Patxi Salaberri Muñoa.

Bolognaz eta euskaraz, uda ikastaroak tarteko

2014ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Iñaki Goirizelaiak Bolognako ikasketa-planaren ezarpen bukatu berriaz idatzi duen iritzi-artikulua ira kurri dut (Berria, 2014-06-29).

1.- UPV-EHUko errektorea ez balitz egilea, Bolognari egin ohi zazkion ebaluazio azkar, akritiko eta autoederresle horietako beste bat bezala har genezakeen harena. Baina errektorea da mintzatu dena. Eta horri natxekio.

Luze joko luke taxuzko erantzunak, ez baitu falta harenak lehenbailehen zuzendu eta argitu beharrekorik, baina gaurkoan euskarari dagokion auzi ustez ñimiñoa, errektoreak iragaitzaz bezala eta llabur-llabur xehatu duena, ekarri nahiko genuke hona.

2.- Goirizelaiak dioenez, Bologna ez da euskara izutu dezakeen mamua, nahiz eta, antza denez, «[...] askotan entzun genuen […] euskara desagertuko zela». Eta argudiatzeko, Bologna aurreko hizkuntz plana (2007koa) aipatu du jarraian, arrisku berrien aurkako berme eta kontrapozoi gisa planteatu izan balitz bezala: «Euskara plana bete egin dugu, eta plan berri bat garatzen ari gara».

Asinkroniak bazter utzita, ez da erraz asmatzen non eta noiz entzun duen Goirizelaiak euskara lau urtetan —Bolognako titulazio berriak ezarri bitartean, alegia— desagertuko zela zioen hori.

Oker ez bagaude, Bolognak euskara bezalako hizkuntza txikiei ezarriko uste zien joerez mintzo izan dira horretaz jardun duten guztiek. Ez nanosegundotan kristalizatzen diren abiadura handiko joerez, poliki-poliki garatzen eta ezartzen doazen tendentziez baizik. Horretaz aritu ziren —eta hor ari dira oraindik, nekaezin— iragarle egoskor horiek, horretaz eta ez inork diskurtsoaren interesen arabera markatzen dituenez.

Eta horrexegatik litzateke komenigarri errektoreak bere UPV-EHUko datu zenbaiti arretaz errepara liezaion, hizkuntz joerok iragarritakoen ildokoak balira, ahalik lasterren aldatzen has ledin.

Unibertsitatean lehenesten diren jakintza-arloei eta ikerkuntza-lerroei begiratzetik has liteke, eta tesien izenburuak irakurtzearekin jarraitu... Guk hemen, dena den, beste zerbaiti erreparatzea proposatuko diogu. Aurrealdeko zuhaitzak ezkuta dezakeen oihantxo esanguratsu bati.

3.- Koiuntural huts dirudien arren, unibertsitate-egoeraren sintoma iritzi izan zaio betidanik Uda Ikastaroak delakoan urtero egin ohi den eskaintzari.

Badakigu, jakin, ez dela hangoa ehuneko ehunean UPV-EHUn ikertzen eta irakasten denaren erabateko kalkoa, baina oso da adierazgarria behatzaileari aurkezten dion argazkia. Hizkuntz joerez ohartzeko, besteak beste.

Eta ikastaroen hizkuntz argazki hori da, hain zuzen, hausnarketa-gaitzat eskaini nahi dena.

Aitortu behar da ez dela erraza Unibertsitateak programetan agertu datuak behar bezala jasotzea eta tratatzea, ziklotan banatutako ikastaroak behin baino gehiagotan errepikatzen baitira han eta hemen, aniztasun-itxura emanez. Euskararen presentziak ere naroago dirudi horrela. Itxura hutsa, ordea.

Horretaz oharturik, errepikapenak ezabatzea eta kontuak araztea izan dugu lehen eginkizun metodologikoa, laburtze-beharraren poderioz behar bezain zehaztuta geratzen ez bada ere.

Guztiarekin ere, aurten egin den ikastaro-eskaintzak honako hizkuntz ikuspegi hau erakusten du oro har:

A) Zientzia gogorretan, hau da, Zientzia eta Teknologia eta Energia, Ingurumena eta Garapen Jasangarria izeneko zikloetako ikastaroetan (orotara 530 ordu) 380 ordu ingelesez eskaini dira eta 150 ordu gaztelaniaz. Euskaraz deus ere ez.

B) Euskararentzat permeableagoak diruditen bestelako zientzietan egoera ez da lasaigarriagoa. Alegia, Ekonomia, Osasun Zientziak, Zuzenbidea, Psikologia, Gizartea, Kirola eta Nekazaritza zikloetan eskaintzen ari diren 1.270 orduetatik, 1.160 ordu gazteleraz garatuko dira eta 110 ingelesez. Euskarazko eskaintzarik ez.

D) Harrigarriro Ekonomia, Kirola eta Nekazaritza zikloetako ikastaroetan ez da gaztelania beste hizkuntzarik ezagutzen. Sailkapen bertsuan agertu beharko luke, ziurrenik, Atzerritarrentzako hizkuntzak zikloak ere, ordu-kopururik zehaztu ez arren, gaztelania baita atzerritarrei irakasten zaien hizkuntza bakarra.

F) Euskarak ondoko ziklo hauetan baino ez du hankatxoa erakusten: Hezkuntza (orotara 410 ordu: 80 ordu euskaraz), Informazio Zientziak (330 ordu: 20 ordu euskaraz eta 30 ordu gazt/eusk.), Hizkuntzalaritza eta Literatura (270 ordu: 160 euskaraz eta 20 ingelesez), Bizitzaren bidaia (220 ordu: euskaraz 30), Historia eta Kultura (100 ordu: euskaraz 10 ordu) eta Bertsolaritza Unibertsitatean (50 ordu, euskara hutsez guztiak).

Labur-zurrean, Udako Ikastaroek orotara eskaini dituzten 3.130 orduetatik gaztelaniak 2.260 ordu eramango ditu (%72,20), ingelesak 520 ordu (%16,61) eta euskarak 350 ordu (%11,15).

Panorama honekin, beraz, UPV-EHUko unibertsitate-hedapen udatiarrean garatzen ari diren ikerkuntza eta irakaskuntzaren norabide orokorrek (eta benetako hizkuntz joerek) ez dirudite Goirizelaiak iradoki modukoak.

4.- Argazkia aurkeztu ondoren etorri beharko lukete immanentziaz, tendentziez edo unean uneko kontu hutsez mintzatzen ari ote garen argi lezaketen galderok.

Lehenak, bat-batekoak, hauexek: dagoeneko desagertua da euskara zientzia-arlo gehienetatik ala desagertzen ari da? Zer dela eta?

Egia da gure gabezien zio historiko-dibinoez edota euskararen akats genetikoez itauntzen igaro genitzakeela udako arrasalde beroak.

Halere, ez legoke gaizki funtsezko arrazoien berri eman lezaketen galderei ere helduko bagenie inoiz. Bolognaren garrantzia eta eragin eskerga gutxietsi gabe, jakina, baina galdetuz betiere ea Bologna eta haren bidez etorritako gehiena ez ote diren sistema neoliberalak bere interesetarako antolatu duen mauka erakargarria, hezkuntza eta ikerkuntza hobetzeko aukera bainoago. Eta ea balizko eskema hartan zer toki har lezaketen gurea bezalako hizkuntza txikiek.

Ikusitako datuek zerbait adierazten dutela esango genuke, baina, nolanahi ere, gutxi batzuon miopiaren efeku kaltegarriak saihesteko, hobe norberak erabaki baleza zinezko erantzunak harilkatzeko galdera-estrategia.

Galderetan baitatza bilatzen den erantzunaren gakoa.

Eta Goirizelaiak badaki hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.