ETAk hildako Juan Mari Jauregiren alaba

Birgizarteratzea ez da zigorgabetasuna

Maria Jauregi Lasa
2026ko uztailaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Badira inoiz desagertzen ez diren zauriak. Badakit ETAk nire aita, Juan Mari Jauregi, erail zuelako, eta hutsune hori nire bizitzaren parte delako duela hogeita sei urtetik.

Denborak minarekin bizitzen irakasten du, baina ez du mina desagerrarazten. Hor dago oraindik ere, une garrantzitsuetan, inoiz errepikatuko ez diren elkarrizketetan eta erantzunik gabe geratu ziren galderetan.

Justiziaz, memoriaz, birgizarteratzeaz edo bizikidetzaz hitz egiten dudanean, ez naiz teoria hutsetik ari, baizik eta terrorismoaren biktima baten alaba izateagatik bizitzea egokitu zaidan esperientziatik.

Horregatik kezkatzen nau espetxe politikari eta justizia errestauratiboari buruzko eztabaidak gehiegizko sinplifikazioz jorratzen direla ikusteak. Sarritan entzuten dut hirugarren gradua, 100.2 artikulua edo prozesu errestauratiboak pribilegioak direla, zigorgabetasun-moduak edo,are, ezkutuko amnistia. Horietako ezer ez dator bat errealitatearekin. Baieztapen horien atzean interes gutxi dago tresna juridiko horiek benetan ulertzeko.

Nire aita terrorismoaren biktima izan zen, eta badakit zer den justizia eskatzea. Hain zuzen ere, eragindako kaltearen neurria ezagutzen dudalako, uste dut gauzak zorrotz eta zehatz azaltzeko betebeharra dugula. Ez hirugarren graduak, ez 100.2 artikuluak ez dute kondena ezerezten, ez delituak desagerrarazten, ezta erantzukizunetik salbuesten ere. Zigorrak modu progresiboan eta birgizarteratzea helburu dutela betetzeko legezko tresnak dira. Horietara iristen direnek zigorra betetzen jarraitzen dute, gehienetan hogei urte baino gehiago kartzelan igaro ondoren. Aldatzen dena azken etapari aurre egiteko modua da: gizarte, lan eta komunitate esparruetan murgilduz, gizarterako itzulera errazteko.

Sarritan entzuten dut hirugarren gradua, 100.2 artikulua edo prozesu errestauratiboak pribilegioak direla, zigorgabetasun-moduak edo,are, ezkutuko amnistia. Horietako ezer ez dator bat errealitatearekin

Eta hor bihurtzen da bizikidetza errealitate. Inor ezin da betiko hortik kanpo geratu. Demokrazia baten benetako froga ez datza soilik delituak zigortzeko moduan, baizik eta kondena bete eta bere erantzukizuna onartu duenaren itzulera egokian.

Birgizarteratzea ez da zigorgabetasuna. Ez da justiziaren aurkakoa. Justiziaren parte da. Ez da amore ematea. Pertsonak alda daitezkeelako konfiantza adierazten du.

Azken urteotan prozesu errestauratiboetan parte hartu dut. ETAkoak izan ziren hainbat kiderekin elkartu naiz aurrez aurre. Esperientzia hori konplexua bezain askatzailea izan da.

Esperientzia hau ez dator inor justifikatu edo erantzukizunak arintzera. Zauriei eta indarkeriaren ondorioei aurrez aurre begiratzen lagundu digu. Eta bide partekatu horretan, funtsezko zerbait aurkitu dugu: alda gaitezkeela; aldatzeko gaitasun hori gure duintasunaren parte dela.

Hurbiletik ikusi dut —eta bizi izan dut— urte luzez indarkeria justifikatu zuten pertsonak beren sinesmenak sakon berrikusten joan direla. Ez da izan inoren presioagatik, ez derrigortutako damuagatik, ezta izan zirenari uko egiteagatik ere; barruan benetan zerbait aldatu zaielako baizik, konbikzio sakon eta zintzo batetik.

Urte luzez haiei entzuteko beharra sentitu dut. Gure bizitzak betiko aldatu zituen erabaki hura hartzera zerk eraman zituen ulertu nahi izan dut. Nire asmoa ez da ezer justifikatzea izan; ulertzeko beharra neukan. Baina elkartu ginen arte, haiek niretzat ahotsik gabeko aurpegiak izan dira, eta nire familia eta ni haientzat urruneko errealitate bat, bere giza dimentsio osoan irudikatzea zaila zena.

Aurrez aurre eseri eta elkarri begietara begiratu genion egunean, zerbait mugitu zen guztion barrunbeetan. Aurreiritziak, urrunetik eraikitako irudiak, pitzatzen hasi ziren. Lehen kategoriak zeuden tokian pertsonak agertu ziren. Lehen distantzia zegoen tokian entzute zintzoa sortu zen. Eta guztiaren erdian, ustekabeko zerbait jaio zen: gure hauskortasunean eta gizatasunean elkar aitortzeko aukera.

Orduan ulertu nuen —saihestu ezin nuen moduan— gizatasuna lausotzea ez zela indarkeriaren zerbitzura egondako tresna bat bakarrik izan. Oraindik ere presente egon zitekeen, oztopoak jarri eta bizikidetza zailtzen.

Ez dut erantzukizunak arintzeari buruz hitz egiten, ezta eragindako kaltea lausotzeari buruz ere. Zerbait sakonagoaz ari naiz: kaltea egin zigutenak ere erabakiak hartu zituzten gizakiak direla aitortzeaz. Hortik abiatuta bakarrik dela posible gertatutakoa ulertzea, nire ustez. Denborarekin zerbait ikasi dut, eta horrek eraldatu nau: benetako erantzukizuna bestearen gizatasuna aitortzen denean bakarrik existitzen dela. Inork ezin du eragindako kaltea erabat bere gain hartu kalte egin dien pertsonei aurrez aurre begiratzen ez dien bitartean.

Aurrez aurre eseri eta elkarri begietara begiratu genion egunean, zerbait mugitu zen guztion barrunbeetan. Aurreiritziak, urrunetik eraikitako irudiak, pitzatzen hasi ziren. Lehen kategoriak zeuden tokian pertsonak agertu ziren

Ez naiz buruz ikasitako adierazpenez edo azaleko keinuez ari. Barrua astintzen duten prozesuez ari naiz, zintzotasunez norberari begiratzea eta berrikuspen pertsonal sakon bati aurre egitea eskatzen duten prozesuez; eta hori ez da beti erraza. Ulermen hori benetakoa denean, inor ez da berdin geratzen: bizi duenaren bizitza eraldatzen du, eta, neurri batean, prozesu horietan parte hartu dugunona ere bai.

Deskubritu dut zein sendagarria den hainbeste denboraz entzun nahi izan ez, jakin ez edo ahal izan ez duenaren aldetik entzuna izatea: kaltea eragin zuen pertsona, azkenean, bere ekintzen benetako neurriaz jabetzen dela ikustea. Eta ikasi dut, halaber, pertsona bakoitzaren atzean historia konplexu bat dagoela ikusten, askotan sufrimendu sakon batek zeharkatua.

Oso ondo dakit horrek guztiak ez duela eragindako kaltea txikitzen, ezta erantzukizuna lausotzen ere. Baina ikusi ahal izan dut pertsona horiek ere badituztela beren bizitzak, familiak, galerak eta kontraesanak. Hartu zituzten erabakien ondorioei aurre egin behar diete, askotan ondorio gogorrei, eta haiekin bizitzen ikasi. Gizatasun hori aitortzeak ez du esan nahi sufrimenduak parekatzea, errealitateari sakontasun handiagoz begiratzea baizik, ulertu ahal izateko… eta, hortik abiatuta, eraldatzen saiatzeko.

Horrek guztiak ez dit nire aita itzuliko, ezta iragana aldatuko ere. Baina sufrimendu hori aitortua izatea ahalbidetzen du, isiltasunean gera ez dadin; eta indarkeriaren konplexutasuna hobeto ulertzen laguntzen digu. Epaiak ezinbestekoak dira, justiziarik gabe ez baitago demokraziarik. Baina ikasi dut, halaber, epai batek bakarrik ezin dituela hautsitako loturak berreraiki, ezta indarkeriak uzten dituen zauri guztiak sendatu ere.

Eta aitortza horrek berebiziko garrantzia du, indarkeriak zeharkatutako historia bati gizatasuna itzultzen diolako, denbora luzez zama izan diren isiltasunak hausten dituelako, memoria zintzoagoa eraikitzen duelako eta ahaztu gabe aurrera egiten laguntzen digulako.

Beste zerbait ere ikasi dut: biktimok eskubidea dugula mina sentitzeko, memoria izateko eta justizia eskatzeko, hori guztia gure duintasunaren parte baita. Baina iristen da une bat bakoitzak erabaki behar duena min horrek bere bizitzan zer leku izango duen.

Nik aspaldi hartu nuen erabakia: indarkeriak ez zuela nire bizitzeko modua ez besteak ikusteko modua definituko.

Ez zen erabaki erraza izan, ezta berehalakoa ere. Ez du esan nahi gertatutakoa ahaztuko dudanik. Indarkeriak nire begirada baldintzatzen jarraitzeari uko egitea esan nahi du: besteenganakoa, etorkizunarekikoa, nire alaben eta semearen bizitzarenganakoa. Aske haztea nahi dut, baita nire minetik ere aske, eurena ez den sufrimenduzko iragan bati lotutako zamarik eraman gabe. Hori nire ardura dela sentitzen dut.

Gorrotoak bere burua iraunarazteko gaitasun handia du. Batzuetan agerian azaltzen da. Beste batzuetan, berriz, forma sotilagoak hartzen ditu, antzematea zailago egiten dutenak. Are gehiago, justiziaz mozorrotzera ere irits daiteke, dena zigorrera mugatzen denean.

Justiziak askoz sakonagoa den zerbait bilatzen du: egia, erantzukizuna, erreparazioa eta bizikidetza. Gorrotoak, aldiz, kaltea iraunarazi besterik ez du nahi. Justiziak etorkizunari begiratzen dio; gorrotoak gatazka inoiz ez amaitzea behar du

Baina justizia eta gorrotoa ez dira gauza bera.

Justiziak askoz sakonagoa den zerbait bilatzen du: egia, erantzukizuna, erreparazioa eta bizikidetza. Gorrotoak, aldiz, kaltea iraunarazi besterik ez du nahi. Justiziak etorkizunari begiratzen dio; gorrotoak gatazka inoiz ez amaitzea behar du. Justiziak egindakoa bere gain hartzea eskatzen du; gorrotoak, berriz, pertsonak horretan giltzapetzen ditu, beste ezer izan ezin balira bezala.

Nik bene-benetan sinesten dut justizian. Baina sinesten dut, era berean, gizarte demokratiko bat ezin dela eraiki erresuminaren gainean, ez zigor iraunkorraren gainean, ezta besteen sufrimendua helburu politiko, mediatiko edo bestelako interesetarako erabiltzean ere.

Memorian sinesten dut, baina berriro indarkeria ez erabiltzeko balio duen memorian, ez hura luzatzen duenean. Eta funtsezkotzat dudan zerbait ikasi dut: inork ez lukeela betiko murriztua geratu behar egin zuen ekintzarik txarrenera.

Nire aitaren memoria nirekin izango da beti. Baina, hain zuzen ere, bera izan zenarekiko eta bere oroitzapenak niretzat esan nahi duenarekiko errespetuagatik, erabaki dut gorrotoak nire bizitzan lekurik ez izatea.

Funtsezkotzat dudan zerbait ikasi dut: inork ez lukeela betiko murriztua geratu behar egin zuen ekintzarik txarrenera

Eta hortik abiatuta jarraitu nahi dut demokraziari benetan eusten dion horretan sinesten: zigortzera mugatzen ez den justizian, giza duintasunean, erantzukizunean eta bizikidetzan oinarritzen den justizian.

Badakit eragindako kaltea gogoratzea eta berriro gerta ez dadin lan egitea ez direla bide desberdinak. Gizarte gisa partekatzen dugun erantzukizun beraren parte dira.

Eta uste dut —sinetsi nahi dut—, hain zuzen ere hortik, memoria zintzo horretatik eta bizikidetzaren aldeko apustu kontziente horretatik, hasi daitekeela bestelako etorkizun bat eraikitzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA