordainduta. Horren ondorioz, Ibaiondo zentroa gizartetik kanpoko gune bihurtu da, ez soilik geografikoki: heziketaren aldetik jokoz kanpo gelditu izan da azken hogei urte hauetan, ez delako profesionalen eguneratze formatiborik egin. Jaurlaritzatik azkar erantzungo dute esanez IVAPeko ikastaroak daudela eta «parte hartu dezakegula», baina lan-txandak direla, zentroaren egoera dela, ikastaroak hiriburuetan direla eta… guretzat ia ezinezkoa da parte hartzea, beste sailetako langileen gehiengoak duen aukerekin alderatuta.
Sailburuaren beste gezur bat «gizarte hezitzaileez» osatuta dauden heziketa taldeen ingurukoa izan zen. Profesional espezializatuei dagokienez, argi dago, adingabeekin (eta askotan jada adingabeak ez direnekin) lan egiteko formakuntza akademiko aproposena Gizarte Hezkuntza da; baina badira urte asko lanpostuko monografian gizarte hitza kendu zitzaiola, jarduerari berezko balio profesionala gutxituz; agian pentsatuko dute zaintzaile lan hutsa egiten dugula. Horrela gure lanpostuetan intrusismoari karta zuria eman zaio urteetan, eta edozein prestakuntza eta profesiotako langileak onartzen dituzte.
Gure zentroan epaitegietatik pasatzen diren kasu larrienak jasotzen ditugu: mutiko bakoitzak bere zama dakar, beren osotasunean 'puskatuak' dauden biktimarioak artatu behar ditugu
«Profesional kopuru nahikoa» ere arrakastaren bermea da, sailburuaren ustez. Eusko Jaurlaritzarekin lanean hasi ginenean, 2005ean, hezitzaile taldeak hamar hezitzaileez eta koordinatzaile batez osatuta zeuden. Hogeita bat urte pasa eta gero, langile taldeen eskema berdina da, baina dirudienez urte hauetan guztietan zuzendaritzan ez dira konturatu 55 langile horiek oporrak dituztela, jaiegunak, baimenak, lan-murrizketa aukerak, baja egoerak… azken finean, egoera pertsonal ugari pasatzen direla: ezkontzak, umeak, dibortzioak, gurasoak gaixotzea, lankideak lanpostua uztea… Hori dela eta, lan taldeen ordutegi eta antolaketa akastun baten ondorioz, zenbait langilek epaitegietara jo behar izan dute beren eskubideak bermatzeko, eta batzuek urte asko pasa izan dute bitarteko egoera batean. Hau da, bitarteko langileak finkoak bihurtu dira epaien ondorioz, eta une honetan 85 hezitzaile eta sei koordinatzaile gara, sailaren datuen arabera. Bi hamarkada hauetan, nonbait, ez dira konturatu ez dela egoera berdina Jaurlaritzan lan burokratiko bat egitea eta Ibaiondon epaituak izan diren mutikoekin lan egitea; langileen zaintza eta lan harremana tratu onetan oinarritu behar da, eta beste eredu batzuk behar dira, lan baldintzak negoziatzerakoan, adibidez, hezitzaileon lana oso gogorra eta higadura-eragile handia delako.
Gure zentroan epaitegietatik pasatzen diren kasu larrienak jasotzen ditugu: mutiko bakoitzak bere zama dakar, beren osotasunean puskatuak dauden biktimarioak artatu behar ditugu. Beraz, bakoitzarekin bi alde landu behar ditugu: alde batetik, egoera pertsonala, bere inguruan gertatutakoa, gizartean zerk egin duen huts, zer behar duen, birgizarteratze prozesurako oinarria nola ezarri… Eta, bestetik, gertatutakoa erreparatu behar da, eta lanketa egin berriro gerta ez dadin.
Sailburuaren aburuz, esku-hartzearen kalitateaz hitz egiterakoan, estatistika eta emaitza «onak» (berrerortze tasa, EAEn %11koa eta Espainian %30 ingurukoa), jarduera indibidualizatuak, espezializatuak eta ebidentzian oinarrituak bermatuta lortzen dira. Baina zein da emaitza on horien iturria? Zalantzarik gabe, profesionalak, egunero dena ematen dutelako, beren poltsikotik materialak erosten dituzte, orduz kanpo edo etxean lan egiten dute, baliabideak bilatzen dituzte... Hots, zuzendaritzak bermatzen eta ordaintzen ez dituen gauza asko egiten dute.
Formaziorik ez dago, kanpoko gainbegiratzerik ere ez, langileak zaindu beharrean mehatxuak erabiltzen dituzte, gaiaren inguruan formatuta dagoen zuzendaritzarik ez dago, aurreko mendeko teknika konduktista zaharkituak erabiltzen dituzte… Horren guztiaren ondorioz, 781 baja mediko izan dira azken lau urteotan hezitzaileon artean; bai, ondo irakurri duzu, 781 baja hezitzaileon artean, eta hori egoeraren adierazle garrantzitsua da…
Agian legebiltzarretik dena txukun ikusten da: Gazte Justizia Planak, adierazle onak eta arrakastaren kontakizunak. Guk, ordea, eguneroko errealitatea bizi dugu. Eta errealitate horrek erakusten du ezin dela kalitatezko esku-hartzerik eraiki formaziorik gabe, ezin dela talde profesionalik sendotu langileak zaindu gabe, eta ezin dela arrakastaz hitz egin ehunka baja metatzen diren bitartean. Beharbada iritsi da unea diskurtso ofizialetik harago begiratzeko eta Ibaiondon benetan gertatzen denari entzuteko.