Administrazioko euskara teknikaria

Autogobernua zertarako?

2025eko maiatzaren 21a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Europako Batasuneko Ekonomia eta Gizarte Batzordeak Komisioa eta Biltzarra kritikatu ditu, argudio zientifiko barik otsoaren babesa jaisteagatik, eta gogorarazi die Europarentzat biodibertsitateari eustea eta otsoaren etorkizuna bermatzea lehentasunezkoa dela. Izan ere, biodibertsitatearekin harmonian bizitzeko ezintasuna mehatxu handia da guretzat, arriskuan ipintzen duena gure biziraupena ez ezik, baita bizimodu ona edukitzeko aukera ere. Horregatik, ezinbestekoa zaigu naturarekin bateragarria den gizarte- eta aurrerapen-eredu baterantz jotzea, biodibertsitatea eta natura askea (basatia) lagun. Eredu horretan, munduan bizi garen izaki guztiok tokia izan behar dugu, gure etxaldetzat jo barik, osterantzean, segitu dugu oztopatzen digun guztia suntsitzen, animalia, landarea nahiz gizakia izan.

Eta  naturak, osoa eta osasuntsua izango bada, otsoa eta beste harrapari goren batzuk beharko ditu (jaguarra, tigrea, hartza…), naturaren berezko erregulatzaileak direnez.

Ingurumena eta biodibertsitatea berreskuratzeko asmoak eskuineko eta eskuin muturreko alderdiak ditu arerio nagusi, gero eta oldarkorrago, Ursula von der Leyen aitzindari dutela. Eskumak begirada laburreko diruzaletasuna du akuilu, interes pribatuen lehentasuna eta klientelismo oportunista. PP, Junts, EAJ eta Vox bat datoz jarrera eta estrategia horiekin. Deigarriagoa da zentro eta ezker nazionalistaren (ERC, Bildu, Geroa Bai) konplizitatea, baina erakusten du abertzaleen munduan esparru sozio-ekonomiko eta ideologiko komunak daudela.

Horrela, Espainian autonomiak bihurtu dira ingurumena eta biodibertsitatea berreskuratzeko politiken aurkako gotorleku eta abangoardia; Nafarroa eta EAE ez dira salbuespena. Von der Leyenen bidetik Espainiako Diputatuen Kongresuak otsoaren babesa beheratu duenean, demagogiak nekez mozorrotu du otsoaren ehiza gogara egiteko asmoa: ez ei dute otsoaren ehiza mugagabea onartuko («vuelta al salvaje oeste», Joseba Andoni Agirretxeak, EAJ), edo, diotenez, nahi dute otsoaren babesa eta abeltzaintzarena elkarrekin joatea (Mikel Oterok, Bildu). Egia, berriz, hau da: abeltzaintza eta otsoa bateraezintzat dauzkate, lagun dituzten abeltzainek bezala, egitateek berez erakusten dutenez.

Iberia osoan ia desagertu ostean, 1988an EAEn berragertu zen. 2003-2008 aldian lau talde (16 banako) egon zitezkeen. Hala ere, diru publikoz ordaindutako txosten teknikoen arabera EAEn 9-10 otso-talde egon daitezkeen arren, EAEk ez du inoiz abiarazi otsoa berreskuratzeko planik. Aitzitik, foru-administrazioen jazarpenak, Eusko Jaurlaritzak onarturik, ehiza ezkutukoarekin batera, agintariek inoiz jazarri ez dutena, ekarri zuen 2012-2014 aldian EAEn otso talde bakarra geratzea, lau edo bost lagun, eta, gainera, Burgos eta Kantabriarekin partekaturik. Hala ere, 2015ean eta 2016an Bizkaiko Foru Aldundiak uxaldia baimendu zuen Euskal Herriko azken otso taldea hiltzeko. Ordutik, ale bakartiak baino ez dira agertu. 2019an eta 2020an, Arabako Foru Aldundiak geratzen ziren otso bakarrak, bat edo bi, ehizatzeko baimena eman zuen, baina ezin izan zuen sarraskia burutu, Eusko Jaurlaritzak, Espainiako legediak beharturik, otsoa Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan sartu behar izan zuelako. 

Gaur egun, lantzean behin otsoak agertzen dira EAEko eremu mugakideetatik, eta Burgosko otsoak bertokoak balira bezala zenbatzen dituzte erakundeek. Hori horrela egin ezean, otsoaren benetako demografiagatik, galzorian dagoen espezie izendatu behartuko lukete.

EAJk eta Bilduk babesten duten abeltzaintzak ez du ingurune naturalera egokitu nahi, otsoarekin, ez ditu behar diren neurriak hartu nahi, ez hainbeste kostuengatik, ezpada, ahalaz, bizimodu hiritarragoa nahiago dutelako, lan-ordutegi laburragoak eta finkoagoak, ganaduaren zaintzatik askeago. Baserria ere hiritartu da. 

Abeltzaintza mota hori babestean, gure erakundeek, biodibertsitatearekiko konpromisorik ezaz, kalte handia egiten diote naturari, Euskal Herria ezinbestekoa delako otso iberiarra Europako otsoekin lotzeko, hil ala biziko baldintza, bizirik iraungo badu, bere txirotasun genetikoa mehatxu itzela da eta. Eusko Jaurlaritzak eta foru gobernuek lotura hori eragozten dutela, gure autogobernua, Espainiako gainerakoekin batera, itxurak itxura, oso negatiboa da biodibertsitatearentzat.

Gure autogobernuak otsoa akabatu nahi du, Euskal Herrian finkatzea eragotzi. Euskal Herrian eraiki nahi duten gizarte-ereduaz, Von der Leyenenak bezala, natura lorategien eta parke publikoen eredura eraman nahi dute, nahiago baitute belardien, landen irudi bukolikoa, abereak larrean baino, merenderoak, basa bizitza baino, mozorro folklorikoz ederturik.

Orainak eta geroak beste abeltzaintza-mota bat behar dute, beste balio, jokabide eta lehentasun batzuk, begirada estrategiko doituagoa duen eredu berria, ulertuko duena otsoa behar dela natura osasuntsua izan dadin, eta onuragarria dela etorkizunera begiratzen dakien abeltzaintzarentzat. Gure gobernuek, ordea, ingurune naturalarekiko bizikidetza bilatu beharrean, biodibertsitatearen aurkako interes pribatuak babesten badituzte, bere zibilizazio-ereduan urbanizazio mugagabea ederretsi eta lehenesten badute, politika sasi-berdez makillatuta, orduan galdetu behar da, autogobernua horretarako?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.