Militante feminista

Beldurraren pedagogia

Naia Torrealdai Mandaluniz
2026ko irailaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azkenaldian behin eta berriro irakurri dut faxismoak eta eskuin muturrak arazo korapilatsuei irtenbide sinpleak eskaintzen dizkietela. Baina ez dira sinpleak, eta ez dira irtenbideak: narratiba partzialak dira. Iraultza gabeko iraultzaren promesa. Herriaren ezinegonez jabetzen da eskuin muturra, ezinegon horiek neutralizatu eta berrantolatzeko. Eta badaki zerbait: errazagoa zaiola askori pertsona bat gorrotatzea —gorputz horri egotzi zaion ideia gorrotatzea— egitura bati aurre egitea baino. Hortaz, boterearen statu quo-a kontsentsuz eutsi ezin denean, hertsadurak hartzen du lekua. Eta bestea irudikatzen duen hori gorputz arrazializatua, feminizatua, disidentea, desobedientea konkistatzeko, arautzeko edo kanporatzeko objektu bihurtzen da.

Baina eskuin muturrak ez du ezinegona asmatzen. Etxebizitza eskuraezina da, enplegua gero eta prekarioagoa, zerbitzu publikoak higatzen ari dira; jende askok sentitzen du, zilegitasun osoz, bere bizitzaz erabakitzeko gaitasuna galdu duela, ezin duela aurrera eraman hainbeste aldiz saldu zaion bizi proiektua. Kontakizun horiek ez dira ezerezetik jaio: errealitate material bati begira eraikitzen dira. Horregatik ez da aski gezurretan ari direla esatea.

Badago oasiaren burbuila apurtu nahi ez duenik: irtenbide eroso bat. Nikole Ziarrustak EAJren jarrera taktiko baina suizidaz idatzi zuen: boterea apurka galtzen ari direnak faxismoa banalizatzen, hitz higatu bat besterik ez dela esanez. Konturatu gabe, sarri, oldarraldi atzerakoiari eta gorroto diskurtsoei langa jarri ezean, antolakuntza faxista datorrela atzetik. Eta eztabaidaren ezbaian ari diren bitartean, diagnostiko gailen baina ohiko proposamen konformistak egiten, norbaitek egun-argiz tiro egin dio pertsona migratu bati, kalean bizi direnen kanpinak erretzeko antolatzen dabiltza, eta gure herri eta auzoetan pintaketa xenofobo, espainolista, matxista eta arrazistak ugaritzen doaz.

Irudikatutako etorkizuna hausten denean, denbora soziala luzatu egiten da: egunero gauza asko gertatzen dira, baina dena geldi dagoela dirudi. Eta pausa horrek badu berezitasun bat: etorkizunik ez badago, sortu egin behar da. Baina ez dago erabat geldirik, norbait lanean ari delako bertan. Zentzu komuna fabrikatzen, etsaiak fabrikatzen, etorkizun posibleak fabrikatzen: nork merezi duen babesa, nork hitz egin dezakeen, nori entzuten zaion eta nor den ezabagarri. Bakardadeak laguntzen dio lan horri. Loturarik gabeko gizarte bat, atomoz osatua, iragazkorra da ideologia irmo batekiko, ustez beharrezkoa duen zergatia eskaintzen dielako. Bakardadearen pisuari esker, askok onartzen dute eskaintzen zaiena.

Ezkerra ezin da mugatu probokazio bakoitzari erantzutera. Egia narratiba on batekin berez gailenduko dela sinestea itxarongelan esertzeko modu frustragarri bat da

Ziurgabetasuna zaigu garaikide: badakigu zer dagoen oker, baina ez dakigu zer datorren, ezta nola datorren ere. Eta huts horretan, eskuin muturrak etorkizuna eskaintzen du. Eskuin zaharrak mundua kudeatzen zuen; berriak birkonkistatu nahi du. Haren helburua ez da interes kapitalista soilik: galdutako aginte baten berrezarpena da. Etorkizun garbi bat eskaintzen du, ordenatua, hierarkizatua, jabeen eskuetan: baina etorkizuna, azken batean. Halaber, Garcia Linerak ohartarazi bezala, etorkizunaren bandera eskuinaren eskuetan geratzen bada, botere bihurtzen da. Politika ez baita ideietan bakarrik jokatzen: itxaropen kolektiboen gestioan baizik, eta amets eta nahi horiek kudeatzen dituenak aginduko du. Guk analisiaren esku utzi dugu maiz; eskuinak beldurrari forma eta etorkizuna eman dizkio. Eta, Anariren hitzetan, beldurra gose denean, libre dabilenean, edozer jaten du: ametsak, gorputzak, begiak, gezurrak edo egiak.

Bien bitartean, bakar batzuek erabakitzen dute zein den arazoa. EAJk eta PSEk segurtasunari buruzko osoko bilkura monografikoa iragarri dute hilabete honetan Eusko Legebiltzarrean, auzo batzuetako delinkuentziak kezkatuta, antza. Esango nuke batzuentzat migrazioa krisi humanitario bat baino segurtasun arazo bat dela. Ez zaie hain larria iruditu, ordea, taser baten erabilerak eta osteko kudeaketa polizialaren ostean gazte bat hil izana. Arreta jartzen den lekura joaten dira begiradak. Faxismoa hauspotzen duen narratiba arrazista gutxiago eta esku hartze publiko gehiago behar dugu.

Izan ere, ez da nahikoa manipulatzen ari direla esatea: diskurtso osoa da indargabetu behar dena. Ezkerra ezin da mugatu probokazio bakoitzari erantzutera. Ez da aski arrazoia izatea. Egia narratiba on batekin berez gailenduko dela sinestea itxarongelan esertzeko modu frustragarri bat da. Estrategiak ez dira ondorengotzan jasotzen. Eraiki egiten dira, denbora historikoetan lur hartuz. Markoak eta analisiak parteka ditzakegu, baina egiaz partekatu beharrekoak proposamenak eta beharrak dira. Jendearengana heltzeko gaitasuna duten lekuak disputatu behar ditugu, eta leku horiek proposamen partekatuz bete. Eta heldu diodanean, borroka ideologikoaz harago mintzo naiz. Jendarteak bere errealitatea beste era batera senti eta ulertu dezan, errealitate material jakin batzuei erantzun behar zaie —ez kontsignaz, gorputzez baizik—. Beldurraren pedagogiak gorrotoa hazten du; enpatiaren pedagogiak, elkartasuna. Eta horretarako, jendeak etorkizun bizigarri baten esperantza gorpuztu behar du.

Angela Davisek dio itxaropena diziplina bat dela. Ez berehalako promesa bat: gorputza non jarri erabakitzeko irizpide bat baizik, mundu zaharrak azken hatsa ematen duen bitartean eta sortzear dagoenak, nekez, bere izena esaten ikasten duen artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA