Atzo, Itoitz; gaur, AHTa

2012ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Duela hilabete bat, Rosario Brinquis-ek Itoitz2012. Azterketa ekonomiko bat izeneko ikerketa aurkeztu zuen. Bertan Itoizko urtegia-Nafarroako ubidea binomioaren errealitate ekonomikoaren azterketa eguneratua egiten da, gastuak, gastuen berreskurapena eta eragindako aktibitate ekonomikoa aintzat hartuz. Emaitzak Itoizko ura baino argiagoak dira: gastu orokorra (urtegia, ubidearen lehen zatia eta ureztatutako barrutia) 1.750 milioi euro baino handiagokoa da. Gastuen berreskurapenak %27 ez du gainditzen. Ekoizpen gordina inbertsioaren %65 baino ez da. Ubidearen lehen zatiaren enplegu sorrera irrigarria da: 227 lanpostu urteko. Edateko uraren horniduraren aurreikuspenak puztuta zeuden: aurreikusitako urteko 60 Hm. kubotik bakar-bakarrik 2,75 kontsumitzen dira. Egilearen arabera, datu hauek argi eta garbi erakusten dute proiektu hau, sustatzaileen ahotan Nafarroako garapen ekonomiko zein sozialarentzat guztiz ezinbestekoa zena, ez dela errentagarria jendarterako.

Begi bistakoa da ikerketa honetan ez direla aintzat hartzen eurotan neur ezin daitezkeen beste datu batzuk: bi ibar zoragarriren suntsiketa; zazpi herriren desagerpena; hiru naturgune zein bi ZEPAren urperaketa; geure lurren zeharko km askotako orbain gaindiezina; euren etxeetatik erauzi eta indarrez mugiarazitako hamarnaka pertsonaren giza drama; isundu, atxilotu, zauritu eta presondegiratutako oposizioko kideak; lur jo dezakeen erraldoi baten azpian bizi beharraren estutasuna; uraren mafiak estortsio egindako nekazariak —«ureztatzea onartu edo desjabetuko zaitugu»— eta etorkizun ilun baten aurrean leporainohipotekatutakoak, familiako nekazaritza ustiakuntzen desagerpena nekazaritzako elikadura multinazionalen mesedetan, lurraren pozoiketa eta emankortasunaren galera ureztatzeari lotutako nekazaritza industrialarensustapenadela medio…

Egun, AHT abiadura handiko trenarekin, betiko erretolika: «aurrerabidea eta modernitatea ekartzeaz gain, enplegua sortuko du eta krisialditik aterako gaitu». Bakar-bakarrik, santero iruzurtien antzera, gure bizitza sexuala hobetuko duela esatea falta zaie.

AHTaz ari direnean, 3.200 milioi euroko inbertsioaz ari dira, eta plataforma logistikoak eginez gero, 4.000 milioira irits daiteke. Ez dute aintzat hartzen aurrekontuetako gorakada seguru baino seguruagoa, Itoizko kasuan hasierako aurreikuspena hirukoiztu egin zuena. Gainera, Nafarroak dirua aurreratzen duenez gero, eskatutako maileguaren interesak ordaindu beharko ditugu; 40-60 milioi, alegia. Lanpostuen sorreraz ere mintzo dira: batzuetan 4.000, besteetan 10.000, informazioaren zehaztasuna agerian utziz.

Eta orain, mezua aldatuz, merkantziak garraiatzeko balioko duela errepikatzen dute, guztiok jakin arren estatuan ez dagoela km bat bera ere merkantziak garraiatzeko gai denik. Eta makurrena dena, krisialditik aterako gaituela nabarmentzen dute, jakitun izanik, estatuan beren ustiaketan, linea guztiak defizitarioak direla —Madril-Bartzelona barne—, urteko 9 milioi bidaiariko gutxieneko mugara iristen ez direlako. Gezur bat bestearen atzetik... orain Yolanda Barcinak botatakoa bezalakoa: «Nafarroako korridoreak Bartzelonako portutik merkantziak ekarriko ditu eta, gainera, Europak finantzatuko du».

