Gure Haurrak Ere Badira-ko kidea

Bake akordio faltsua: su-etena, menpekotasuna eta neokolonialismoa Gazan

Markel Elortza
2025eko urriaren 14a
13:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gazako populazioa su-etena ospatzen ikusi dugu hainbat bideotan sare sozialetan. Baina zer ospatzen ari dira gazatarrak? Arnasa hartzeko aukera, bi urteko genozidio bortitzaren ondoren; haiek ondo dakite, ordea, egoera behin-behinekoa dela, eta ez dela benetako bakea. Xehetasun asko falta dira oraindik zehazteko, eta akordioaren hainbat alderdi airean daude. Hala ere, dirudienez, Israelek Gazatik erretiratze progresiboa hasi du, eraso-operazioak eten ondoren (nahiz eta zibilen aurkako erasoak egiten jarraitu duen). Hainbat adituren arabera, ordea, Gazatik tropak kentzeak Zisjordaniarenganako presioa handitzea eta kolonizazioa areagotzea ekar dezake.

Akordioa Kairon negoziatu da, Qatarren bitartekaritzapean. Ez da oraindik hitzarmen osoa, baizik eta etapaka banatuko den prozesu baten lehen fasea. Behin betiko su-etena hurrengo faseetan negoziatuko da, baina ikusi beharko zein izango diren bi aldeen eskakizunak. Palestinarrek, hala ere, badakite akordioa edozein unetan hautsi daitekeela, urtarrilean gertatu zen bezala.

Hamas-ek bahitutako preso israeldar guztiak askatu ditu, eta trukean Israelek 1.968 preso palestinar askatu ditu. Hala ere, tentsio puntu nagusia Hamasen desarmatzearen auzia izango da. Israelek eta AEBek erakundea berehala armak entregatzera behartzeko presionatuko dute, eta gainera, AEBek kontrolatutako nazioarteko indar militar bat sartzea proposatuko dute Gazan. Hamasek, berriz, argi utzi du Palestina estatu subirano gisa aitortu arte ez dituela armak utziko. Desadostasun horrek bigarren fasea blokeatu eta gerra berriro piztu dezake. Eta, gainera, ikusi beharko da zein motatako estatu palestinarra proposatzen den: seguruenik palestinarren nahiak aintzat hartuko ez lituzkeen bat.

Trumpen plan hau bakearen aldeko ekimen gisa aurkezten bada ere, inposizio hutsa da. Palestinarrek ez dute parte hartu testua idazteko prozesuan; akordioa Washingtonen eta Tel Aviven diseinatua izan da, eta mehatxu esplizitu baten bidez ezartzen da: ez bada onartzen, Israelek genozidioa amaitu arte jarraituko du, palestinarrak guztiz desagerrarazi arte. Funtsean, ultimatum politiko eta militar bat da.

Trumpek irail amaieran aurkeztutako planaren zutabeetako bat aipatutako Hamasen desarmea da, Gazako Zerrenda «deserradikalizatzeko» helburuarekin. Horrez gain, Gazaren administrazioa teknokrata palestinarrez osatutako behin-behineko gobernu baten esku utziko litzateke, eta gobernu hori Trump buru duen «Bake Kontseilu» berri batek gainbegiratuko luke. Beste modu batean esanda: kanpotik kontrolatutako gobernu txotxongiloa, zilegitasun demokratikorik gabea eta AEBen zein Israelen interesen menpekoa.

Planak, halaber, Gazaren desmilitarizazio osoa eskatzen du, hau da, okupatutako populazio bat guztiz babesgabe uztea planetako estaturik militarizatuenaren aurrean. Hamasek 2006an hauteskunde bidez irabazi zuen eta, gustatu edo ez, oraindik ere benetako botere politikoa duen aktore nagusia da Zerrendan. Indarrez desegiteak herriaren borondatea baliogabetzea eta kanpotik ezarritako agintaritza mendekoa ezartzea ekarriko luke.

Beste puntu garrantzitsu bat berreraikuntza ekonomikoaren promesa da. Hau AEBen interesak defendatuko dituen politika neoliberal eta neokoloniala besterik ez da. Palestinarrek ez lukete soilik subiranotasun politikoa galduko, baita subiranotasun ekonomikoa ere.

Palestina aske baterako bidea ere ilusio hutsa da. Hau gauzatu ahal izateko, lehenik AEBek mila baldintza jarriko ditu mahai gainean, eta hauek onartu ezean ez da gauzatuko. Historia errepikatzen da berriz ere: estatu palestinarraren promesa beti urruneko amets bihurtzen da. Gainera, ezin dugu ahaztu Israelek 1967an okupatutako lurraldeen inguruan hitz egin nahi ere ez duela. Palestinarrei etorkizunean erabakitzeko eskubidea bermatzen bazaie, Gazako Zerrendara eta Zisjordaniaren zati batera mugatua izango da, eta ez Palestina historiko osora. Oslon gertatu zen moduan, akordio hauek onartzea AEBen eta Israelen tranpan erortzea litzateke.

Horrekin lotuta, azpimarratzekoa da Trumpek aurkeztutako planak Zisjordaniaren inguruan ezer aipatzen ez duela, Israelek, bitartean, kolonizazio-prozesua areagotzen duen bitartean.

Eta non geratzen da Nazio Batuen Erakundearen 194. Ebazpena? Sei milioi palestinar errefuxiatuak beste behin ahaztuak izan dira eta euren etxeetara itzultzeko eskubidea ukatu egin zaie berriz ere.

Orduan, nork irabaziko du «bake» honekin? Lehenik eta behin, Israelek: kolonizazioarekin jarraitzeko aukera izango luke, eta palestinarren erresistentzia desegingo luke. Bigarrenik, AEBek: lurraldearen kontrol politiko eta ekonomikoa bereganatuko lukete. Eta azkenik, inguruko herrialde arabiarrek: bakearen itxurazko ekarpen baten bidez, beren herritarren Palestinaren aldeko mugimendu soziala baretu eta euren gobernuak zurituko lituzkete. Palestinarentzat, berriz, emaitza bera da: subiranotasunaren galera, menpekotasuna eta hautsi daitekeen su-etena. Bakea ezin da goitik inposatu, ezta xantaiaren bidez sortu ere.

Bake faltsu honen aurrean ezin diogu mobilizatzeari utzi! Ezin da herrien arteko elkartasuna alde batera utzi eta Israelgo estatu sionistaren aurka tinko jarraitzea ezinbestekoa da.

Urriaren 15ean denok grebara! Urriaren 25ean denok Bilbora!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.