EH Bilduko kideak

Berriztagarri gehiagorekin, demokrazia gehiago

Ander Goikoetxea, Mikel Otero eta Oihan Mendo
2026ko urtarrilaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Energia trantsizioa ez da aukera bat: egiturazko beharra da. Erregai fosilen energia eredua berriztagarrietan oinarritutako eredu batekin aldatzea, berez, garrantzi handiko lorpen historikoa da, eta ez da gutxietsi behar. Kaos klimatikoaren aurka borrokatzeko betebehar ekologikoa izateaz gain, eskala handiko eraldaketa teknologiko, ekonomiko eta produktiboa dakar, sektore guztiei eragiten diena eta inbertsio masiboak, epe luzerako plangintza eta araudiaren egonkortasuna eskatzen dituena.

Aldaketaren dimentsioa ikaragarria da, eta denbora mugatua dugu. Bi faktore horiek baldintzatzen dute prozesua, ezin baikara erronkari aurre egiteko egoera idiliko baten zain egon. Ez da errealista eta ez ginateke garaiz iritsiko. Horregatik ez da bideragarria trantsizio bat irudikatzea dauden aktore, arau eta dinamikak kontuan hartu gabe. Trantsizioaren ideia bera hori da: egoera jakin batetik abiatu eta beste egoera hobe batera iristea; horrek eragile ezberdinen rola aintzat hartzera behartzen gaitu, izan publikoak, komunitarioak edo pribatuak, eta parte hartze eta inbertsio eredu mistoak gure egitera.

Baina hori onartzeak ez du esan nahi edozein ezarpen eredu onargarria denik. Eztabaida politiko nagusia jada ez da berriztagarria bai ala ez, baizik eta zer bide orriri jarraitu gizarte osoak parte hartu dezan eta onuradun izan dadin.

Erregai fosilak alde batera uztea eta energia sistema berriztagarria lortzea urrats erabakigarria da ingurumenaren zaintzarako eta subiranotasun energetikorako. Aurrerapen hori lorpen estrategiko gisa baloratu behar da. Baina, eraldaketa horrekin batera, beste pauso garrantzitsu bat eman behar dugu: sistema energetikoaren demokratizazioa.

Kontua ez da bakarrik energia iturri bat beste batekin ordeztea. Horrekin batera garrantzitsua da erabakitzea nork kontrolatzen duen sorkuntza, nork parte hartzen duen jabetzan, nork hartzen dituen erabakiak eta nork ateratzen dion etekina eredu energetiko berriak sortzen duen aberastasunari. Irabazirik espero gabe inork ez duela inbertitzen jakinda ere, interes komunitarioa zaindu behar dugu proiektuen garapenean.

Alde horretatik, Solariak Araban planteatutakoa bezalako proiektuak praktika txarren adibide argiak dira. Proiektu bakar bat garatu aurretik, 50 MW-eko 32 proposamen egiten dira, ez da zaintzen kokalekuen gizarte, ingurumen edo nekazaritza-ekoizpen balioa, jabeei oso oldarkor hurbiltzen zaizkie, dena goi tentsioko ebakuazio linea oso luze batekin eta, azkenik, energia datu zentroei saltzea proposatzen da, gure industriaren, garraioaren edo herritarren zerbitzu publikoen deskarbonizatzea lehenetsi beharrean.

Horren aurrean, Etxauriko Sarbil mendian garatu nahi den proiektuak, adibidez, beste bide posible bat erakusten du. Tokiko sustatzaile batek 40 MW fotovoltaiko planteatzen ditu abeltzaintza ekologikoko eremu batean, egungo abere bazkatze jasangarria eta sorkuntza berriztagarria bateragarri egiten dituzten lursailak erabiliz. Erabilerak integratzeko eredu bat da, lurraldean errotzekoa eta ekoizpen jasangarriarekin bateragarria. Baina, batez ere, aipagarria da lankidetza publiko eta komunitarioaren aldeko jarrera duelako, eta parte hartze partekaturako formulei atea irekitzen dielako.

Hori da trantsizioa gidatu behar duen ikuspegia: jatorri anitzetako inbertsioak onartu, baina energia proiektuetan erakunde publikoen eta herritarren parte hartzea maximizatuko duten esparru politiko eta juridikoak eraiki.

Alde horretatik, Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko trantsizio energetikoko legeetan jasotako akordioak estrategikoak dira, baina ahalik eta gehien garatu behar dira. Lege horiek mekanismoak ezartzen dituzte proiektu pribatuetan herritarrek eta erakundeek parte har dezaten: baterako inbertsioa, akzio partaidetzaren edo bestelako mekanismoen bidez. Mekanismo horiek sortutako energiarako sarbide soziala eman dezakete, eta gobernantza partekatuko ereduak ematen dituzte, beharrezko urratsak egiten badira.

Tresna horiek anbizioz garatzen badira, aukera eraldatzaile bat irekiko da: energia sortzeko eta merkaturatzeko egitura publiko-komunitario bat sortzea, gai izango dena energia berriztagarri hori jendeari, administrazioei edo askotariko ekoizpen sektoreei zuzenean eskaintzeko. Ez kontsumitzaile gisa bakarrik, baita sistema energetikoaren parte aktibo gisa ere.

Hala, trantsizioa ez litzateke soilik teknologikoa eta ekologikoa izango, demokratikoa ere bai.

Berriro diogu, eredu energetikoa aldatzea lehen mailako helburu historikoa da. Baina hori egiten dugun bitartean, lan egin behar dugu sistema berri horrek ez ditzan erreproduzitu eredu fosilaren botere eta aberastasun kontzentrazioko eskema berberak.

Gakoa hor dago: trantsizio energetikoak eta sistemaren demokratizazioak elkarrekin egin behar dute aurrera. Egungo errealitatetik abiatuta, baina horizonte politiko argi bat marraztuz: produkzio bitartekoen kontrol publiko handiagoa, herritarren kontrol handiagoa eta aberastasun energetikoaren birbanaketa handiagoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA