Batera EHtik diasporara eta diasporatik EHra, Aberri Eguna

Julieta Gaztañaga, Carlos Etchepare
2022ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Aurreko urteetan, EH Batera-ren ekimenak kantuan egiteko ohituraren adierazkortasun ikusgarria dinamizatzeko balio izan zuen, eta komunitatearen partaideak afektiboki batzeko ere bai. Bizitza duina eta oinarrizko eskubideak bermatzeko, berdintasuna, zaintza eta elkarrekiko errespetua sustatzen dituena, desegiten ari dela dirudien mundu batean herri borondate jasangarri bat adierazten duena.

2020an Aberri Egunaren garai berezi bat hasi zen, pandemia betean komunitate ireki eta eskuzabalaren keinu bat posible zela agerian utziz. Etxeko konfinamendua eta osasun larritasuna gorabehera, balkoiek besarkada kolektiboa emateko balio izan zuten. Batera hitzaren kontzeptua mugimendua da, norantza batean joatea. Ideia apal baina ahaltsua da, ibiltzean bidea egiten dela jakitun.

Aberri Eguna, nazio bateko kide izatearen eta komunitate bateko hautazko kidetasuna ehuntzen dugun moduen muina da. Horrela ikusten dugu diasporatik. Komunitate hori ez da fosil juridiko bat, ez definizio arauemaile bat, ezta gure aitona-amonen argazki-kutxa bat ere: bizi-esperientzia bat da, egungoa, aurrez ezarritako lurralde eta administrazio mugak gainditzen dituena, eta irudimenaren geopolitika saturatzen du. Pertsona anitzak, zailak, biltzeko zailduak eta, hala ere, keinu iragankor baina transzendentalean mankomunatuak, zerbait handiagoaren zati bezala berrezagutzeko: Euskal Herria.

2021ean, atxikimenduak batu genituen, sinbolo biziak irudimen komun baten sargaiak izan ziren. Nahi dugun Euskal Herrira gero eta gehiago hurbiltzea ahalbidetuko duten ekintzak sustatzeko konpromisoa hartu genuen, zortzigarren probintzia erraldoia barne, diaspora, instituzionalizatua zein sakabanatua eta deskonektatua, euskal etxeetakoa edota arrazoi ezberdinengatik haien parte ez dena. Diaspora heterogeneo honekin harremanak sakontzeko lana titanikoa izan da, eta artisau-lana.

Ehunka erantzun jaso zituen inkesta bat izan zen zeregin bateratzailea sakontzera bultzatu gintuen lehen urratsa. Aberri Eguneko komunitatea sinbolizatu eta gauzatzeko proposamen asko eta asko etorri ziren mundu osotik, integratzeko borondatearen eta helburu komun baten bidez. Beste kolektibo batzuen goraintziak, elkartasuna, emozioak eta gizatasun eta bake keinu amaigabeak.

2022ak orainari begiratzera garamatza, eta herrialde baten etorkizuna diseinatzeak sentsibilitate eta ekintza-estilo desberdinak eskatzen dituela ohartzera. Aberri Egunak, egun batez, bederen, behin-behineko zoriontasuna ohoratu dezake euskaldun sentitzea hautatu duten eta herri osasuntsu, solidario, apal eta dardarti baten urrats komunak eta kolektiboak indartu nahi dituzten milioika pertsonak utzitako ondarea ospatuz. Aberri Egunak memoriaz hornitu behar gaitu etorkizuna besarkatzeko. Antzinako mugimenduen aztarnei begiratzen die, baina ez nostalgiaz tindatzeko, ikuspuntu itxaropentsu batean baizik. Berezia izango da guretzat Batera-ren ekitaldia, Aberri Egunaren bezperan, Urruñan, Antton Abadiak 1851n bultzatutako lehen Lore Jokoak ospatu ziren toki berean. Euskal berpizkunde kulturala ekarri zuten Lore Jokoek. Hizkuntzak eta kulturak komunitatearen indartze integratzailean egindako ekarpenaren balioa aitortzeko ekitaldia izango da.

Komunitatea batzeko eta etorkizuneko erronkak elkarrekin irudikatzeko aukera dugu. 2020 eta 2021eko Aberri Egun bereziek erakutsi digute hori egingarria dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.