Asier Azpilikueta.

Beroketa lanak foru bozen lasterketan

2018ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Kontzentraturik arras, giharrak tentsioan, bekokia zimurturik, adi-adi, irteera marraren gainean dugu Javier Esparza UPNko lehendakarigaia, «2019ko hauteskundeak» dioen ez hain urrutiko helmuga kartelari so. Egiaren aitortzeko, 2015eko maiatzetik dugu Esparza lasterketan ateratzeko prest, Nafarroa Garaiko botere instituzional gehiena galdu zuenetik.

Bertze kontu bat da zenbakiek Esparza garaipenera eramanen ote duten. Baina hori ez dago jakiterik. Nafarroako alderdi politikoen errealitatea hain da gaseosoa. Areago egunotan, Podemos-Ahal Dugu alderdia bitan zatitzear dagoelarik. Nafarroan, alderdi politikoak edo gizarte mugimenduak bitan zatitzeko ohitura handia baitugu, badakizue.

Eta noski, Ahal Dugu kraskatzear dago egunkarietako albisteei kasu eginez gero. Eduardo Santos idazkari nagusiak saldu nahi digun ikuspegiaren arabera dena primeran baitabil. Duela astebete Euskalerria Irratian egin zioten elkarrizketan polemika sortu eta orain arteko bakarrean, Santosek hamaika aldiz aditzera eman zuen Laura Perezen aurkako auzia ez zela «ideologikoa» eta, beraz, hainbat gairen inguruan izaniko jarrera ezberdinek Kataluniako prozesuaren ingurukoak, adibidez ez dutela eragin afera honetan. Halako hitzak sinetsiko genituzke, baldin eta gero gaineratu ez balu alderdi «osoa» duela bere atzean. «Podemos-Ahal Dugu ez dago zatituta, batzuek dioten bezala. Alderdi osoa ari da lanean, ilusioz. (...) Hemen daukaguna da problema bat. Baina problema hori mugatuta dago, parlamentuan eta Lauraren izenarekin».

Santosen adierazpen haluzinagarri haien ondotik, Laura Perez eta bere jarraitzaileek talde parlamentarioaren kontrola hartu dute eta kinka larrian jarri dute Nafarroako Ahal Duguren geroa bezala baita aldaketarena ere. Dena dela, eta batere itxura onik ez duela onartuta ere, demagun alderdi morekoak den-dena konpontzeko gai direla eta Ahal Dugu sasoiko ailegatzen dela 2019ko hitzordura. Bada, kasu horretan, PSNk gobernukide nahi luke, Izquierda-Ezkerrarekin batera. Horixe ondoriozta baitezakegu Maria Txibite PSNko idazkari nagusiaren jarreretatik.

Txibitek bilera egin zuen urtarrilaren 17an, Iruñean, PSEko idazkari nagusi Idoia Mendiarekin. Batetik, abiadura handiko trenaren aldeko apostua enegarren aldiz berretsi zuten eta, bertzetik, elkarri adorea-edo eman zioten. Horretaz gain, EAJ goraipatzen ibili ziren. Erran nahi baita EAJ hegemonikoa, Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoa, eta ez Nafarroakoa, hemengoak kafe gehiegi baitu, «zama nazionalista» handiegia. Txibiteren hitzak dira, e, niri ez begiratu.

Jakina, Txibitek ez zuen EH Bildu aipatu, baina bistan da ezker abertzalea ahalik eta urrutien ikusi nahi dutela sozialistek. Hala, ez da erokeria pentsatzea Txibitetarrak nahiko gustura egonen liratekeela Geroa Bairekin, Ahal Dugurekin eta Ezkerrarekin gobernatzen. Halaxe egiten ari dira Vianako Udalean iazko abuztutik.

Iragan uda arte, UPN ari zen Vianan gobernatzen, bakarrik eta gutxiengoan. Baina uztailean, PSN, Ahal Duguren inguruko Viana Aldatu eta Geroa Bai ados jarri ziren, eta alkatetza kendu zieten erregionalistei. Geroa Bairen zinegotziaren botoa ez zen beharrezkoa zentsura mozioak aurrera egin zezan, baina sozialistek nahiago izan zuten jokaldian sartu. EH Bilduren zinegotzia, ordea, kanpoan utzi zuten.

Vianako alkate berriaren kargu hartzean egon zen Txibite, PSNk gertaera hari eman zion garrantziaren erakusgarri. «Begira, begira, hauxe egin nahiko genuke Nafarroan», erranez bezala. Eta pentsamendu horri erantzunez, Eduardo Santos Ahal Duguko idazkari nagusiak adierazi zuen ezetz, Vianan egindakoa «Vianako testuingurura mugatu behar zela». Eta, tira, oraingo aldaketa ereduaren jarraitzaileak horrekin lasai geldituko lirateke, baldin eta jakinen ez balute errealitateak eta Santosen hitzek ez dutela zertan harreman zuzena izan.

Dena den, Nafarroako Parlamentuak ordaintzen duen Navarrometro inkestak zaplazteko ederra eman zien Vianako bidea segitu nahi dutenei; Geroa Bai, Ahal Dugu, PSN eta Ezkerra alderdien batuketari 21 parlamentari ematen baitizkio inkestak. Eta gogoan izan Nafarroa gobernatzeko 26 behar direla. Alegia, EH Bildu kanpoan utzita ezin-ezinezkoa izanen litzateke halako gehiengo parlamentariorik osatzea. Koalizio independentistak oso kontuan hartzekoa, are gehiago paragrafo honetan agertzen diren alderdi guztien artean bera izaten bada bozkatuena -Navarrometroak iragarri bezala-.

Inkesta ditxosozkoak ez du bete-betean asmatuko, noski. Gogoratzekoa da, bertzenaz, nola Ahal Dugu Navarrometroan sartu zuten lehenbiziko aldian harrigarriki 18 parlamentari eman zizkioten (eta 7 ditu). Baina ziurrenera asmatzetik hurbilago egonen da oraingo bi blokeen arteko lehia irudikatzen duena, PSNren gustuko izanen omen liratekeen zeharkako nahasketak proiektatzen dituena baino.

Eta gogoan izan, Ahal Dugu desegiteko prozesuan sartzen ari den bitartean, eta PSN Geroa Bai limurtzen saiatzen ari den bitartean, Esparza UPNkoa lasterketan ateratzeko prest dugula, irteera marraren gainean, zinez konbentzituta Ciudadanos Parlamentuan sartuz gero 25 edo 26 parlamentari zenbatuko dituztela, PSNren betiko izaera berriz ere azaleratuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.