Gipuzkoako Basozainen Elkarte Profesionaleko kideak

Baso suteak itzaltzeko zerbitzua, erreta

Antxon Gomez Lorente eta Xabier Rubio Pilarte
2025eko urriaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Batzar Nagusietan aho batez onartu zen Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzea Gipuzkoan basoetako suteak prebenitzeko, zaintzeko eta itzaltzeko urteko plana idatzi eta onar dezala. Deigarria da, Gipuzkoa izatea orain arte basoko suteen prebentzio planik izan ez duten lurralde bakarrenetako bat, nahiz eta legez aspalditik derrigortuta egon.

Duela gutxi, Gipuzkoako Foru Aldundiko Langileen Batzordeak salatu du basoko suteak itzaltzeko Aldundiaren antolaketa zeharo zaharkituta gelditu dela, eta kezka handiz esan liteke erreta dagoela. 90eko hamarkadan bultzatutako zerbitzuak bere onenak eman ditu. Berritu ezean eta baliabide pertsonalak zein materialak jarri ezean, suhiltzaileekin koordinazioa hobetu ezean eta bizi dugun larrialdi klimatikoa aintzat hartuta, natur ondarea eta beharbada zerbait gehiago galtzeko arrisku bizian gaude.

Esan gabe doa eskertzekoa dela urte hauetan guztietan suteak itzaltzeko lanean aritu diren boluntario guztien rola eta gaur egun ere ditugun erretenetan (gure mendiko suhiltzaile boluntarioak, talde txikietan antolatuak) zein uraskekin erne eta itzaltze lanetan dena emateko prest daudenena. Gure esker ona haiei guztiei eta hemendik aurrera basozainok haiekin elkarlanean aritzen jarraitu ahal izatea espero dugu. Diputazioak, ordea, pilak jarri beharko ditu, eta inbertsio handiak egin, egungo egoerari aurre egin nahi badio.

Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak azken hamarkadetan ia ez du dirurik gastatu basoko suteak itzaltzeko baliabideetan eta, esan bezala, 2025ean XX. mendeko antolaketa ereduak ez du balio. Orain arteko baliabide materiala zaharkituta dago, eta eskasa da. Uraskek, esaterako, mendiko lanetan ibiltzen diren enpresetako kamioietan igotzen diren zisterna ponpadunek (Gipuzkoan 5) 30 urte baino gehiago dituzte. Baina horri gehitu behar zaio orain arteko lanabes eta bestelako medioen falta, irratiena kasurako, eta babes ekipoak berrituz eta eguneratuz joateko beharra.

Bestalde, denok ulertzen dugu basoko suteak itzaltzeko jendea behar dela, baina formazioa duena eta prestatuta dagoena, ahalik eta seguruen jarduteko eta suteen itzaltzea modu antolatu nahiz koordinatuan eramateko. Horrek eskatzen ditu etengabeko formakuntza eta ikasitakoa zein zerbitzuen arteko koordinazioa trebatzeko praktikaldiak; egun ez daudenak. Ez ahaztu basoko suteetan basozainak, baso suhiltzaileak, hiri suhiltzaileak, teknikariak, aireontziak, poliziak, anbulantziak, babes zibila eta larrialdi horretarako beharrezkoa izan litekeen beste edozein medio ere elkarlanean aritu behar direla.

Baliabide pertsonalei dagokienez, urteak daramatzagu Gipuzkoan oso basozain gutxi gaudela salatzen. 48 urte osorako eta lurralde osorako! Eta gure esku dago neurri batean basoko suteen prebentzioa, detekzioa, itzaltzea eta ondorengo arrazoien ikerketa. Gehienetan geuk eramaten dugu itzaltze lanen zuzendaritza, eta erretenen lanen antolaketa guri dagokigu. Orain arte 60 baso suhiltzaile boluntario inguru izan ditugu hamar lantalde edo erretenetan. Esan bezala, ez dira profesionalak eta bakoitzak bere lana dauka. Hortaz, ez daude denak beti libre eta, maiz, lanaldia amaitutakoan joaten dira suteak itzaltzera. Edo alderantziz; sutean hainbat ordu igaro ondoren lanera joan behar dute. Hori ez da zilegia.

Hiri suhiltzaileak dituzten gabeziak salatzen ari dira, eta hemendik gure elkartasuna adierazi nahi diegu. Edozein kasutan, Gipuzkoako Aldundiko suhiltzaileei dagokienez, 90eko hamarkadaz geroztik langileek bultzada eman diote asko borroka eginez, nahiz oraindik nahikoa ez izan. Hastapenetan, egoera oso prekarioan egonik, lantaldea etengabe hazi da, eta materiala berritu da, basoko suteak itzaltzeko zerbitzuan gertatu ez den bezala. Gurean denbora lausoan harrapatuta gelditu gara, funtsak izaera publikoz mozorrotuta dauden baina interes pribatuak dituzten enpresetara desbideratu diren bitartean.

Gizarteak funtzionarioz osaturiko kalitatezko zerbitzu publikoa merezi du, eta etorkizunak, berriz, oinarrizko basoko langile profesionalak, baso suhiltzaileak, hiri suhiltzaileak eta horiei guztiei lagunduko dieten ondo prestatutako erretenak eskatzen ditu. Langile horiek urte osoan prebentzioan lanean aritu beharko lukete, formakuntza egokiarekin, praktikak eta zaintzak egin beharko lituzkete, eta berehalako erantzuna eman beharko lukete. Orain Aldundiari dagokio Batzar Nagusien aginduak betetzea; aurrekontuetan ikusiko da Foru Gobernuaren konpromisoa zenbatekoa den.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.