Bizkaiko EH Bilduko batzarkideak

Bizkaiak beste baso-eredu bat behar du

Iker Casanova eta Iratxe Arriola
2026ko martxoaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Basoak Bizkaiko lurraldeko giltzarri izan dira eta dira oraindik ere. Urte askoan, pinudiak osagarri ekonomiko garrantzitsuak izan dira baserritar eta baso-jabe txiki askorentzat. Errealitate hori gure historia hurbilaren parte da, eta merezi du aitortzea.

Hala ere, gaur egun beharrezkoa da orainari zintzotasunez begiratzea: egungo baso-ereduak agortze-zantzu argiak erakusten ditu. Nahiz eta ahalegin publikoa egin den, baliabide ekonomiko ugari sartuz, benetako errentagarritasuna oso mugatua da jabe askorentzat. Pinuaren kasuan, batez besteko diru-sarrerak 300 euro ingurukoak dira hektareako eta urteko, eta kopuru horiek nekez estaltzen dituzte kostuak edo arriskuak. Horrek agerian uzten du ereduak, planteatuta dagoen bezala, ez diola ez egonkortasunik ez etorkizunik eskaintzen baso-jabe txikiari.

Ekonomiaz haratago, ingurumen- eta lurralde-inpaktuak gero eta nabarmenagoak dira: paisaiaren galera, lurzoruaren degradazioa, ibaien eta akuiferoen gaineko eragina, ura atxikitzeko gaitasun txikiagoa eta baso-suteen arrisku erreal eta gero eta handiagoa, zeina ezin baita urruneko hipotesitzat hartu. Errealitate horren aurrean, ezinbestekoa da prebentzioaren aldeko apustu irmoa egitea, baso-plangintza egokia eginez.

Kezkatuta gaude administrazioak berak itsas pinua proposatzen duelako egungo ereduaren alternatiba nagusi gisa. Erantzun zaharkitua da, betiko logika berean oinarritua: espezie baten ordez beste bat jartzea, monolaborantza zalantzan jarri gabe. Ez dugu superarbola bat bilatu behar dena konpontzeko.

Oreka berri bat behar dugu gure mendietan, jarduera ekonomiko publikoa eta pribatua baztertu gabe, lurzoru publiko gehiago, baso natural gehiago eta espezie autoktono gehiago izateko. Mendiei buruzko Foru Arau berria aukera paregabea da hori lortzeko

Bizkaiak beste baso-eredu bat behar du, baso autoktonoen, dibertsifikatuen eta naturatik hurbil daudenen aldeko apustu argiarekin, eta mendia modu arduratsuan kudeatzen dutenentzako aitorpen ekonomiko justuarekin, lurzorua, ura eta biodibertsitatea zainduz. Kontua ez da errudunak adieraztea, testuingurua aldatu dela eta erantzunak testuinguruarekin batera aldatu behar direla onartzea baizik.

Roosveltek duela ia mende bat ohartarazi zuen bezala, «bere lurra suntsitzen duen nazio batek bere burua suntsitzen du». Gaur egun badakigu lurzorua eta mendia babestea gure etorkizun ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa ere babestea dela.

Foru Aldundiak gidatutako trantsizio ordenatu eta lagundua defendatzen dugu EH Bilduko kideek, baso-eredu jasangarri baterantz jotzeko. Datuak argiak dira: Bizkaiko 132.000 baso-hektareetatik 31.000 baino ez dira jabetza publikokoak, eta horietako asko monolaborantzan daude oraindik, administrazioak berak kudeatutako eukaliptalak barne. Egoera horrek norabidea aldatzea eskatzen du.

Helburu zehatz eta lorgarriak proposatzen ditugu: baso-jabetza publikoa %20 handitzea hamar urtean, eta baso autoktonoaren eta dibertsifikatuaren azalera egungo %24tik % 41era handitzea. Aldi berean, trantsizio horren aldeko apustua egiten duten jabeentzako tresna ekonomiko egonkorrak planteatzen ditugu, hala nola urteko diru-sarrerak eta segurtasuna bermatzen dituzten epe luzeko kontratuak, adibidez, hektareako 200 euro urteko, hamar urtez.

Era berean, defendatzen dugu udalek mendiaren antolamenduan eta kudeaketan duten zeregina indartzea, benetako laguntza eta lankidetza emanez, eta maila anitzetako gobernantzarantz aurrera egitea, Aldundiak, udalek eta Eusko Jaurlaritzak modu koordinatuan lan egin dezaten. Zurgintzaren industriarekiko lankidetza zikloa ixtera, tokiko zuraren eta askotariko zuraren erabilera sustatzera eta basogintza jasangarrirako aukera berriak irekitzera bideratu behar da.

Testuinguru horretan, 2030era arte eukaliptoari moratoria ematea proposatzen dugu, sektorea antolatzeko eta etorkizuna zorrotz planifikatzeko. Azken batean, mendiak erreleboa, tresnak eta laguntza behar ditu: aldaketa bideragarri egingo duten neurri ekonomikoak, politikoak eta plangintzakoak.

Oreka berri bat behar dugu gure mendietan, jarduera ekonomiko publikoa eta pribatua baztertu gabe, lurzoru publiko gehiago, baso natural gehiago eta espezie autoktono gehiago izateko. Mendiei buruzko Foru Arau berria aukera paregabea da hori lortzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA