EH Bilduren Nafarroako diputatua Espainiako Kongresuan

Aurrekaria 1978ko sanferminetako inpunitatea amaitzeko

Bel Pozueta
2025eko uztailaren 4a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Datorren uztailaren 8an 47 urte beteko dira 1978ko sanferminetan German Rodriguez tiroz hil zutenetik. 47 urteotan oso presente egon da inpunitatea arlo judizialean, administratiboan eta instituzionalean. Espainiako Gobernu bakar batek ere ez duelako borondaterik izan 78ko sanferminetako gertaera tragikoak ikertu eta argitzeko, ezta biktimak aitortzeko ere. Saiakerak saiakera, lau hamarkada hauetan German Rodriguezen familiak ezinezkoa izan du egia osoa jakitea eta justizia egitea.

Hain justu horrexegatik, berebiziko garrantzia dauka joan den ekainaren 26an EH Bilduk bultzatuta Espainiako Kongresuan onartutako legez besteko proposamenak. Urrats garrantzitsua, aurrekaria, German Rodriguez biktima gisa aitortzeko eta 78ko sanferminetan poliziaren bortizkeriak eragindako ondorio larriak argitzen eta erreparatzen laguntzeko.

Besteak beste, Espainiako Gobernua osatzen duten indar politikoen konpromisoa lortu dugu 78ko sanferminetako biktimak instituzionalki aitortzeko, memoria elkarteekin batera oroimen ekitaldi ofizial bat bultzatzeko eta Nafarroako erakundeei gertakariekin lotutako informazio eta dokumentu oro helarazteko.

Prozedura judizialetan laguntzeko eta 1968ko Sekretu Ofizialen Legea erreformatzeko prest ere agertu dira gobernuko kideak EH Bildurekin lortutako akordioan, eta horrek 78ko sanferminekin lotutako agiriak desklasifikatzeko bidea irekiko luke. Horrez gain, 78ko sanferminetako eta 1976ko Martxoaren 3ko biktima elkarteen parte hartzea sustatuko dute giza eskubideen aurkako urraketak argitzeko batzordean, Memoria Demokratikoaren Legean proposatu eta adostu genuena martxan jarrita.

Egitasmo honen onarpena ez litzateke posible izango 78ko Sanferminak Gogoan bezalako memoria elkarteen borroka nekaezinik gabe. Eragile anitzek urteotan erakutsitako kemena ezinbestekoa izan da Estatuko erakundeek bidean jarri dituzten oztopoak saihesteko, injustizien aurkako borrokan amore ez emateko eta, finean, aurrerapauso hau erdiesteko.

2022an onartutako Memoria Demokratikoaren Legeari esker, gobernuak baditu erreminta nahikoak Gerra Zibilean, frankismoan, frankismoaren ostean eta Trantsizioan gertatutako giza eskubideen urraketen biktima izandako guztien egia, justizia eta erreparazioa bermatzeko. Horien artean daude German Rodriguez eta 78ko sanferminetako biktimak eta 1976ko Gasteizko Martxoaren 3ko sarraskian hil zituzten langileen senideak, denbora gehiegi daramatenak justizia egiteko zain.

Horregatik, presazkoa da Sekretu Ofizialen lege frankista behin betiko indargabetzea. Lege horrek giza eskubideen hamaika urraketa estali eta isilarazi baititu, eta, hala, inpunitatean sakondu. Beraz, gardentasunean oinarritutako esparru juridiko berri batek soilik eramango gaitu egia osoa jakitera eta dokumentu guztiak desklasifikatzera. Izan ere, bada garaia justizia egiten hasteko.

Espero dugu, 47 urteren ondoren, Kongresuan onartzea lortu dugun ekimena lagungarria izatea 1978ko sanferminen inguruan gailenarazi nahi izan duten zigorgabetasun, ahanztura eta ukazio mantua altxatzen hasteko. Eta ekarpen baliagarria egitea egia, justizia eta erreparazioa behingoz bermatzeko.

Bizikidetza elkarrekiko errespetutik eta memoria inklusibotik eraiki behar dela sinetsita gaude, eta EH Bilduren proposamena onartzeak mugarri bat jarri du euskal gizartearen gehiengo zabal batek inoiz baino ozenago aldarrikatzen duen demokratizazio sakonean.

Bada garaia, hortaz, 78ko erregimenarekiko loturak hausteko, ausartak izateko eta agenda demokratizatzaile sakon bat lehenbailehen martxan jartzeko. Zorrotzak eta exijenteak izango gara hala izan dadin. Erne egongo gara erakundeek norabide horretan pausoak ematen ditzaten. Biktimek ezin dute gehiago itxaron.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.