Joan den uztailean ilusioz eta emozioz hurbildu nintzen Amaiurko herrira, hango monolitoetara, gure historiaren pasarte garrantzitsu baten inguruko nolabaiteko konexio teluriko zuzen baten bila. Izan ere, 1522an, leku hartan jokatu zen Europako Estatu oso baten etorkizuna. Nafarroako Estatua, 1512tik erasopean, oraindik zutik eta gogotsu mantentzen zen, orduan proiektua besterik ez zen Europako Inperioaren aurrean.
Lehen irakurketa batean Amaiurko erorketa interpreta daiteke Nafarroa askearen amaiera moduan Karlomagno eredutzat duen Europaren aurrean. Nahiz eta independentzia formalki ez zen amaitu une hartan, hori sinetsarazten digute normalean. Baina irakurketa hori ez da zuzena. Amaiurko erresistentzia izan da etorkizuneko garaipenaren promesa. Nafarroa askea zelako, Amaiurkoa gertatu zen. Eta Amaiurkoa gertatu zelako, Nafarroa askea izango da.
Zoritxarrez aurten topo egin behar izan dut sorpresa txar batekin… Herriko karrika nagusia zeharkatu ondoren, aldapatxoa igotzerakoan, panoramikarekin liluraturik, burdin hesi altu hotz itsusi bat zain zegoen ilusioa eta emozioa izorratzeko. Bidesaria kobratzen duen burdin hesi zapaltzailea, nonbait. Kontzentrazio esparruetakoen moduko tornu eta guzti! QRa ahaztu gabe noski! Naturaren eta askatasunaren arnasgune honen erdian, inposizio metalikoa. Ez hesi bat babesteko, hesi bat desanimatzeko.
Handia da gero, gaztelua kontzienteki lehertu dutenak (Europa inperial batua eta Espainiako Erresuma) orain agertzea kezkaturik hondakin eskas hauen babesaren inguruan. Eta hori tokiko abertzaleen (?) oniritziarekin. Benetan, nola iritsi da pentsatzera Baztango herria honelako egitura teknokratikoa erakargarria izan daitekeela Amaiurko herriarentzat! Baina, ongi pentsatua, ez da hori. Ez da gaztelua. Helburua da monolitoa. Ezkutatu behar den monolitoa. Museifikatu behar den monolitoa. Deskontestualizatu behar den monolitoa. Datuak zehazten ez dituen memoria historikoaren izenean, hondakin xumeak babesteko aitzakia merkearekin, hesitu eta pribatizatu dute benetan garrantzitsua den monolito aldarrikatzailea, 1982an guztion diru publikoarekin berriro altxatua, argitasun kolektibo nazional baten une bakanetakoan...
Nafarroako independentismoak 1922an altxatu zuen lehen monolitoa. Eta espainolismoaren indar obskurantistek dinamitaz lehertu zuten 1931n... Monolitoa da gaur egun sakonki eta esplizituki Nafarroako independentzia aipatzen duen sinbolo bakarra. Ez dago besterik hain ongi konektatzen gaituenik independentziako perspektiba historiko luze zabalean. Denboran eta espazioan. Eta monolito hori hesitu dute...
Beraz, orain ordaindu behar da eta instituzio zapaltzaileak goraipatzen dituen segurtasun portiko batetik pasatu behar da, besteak beste, hau irakurri ahal izateko: Napar askatasunaren alde Amayurko echarrian borroka egin zuten gizonai betiko argia 1522. Masifikaziorik inoiz izan ez den leku batean, masifikazioaren aurkako neurriak!! Nafarroa askearekiko gorroto burokratiko-instituzionalari ez zaizkio inoiz ideia txarrak falta!
Esan gabe doa, baina hesiari bizkarra emanda alde egin nuen. Hauek ez dira baldintza duinak monolitoaren esanahiaz gozatzeko. Bost axola gaztelua! Monolitoa askatu!