Bilbo plural eta bizi baten alde: ordenantzari ez

June Fernandez Bilbon Kaleak Aske plataformako kidea
2010eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Hirurogeita hamar kolektibo inguru eta milaka pertsona Bilboko Espazio Publikoaren inguruko Ordenantzaren aurka agertu gara, bere edukiak ezagutzera eman zirenetik. Ordenantza bihar, osteguna, onartuko da. Erantzule politikoak gure kexuak txikitzen saiatu dira; Iñaki Azkuna alkateak berak, duela gutxi, «gehiengo isila kalean seriotasuna eta ordena egotearen alde» dagoela adierazi zuen. Isilik daudenen iritzia ezagutzen duela esaten duenaren aurka -eta gogora ekarri nahi dugu gehiengo isila adierazpena lider politiko atzerakoienek erabili ohi dutela-, askotariko 70 kolektibook (auzokideak, feministak, ekologistak, arrazismoaren aurkakoak, gazteak, lesbiana, gay eta transexualak, kontsumitzaileak, sindikatu eta alderdi politikoak barne) neurrigabeko erregulazionismoa gaitzesten jarraitzen dugu. Hiri plural, bizi baten alde lan egiten dihardugu, non pertsona ororen eskubideak errespetatuko diren, eta kaleak guztionak direla aldarrikatzen dugu. Kalea errespetuz eta sen onez disfrutatzeko aukera izan behar dugu.

Nahiz eta espazio publikoari buruzko ordenantzaren erabateko onarpena bihar arte ez izan, giza mugimenduek egunero ikusten ditugu udalak kalean egiten diren giza errebindikazio ekintzei jartzen dizkien oztopoak. Horren adibide moduan, plataforma honetan partaide garen talde askok osatzen dugun Bilbogune izena duen giza kolektiboen merkatuari sistematikoki ukatzen zaizkio Areatza eta antzeko kokapenak. Enpresa handiek ez dute arazorik topatzen, hiriaren edozein lekutan beraien karpak jartzeko, baina giza kolektiboei Bailen moduko transito gutxiko kaleak eskaintzen dizkigute bakarrik.

Azkunak seriotasuna aipatu du, baina gizarte eragileok adierazitako oposizioari iseka egiten dio. Gu ez gara ordenari edo ordena faltari buruz mintzo: errespetuari eta erantzukizunari buruz ari gara. Horretarako, Udal batek egin behar duena gatazken aurrean benetako elkarbizitza irtenbide konkretuak proposatzea da. Udal horren apustua, ordea, existitzen ez dena ere debekatzea izan da (burka besterik ez zaio falta), ongizko biztanleak lasai egon daitezen. Eta hala, turistek eta kongresistek ustekaberik gabe bisitatu ahalko duten hiri elitista, zuri eta isila (autoen eta herri lanen zarata alde batera utziz) eraikitzeko proiektua sendotzen dihardu gure alkate jaunak.

Serioa al da boomerang-arekin jostatzea debekatzea? Orain arte ez dugu aurkitu Bilbotik barrena boomerang bat hegal egiten ikusi duenik. Serioa al da tabernan erositako garagardoa kalean edatea baimendua egotea, baina prezio erdiagatik supermerkatuan erosiz gero zigortua egotea? Serioa al da ia bidegorririk ez daukan hiri batean bizikleta edota patinak espaloietan erabiltzea zigortzea, inolako alternatibarik aurkeztu gabe?

Seriotasuna merezi dute, aldiz, euren eskubideak urratuak ikusten dituztenek, esaterako Atzerritarren Legea dela-eta prostituzioan edo top-manta-n jardun behar duten etorkinek. Nahiz eta sexu-salmenta delitu moduan jasota ez egon, ezta diskoen salmenta ere, kode penalaren azken erreformaren ondoren; ordenantza horrek 3.000 euroko isunak aurreikusten ditu bizirik irauteko salmenta horiek aurrera eramaten dituztenentzat.

Tomas del Hierrok, Espazio Publikoa Erabiltzeko Bulegoaren zuzendariak, dio guk ezagutza faltagatik arbuiatzen dugula ordenantza. Baina araudi horren aurka sinatu dugun 3.500 pertsonak eta horren kontra kaleetan manifestatu garen ehunka pertsonak ez gaude desinformaturik. Jakin badakigu testuak zehaztasun falta handia daukala -ez dio ageriko sexua zer den edo zeintzuk izan daitezkeen mezu politiko iraingarriak- eta horrek poliziaren interpretazio arbitrarioak sor ditzakeela, talde babesgabe eta baztertuen zein mezu deserosoak zabaltzen dutenen kontra joateko aitzakia bilakatuz.

Esandako guztiagatik, hurrengo larunbatean berriro ere kalera irtengo gara: 18:00etatik aurrera Moiua plazatik. Bilbo plurala, bizia, soziala, zabala eta demokratikoa eraikitzeko balio ez duen arautegiaren aurka manifestatzera animatzen zaituztegu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.