Bor-Bor Hausnarketa Kolektiborako Plaza kolektiboko kidea

Baina orduan, zeinek erre zuen Irun?

Iker Eizagirre Zufiaurre
2025eko urriaren 14a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irunen jaioa naiz, eta memoria dudanetik entzun dudan «egia ofiziala» da honako hau: errepublikaren aldekoek —anarkistek, zehazki— Iruni su eman zioten 1936ko irailaren 4an. Irundar errepublikazaleek hilabete luzez eutsi zioten Nafarroatik zetorren ofentsibari, baina San Martzialeko bataila erabakigarria galduta, ihes egin behar izan zuten, Hendaiara. Erbestera jo baino lehen, milizianoek hirari su eman zioten, egundoko hondamendia sortuz.

Irundarron kontzientzia kolektiboan finkaturiko ideia ez ezik, historialariek berretsitako bertsioa da hori. Adibide esanguratsua dugu Historia de Irun (2014) liburuan. Lourdes Odriozolak eta Sagrario Arrizabalagak idatzia da testua. Azken hori Irungo Artxibategiko arduraduna da; ez alferrik, publikazioak udalaren publizitatea izan zuen eta. Hala idatzi zuten bertan: «Itxura guztien arabera, errepublikanoen kausaren aldekoek eragin zuten [sutea], lur errearen politika sistematikoki aplikatuz: erabilitako prozedura nagusia eskailera-kaxen oinean tresnak pilatzea, gasolinaz bustitzea eta su ematea zen». Labur: «Anarkistek sarraskitu zuten belle epoque-ko Irun». 89 urtez iraun duen diskurtso horrekin, kolpista eskuindarrak zuritu dira, eta defendatzaile ezkertiarrak zamatu. Baina... eta dena propaganda hutsa balitz?

Berriki, 89 urte bete dira frankistek Irungo erresistentzia apurtu eta hiriak sute hondagarria nozitu zuenetik. Irungo memoria elkarteei esker —Kepa Ordoki, besteak beste—, gertakarien gainean aritzeko jardunaldiak ospatu dira.

Azken saioan, Xabier Irujo historialaria mintzatu zitzaigun, argi eta zuzen: Irungo erreketa ez zuten errepublikazaleek burutu, matxinatu eskuindarrek baizik. Setioak iraun zuen hilabetean, faxistek 33 aldiz bonbardatu zuten Irun, zortziehun bonba erabili zituzten horretarako, eta denera berrogei tona lehergailu jaurti zituzten «gutxienez», Irujok ez baitu egiaztaturik ez duen daturik ematen. Italiako hegazkinak erabili ziren, baita suzko bonbak ere, eta erasoak indiskriminatuak izan ziren: populazio zibilaren kontra, baita hiriaren kontra ere. Irailaren 2an, adibidez, egun bakarrean, eskuindarrek 7.000 kilo bonba jaurti zituzten gure hiriaren kontra.

Nola daki Irujok hori dena? Dokumentazio askoren artean, bada bat erabakigarria: zerbitzu sekretu ingelesak, MI-6ak, abuztuan italiarren komunikazioak zulatzea lortu zuen, eta, horri esker, bonbardaketen erregistroak ditu historialariak. Bestalde, eta kolpisten propaganda alboratuz, garai hartako prentsa argigarria da: «Irun sute erraldoia da», zioen Frantziako Estatuko berripaper batek, bataila indarrean zela oraindik.

Hitzaldiaren denbora agortzen ari zela-edo, udaleko Memoria arduradunak, EAJko Gorka Alvarezek, dinamizatzaile lanak egin zituen... «Amaitu behar dugu, eta badu inork beste galderarik?». Erraiak bero-bero nituen nik: «Izango ez dugu ba! Txikitatik kontatu zaigun mito perbertso bat desmuntatu du oraintxe!». Aretoa nola, ni ere isilik geratu nintzen, baina apunteak golkoan, errebelazioaren berri emateko gertu abiatu nintzen etxerantz.

Irungo erretzea mugarria da irundarron memoria historikoan. Eta errebelazioaren ostean, gai honekiko erakundeek —eta bereziki PSE-EEk, zeinak udala gobernatzen baitu 1983. urtetik, etenik gabe— izan duten jarrerak asaldatu egin nau. Utzikeriaren eta mespretxuaren arteko erdibide batean ulertu dut. Irunen sarraskia eskuindarrei egozten dioten frogak ezagutu ondotik, ezin dut beste ondoriorik atera, eta uste dut memoriarekiko jarrera hori biziki larria dela. Hasteko, bertsio ofiziala faxistek ezarritako gezurra delako.

Gainera, Irun modu heroikoan defendatu zuten pertsonei mespretxua egiten jarraitzea delako: eskertza omenaldia eskaini beharrean, Irun erre izanaren kulpa ezarri zaie. Bide batez, egiazko sarraskigileen erruak zuritu dira, baita horien ondorengoenak ere, eta herriko-seme askoren arrakasta sozial eta ekonomikoaren jatorri konfesaezinak estali dira; 1939ko konfiskazioak, kasurako.

Bestalde, tontotzat hartu gaituzte, itxuraz: irundarrok errepikatzen dugun kontakizuna, prentsa frankistaren propagandaren asmakeria da. Garaileen gerla propaganda errepikatu dugu gaur arte.

Memoria historikoa ez da iraganaren gaineko debatea, gure kontzientzia kolektibo garaikidea baldintzatzen duen interpretazioa baizik. Memoria oraina da, hortik etorkizuna proiektatzen baitugu. Horrela, errepublikazaleen kontrako mito iluna, ezkerraren kontrako arma gisa erabili izan da Irunen, ezkerra kaosarekin eta sarraskiarekin lotuz.

Honen guztiaren aurrean, beldur naiz Irungo PSE-EEk ez ote duen kontu hau problematiko moduan ikusten, edo bere kontra joan daitekeen zerbait bezala. Bestela, honezkero zerbait egina zuketen. Ez dut ulertzen zergatik, alderdi sozialistak paper oso garrantzitsua izan baitzuen errepublikaren aldeko defentsan. Hortxe dute Florencio Iratxetaren figura, frankistek hildako sozialista peto-petoa. Baina bai, egia da, gauzak asko aldatu dira, kamarada.

Edonola ere, irundar guztion onerako, eta gure hiriaren ondarearen mesedetan, bada garaia Irungo sozialistek eduki ditzaketen konplexuak inarrosi ditzaten: faxismoari aurre egin zioten irundar guztiei errespetuz, haien ondorengoen aitortzaz eta hiri honek gauzatu zuen defentsa heroikoa berreskuratzeko garaia da. Gure hiriari ez ezik, Euskal Herriko memoria historikoaren eraikuntza bidezko bati ekarpena egingo lioke horrek.

Irungo erreketaren gaineko froga garbiak ditugun honetan, udalak ezin du utzikeriaz jardun.

Zabaltza plazan Irunen defentsan eroritako milizia-kide eta gudariei ganorazko eskultura bat eskaintzen zaienean, haien familien presentzian, eta haien borreroak izandakoen kontra, orduan hasiko gara hiri honetako asko irundar izateaz harro sentitzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.