Antropologo sozial eta kulturala

Askapen prozesu heterokroniko, poliedriko eta «kuantikoa»

2025eko abuztuaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurle maitea, ez naiz erotu. Izenburuak ez bazaitu izutu, artikulu hau irakurtzera gonbidatzen zaitut, ahalik eta pedagogikoen egiten saiatu naiz eta. Artikulu honek badu xede bat, independentismoan eztabaida sustatzea, eta badu testuinguru zehatz bat ere, uztailaren bukaeran Hernaniko Udalean Kontxita Beitiak aurkeztutako Euskal Errepublikaren aldeko mozioa onartu ez izana. Harira!

Prozesu heterokronikoa

Kultura judeokristauaren, musulmanaren eta platonismoaren ustez, denbora aurrera doa. Hasiera eta bukaera ditu. Bukaera paradisua izan daiteke ala behin betiko zigorra. Beste kultura askotan ez da horrela, etengabeko zikloak aipatzen dira eta. Zientziatik, ordea, denbora, berez, gizakiok asmatutako kontzeptua dela diote. Errealitatean, berriz, mota guztietako fenomenoak daude: prozesu linealak, zikloak, errepikapenak, mugarriak, berrikuntzak...; eta iraunkortasun bakarra: aldaketa.

Gure inguruan, politikagintza denboraren bilakaera linearen arabera egin ohi da. Marxek berak ere horrela ikusten zuen. Hori dela eta, oso ohikoa da «garapen», «abiadura», «norabidea», «faseak» entzutea.

Aldiz, bilakaera historikoa zein denboraren higidura ez dira inoiz linealak izan, beti konplexuak izan dira, eta beti errealitate anitzak gertatu dira etengabeko mugimenduan, sarritan kaotikoa.

Egun, bilakaera historikoa bizkortu da, eta ezaugarri kaotikoak zein ezusteak biderkatu dira. Gauzak horrela, edozein plangintza estrategikok porrot egingo du irudikatutako balizko fase hertsitan oinarritzen bada.

Eraldaketa sustatu nahi duen ekintza soziopolitiko, ekonomiko eta kulturalak (gure kasuan, Euskal Errepublikaren eraikuntza) begirada holistikoa eta malgua eduki behar du, eta balizko egoera zein ezuste gehienei erantzuteko gaitasuna eduki. Faseetan oinarritutako «garapena» baino gehiago, errealitate alternatiboa eraikitzen hasi behar du lehenengo unetik, prozesu asko eta ezberdinak garaikideak direla jakinik.

Horregatik, Euskal Herriaren askapen prozesuari jarraipena emango badiogu, trebezia eduki behar dugu, aldi berean aldebikotasuna eta aldebakartasuna kudeatzeko. Haustura-akordio dinamikak, alegia.

Akordioak, orain, premia duten arazo praktiko batzuk konpontzeko; hausturak, horiek ere orain, halakorik gabe ez baita sortuko inolako eraldaketarik, aitzitik, independentismoaren indar eraldatzailea neutralizatuko dute.

Borroka poliedrikoa

Atsegin handiz irakurtzen ari naiz Joxe Iriarteren (Bikila) azkeneko liburua. Bertan borroka poliedrikoen beharra aipatzen du.

Globalizazio kapitalistak arazo global berriak sortu ditu, eta justiziaren aldeko jarrera duen herritar ororentzat kezkak ere ugaldu dira. Mehatxu handiak eta askotarikoak dira, han eta hemen laguntzeko premia sentitzen dugu.

Mundua inoiz baino konektatuago dago, jendea mugitzen da, ideiek astebetean lurrari bira ematen diote, muturreko difusionismo kulturala dago. Hizkuntza eta kultura handiak zabaltzen dira; hizkuntza eta kultura minorizatuak murrizten dira. Kultur joera guztietan indartsuena: kontsumismo konpultsiboa, bazter guztietara iritsi dena, gizaki gehienon ohiturak errotik aldatzeraino.

Esan bezala, globalizazioak gehiago astindu gaitu herri txikiok, nabarmena da. Gure jendartea askoz konplexuagoa da duela hogei urte baino, eta aldaketa ziztu bizian gertatu da. Egoera berri honetan korronte politiko bakar batek nekez lor dezake hegemonia, baina borroka bakoitzari izaera zeharkatzailea ematen badiogu, eraldaketa bideragarria izan daiteke.

Belaunaldien arteko zubia sortzen duten borrokak izaten dira sendoenak. Hola izanda, ulergarria da langile klasearen aldeko borroka eta nazio zapalduen aldekoa izatea ezker eraldatzaile eta iraultzailearen euskarri indartsuenak. Orain belaunaldien artekoak ere badira, antifaxismoa, feminismoa, ekologismoa eta antibelizismoa, besteak beste.

Euskal Errepublikaren eraikitze prozesuan jardun poliedrikoak izan behar du ardatz. Azken finean, errepublika berri baten sorkuntzan bizitza sozialaren arlo guztiak arautu behar dira.

Bestalde, borrokak ezaugarri poliedrikoak dituen bezala, askapen prozesuak ere ezaugarri poliedrikoak ditu, norbanakoen, taldeen, herrien eta nazioaren prozesu askatzaileak biltzen dituelako.

Ekintzaile «kuantikoak»

Fisika kuantikoa ulertzea gutxi batzuen eskura dagoen jakinduria da. Esan gabe doa ni ez naizela talde horretakoa. Halere, badaude kontzeptu batzuk denok uler ditzakegunak. Ezagunena: ubikuotasun kuantikoa, hots, partikula bat une berean bi tokitan egon daiteke.

Ohartzen ez bagara ere, horrelako fenomeno kuantikoak gure egunerokotasunaren muina dira. Esaterako, gutako edonoren oreka biologikoa gure burmuinak kudeatzen dituen gertaera kuantikoen bidez lortzen da. Gure garunak automatismoen bidez kudeatzen ditu, milioika daturen koordinazioaren bidez, alegia.

Antzeko gaitasuna ere badugu modu kontzientean eta inkontzientean gure bizitza soziala, politikoa eta kulturala kudeatzeko. Nolabait gizakiok arlo horietan ere gaitasun kuantikoak ditugu, egoera, izaera, gertaera, jokabide ezberdinak batera kudeatzeko gai izaten baikara.

Ekintza politikoari dagokionez, mundu berriak behartuta, Euskal Herri berriak bultzatuta herritar aktibook militantzia kuantika horri heldu behar diogu. Arlo bakoitzean eta une bakoitzean egokituz, batzuetan azkeneko lerroan; besteetan aurretik tiraka; une orotan norbanako gisa eta une orotan talde gisa.

Euskal Errepublikaren eraikuntzan ez dago faserik, ez dago etaparik, eraikuntza has daiteke orain, hasi behar dugu orain, Euskal Herriko edozein txokotan euskal herritar bakoitzaren eskutik, kolektiboki antolatzen, autodiziplinaz, gogotsu jarduten, ekinez eginez, oraina eta geroa besarkatuz.

Independentziaren aldeko herritarren kopurua gutxitu dela diote, baina oraindik independentziaren alde gaudenok independentziaren aurka daudenak baino gehiago gara. Hortaz, joka dezagun argi, egin dezagun bizkor, jarrai dezagun tinko, irudikatzen duguna gorpuztu daitekeelako; izena duenak izana izango duelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.