Hitz batez, AHTa, Itoitzbezala, bere eraikuntzaz gain bere ustiaketak iraun bitartean hondorik gabeko diru zuloa izanen da, gure bilobetaraino urteroko aurrekontuetan ordainduko duguna. Izan ere, bere garaian Pedro Arrojo Zaragozako Unibertsitateko Ekonomia katedradunak martxan jarri baino lehen Itoitz-Ubidea binomioak ekarriko lukeen porrot ekonomiko itzela aurreikusi bezala, Roberto Bermejo eta Alejo Etxart EHUko irakasleek egindako Nafarroako AHTren errentagarritasun soziala ikerketak pikutara bidaltzen duaipatu azpiegituraren ustezko errentagarritasun ekonomikoa.

Itoizko aferan bezala, AHTarekin ere errentagarritasun ikerketan aintzat hartzen ez diren ekonomikoak baino garrantzitsuagoak diren hainbat faktore kontuan hartu behar ditugu: naturari egindako kalte itzulezinak —ibilbidetik kanpo ere bai—, energia kontsumo itzela, lurralde desorekaren areagotzea, oposizioaren kriminalizazioa dakarren proiektuaren inposizioa...

Itoitz eta AHTaren artean ere, Nafarroan hainbat proiektu ezarri dira, zein baino zein galgarriagoa, eta bi handi horien aldean txikikeriak izan arren, aipatu beharrekoak dira:

Bideko autobia (516 milioi eta Deutsche Bank kontzesioaz aberasturik), Pirinioetako autobidea, eskiatzaileena ere deitua (370 milioi, eguneko 4.000 ibilgailu irrigarrirentzat), Urantziako zirkuitua (64 milioiko inbertsioa eta urteko hiru milioiko zuloa), Reino Arena (60 milioi eta bukatu gabea), Noaingo aireportuaren zabalkundea (estatuko diru publikotik 45 milioiko inbertsioa, 2007tik hona bere erabilpena erdira jaitsi delarik), Senda Viva (urteko hiru milioiko galera, Baluarte (77 milioi, urteko 2 milioiko galera duena), Arantzadiko baratzeen suntsiketa (9 milioi), Entzierroko museoa (lehen harria ezarri baino lehen proiektutan bi milioi baino gehiago xahutuak)....

Zerrenda hau motza egiten bazaigu, gehitu behar dugu Nafarroako Ubidearen ureztatzeak eta aipatutako bi autobideen itzalpeko saria ordaintzeko urteko 40 milioiko gastua; izan ere, azpiegitura horien kostuaren halako hiru ordaindu beharko dugu datozen urteetan.

Hau guztia estatura estrapolatuz gero, ikusiko dugu Espainiakoa dela eraikitako autobide eta autopista km gehien duen Europako estatua, kontinentean abiadura handiko km gehien duena eta, Txinaren ondoren, munduko bosgarren zementu kontsumitzailea, eta munduko 11 eraikuntza enpresa handienetatik zazpi dituena. Honi gehitu behar zaio kontinenteko langabezia tasa handienetako bat duen estatua dela, azpiegiturak eta enplegua ustezko erlazioa erabat gezurtatzeko.

Erabateko hondamendira eraman gaituzte, beste gauza batzuen artean azpiegitura lasterketa zoro honengatik, zein baino zein faraonikoago eta arrazoigabeago. Eta orain zulo ekonomikoa estali nahi dute geure eskubide zibilak murriztuz? Nahiago izanen dute osasungintza eta hezkuntza publikoak hondoratzea AHTa baztertu baino. Politikari ustel, eskrupulorik gabeko eraikuntza enpresa eta banketxeetako espekulatzaile: Aski da!

Zaila dugu. Ez dago tartarik horrenbesteko lotsagabekorentzat!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.