Asimetria, simetriarik eza. Munduan gauza asimetriko asko daude... Harat eta honat begira jarri, eta batzuetan, zoritxarrez, simetriarik eza gailentzen da. Simetria ezak ez du zertan txarra izan, baina, finean, asimetria askoren atzean desberdintasunak daude, bi gauzaren edo gehiagoren arteko desorekak. Horietako batzuek, jakina, ezinbestez izan behar dute horrela; beste batzuk, aldiz, geuk sortzen eta bultzatzen ditugu zerbaiten mesedetan edo kaltetan, eta, horrela, onurak edo kalteak eragiten ditugu. Jar gaitezen gurera begira, Euskal Herrira begira: zenbat asimetria topa genitzake?; asko eta asko, ezta? Gaurkoan, euskaltegietako matrikulazio-kanpainaren ingurumarian hain justu, euskararen asimetriak azaleratuko ditugu; edo, bestela esanda, geure asimetriak.
Desberdinkeria eta bidegabekeria. Bata, desberdintasun gaitzesgarria; bestea, zuzentasunaren edo inoren eskubideen kontra egitea. Bai, euskarak desberdinkeriak eta bidegabekeriak pairatzen ditu, eta, horrenbestez, baita euskaradunok ere, euskal herritarrok, Euskal Herriaren luze-zabalean euskaraz bizitzeko hautua egin eta egiten dugunok. Kontuan hartu behar dugu -keria atzizkiaren bidez adierazten ditugula gizarteak gaitzetsi nolakotasunak: desberdinkeria eta bidegabekeria, kasurako. Eta nolakotasunak aipatuta, oharra: hizkuntzak egiten gaitu nor. Hortaz, euskararen asimetrien artean bi nolakotasun gaitzesgarriok egonda, jabetu behar dugu zuzen-zuzenean gure nor izateko modua gaitzesten dela (edo/eta dutela).
Euskararen biziberritze- eta normalizazio-prozesuaren asimetriek eragin dute, besteak beste, une honetan iritsi garen egoera: larrialdi-egoera. Eta larria da benetan, zeren eta egunero-egunero pairatzen baititugu —bai euskarak, bai euskal herritarrok— asimetria horien ondorioak. Urte luzeetan herritarron, gizarte-eragileen eta erakundeen ekimenez egindako aurrerapausoak ezerezean geratzen ari dira. Desberdinkeriak gailentzen dira, behin eta berriro, lehen eta bigarren mailako herritarrak baleude bezala. Giza eskubideak urratzen dira; izan ere, guk, esaterako, ulertzen dugu herritar orori bermatu behar zaiola berezko hizkuntza, euskara, ezagutzeko eskubidea, baina egun, tamalez, kasu askotan ez da hala izaten. Bidegabekeriak tarteko, herritar asko eta askorentzat euskara ikastea ez da irisgarria, informazio-gabezia handia dago, eta, gainera, euskara ikasteak badu kostua. Bai, urratsak egin dira doakotasuneranzko bidean, baina ez aski. Gainera, irisgarritasuna ez datza soilik doakoa izatean: Euskal Herriko aniztasuna aintzat hartuta, gizartearen beharretara egokitzen diren neurriak ere hartu behar dira. Finean, errealitate bakoitzerako estrategiak abiatzeaz ari gara.
Bai, badaude bidegabekeriak. Herritar asko eta asko egoera zaurgarrian bizi dira, bazterketa-egoera bete-betean. Baldintza horietan, euskara ikastea ez da egoten lehentasunen artean, ezpada bizi-baldintza egokiak lortzea
«Abiatzea» aipatu dugu, bai, baita «neurriak hartu behar dira» ere. Zein erraza den, batzuetan, hirugarren pertsonan hitz egitea, ekintzak inpertsonal bihurtzea! Horrela, nola abiatuko dira estrategiak? Nork hartuko ditu neurriak? Aditz iragangaitzak (subjektua dutenak) edo/eta aditz iragankorrak (subjektua eta osagarria dituztenak) behar ditugu —eta ez behar dira bezalakoak—. Esaterako, eta denok hobeto uler dezagun: administrazioak hizkuntza-eskubideak bermatuko ditu; enpresek lanorduetan euskara ikasteko eskubidea bermatuko dute; herritarrok aktibo izango gara euskararen normalizazio- eta biziberritze-prozesuan. Horrelakoak behar ditugu: batetik, euskararen eta euskal komunitatearen etorkizuna dagoelako jokoan, eta, bestetik, horren erantzukizuna ezin dugulako inpertsonal egin; aitzitik, jabetu behar dugu partekatua dela. Zeren, bestela, berriro ere asimetriez arituko gara, desberdinkeriez eta bidegabekeriez.
Bai, badaude bidegabekeriak. Herritar asko eta asko egoera zaurgarrian bizi dira, bazterketa-egoera bete-betean. Baldintza horietan, euskara ikastea ez da egoten lehentasunen artean, ezpada bizi-baldintza egokiak lortzea. Horretaz gain, sektore prekarizatu eta feminizatuek ere bazterketa-egoerak pairatzen dituzte, eta, euren baldintza eskas horien erruz, maiz zail egiten zaie euskararen mundura gerturatzea. Horrek guztiak desberdinkeriak sufritzera garamatza, baina euskara ez da horrelakoa, gu ez gara horrelakoak. Euskara gure herriko/herriaren hizkuntza da; euskara nor izateko modu bat da; euskara gu guztion hitzekin osatzen da, eta berak lotzen gaitu herrira. Zorionez, euskal komunitatea askotarikoa da, kohesiorako eta gizarte berdinzaleago baterako bidea; komunitate irekia gara, solidarioa, anbiziotsua... Ez ditugu desberdinkeriak nahiz bidegabekeriak onartzen.
Euskararen auzia lehen lerrora ekarri behar dugu, euskarak batuko baikaitu. Orain, matrikulazio-kanpaina honetan eta geldialdi honen aurrean, anbizioz irekiko ditugu leiho guztiak, arnasteko, arnasberritzeko. Euskara arnasberritu behar dugulako
Simetria: kidetasuna eta egokitasuna. Bataren atzean, harremana, lotura, ahaidetasuna eta hurbiltasuna ditugu; bestearen atzean, nolakotasuna eta erlazioa. Hori guztia behar du euskarak. Norabide horretara begirako hizkuntza-politikak ditu premiazko, hizkuntza-eskubideak bermatuak izan daitezen. Euskararen auzia lehen lerrora ekarri behar dugu, euskarak batuko baikaitu. Orain, matrikulazio-kanpaina honetan eta geldialdi honen aurrean, anbizioz irekiko ditugu leiho guztiak, arnasteko, arnasberritzeko. Euskara arnasberritu behar dugulako. Guk eta zuok. Denok.