sonia gonzalez
SEI EZKAILUK HAMABI

Bosthamar

2025eko urriaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

— Enteratu zara? Jimmy Kimmelen programa berriro hasi da.

— Bai, komunikabide guztiek jaso dute.

— Hango jendea Disney Plus eta Hulu harpidetzak bertan behera uzten hasi zen, harik eta ABC telebista katea programa berriro parrillan ipintzera behartu arte.

— Poztasun gazi-gozoa, edozelan.

— Zer dator orain, zure bainatako bat, ala?

— Ez txarto ulertu, garaipena izan denik ezin da ukatu... Hala ere, tristerik ere utzi nau. Erabakia ez da etorri printzipio batzuk defendatzeagatik, adierazpen askatasuna defendatzeagatik, esan nahi dut, baizik eta konturatu direlako Trumpen mehatxuarekin baino diru gehiago galdu ahal dutela.

— Badakizu printzipio bakarra dirua dela. Ez dakit zergatik jartzen zaren horrela, ingurura begiratu baino ez daukazu.

— Printzipio eta amaiera. Horretara murrizten dira bizitzak eta jendartea. Dirua diruagatik, kapitala metatu metatzeagatik, nahiz eta bizi osoan ezin gastatu, nahiz eta hamar bizitzatan gastatzeko paradarik ez izan. Ez da bitartekoa, helburua baizik.

— Bitartekoa izan da Kimmelen programa berriro pantailetan egoteko. Orain ez dirudi horren erraz izango duenik late show guztiak akabatzea. Hau gertatu izan ez balitz, seguruenik honezkero egongo zen pentsatzen zelan bota Jimmy Fallon eta Seth Meyers ere.

— Ene! Seth Meyers ere bai...

— Zer? Gustatzen zaizu, ala?

— Ai, bai! Zentzu guztietan, gainera...

— Eneeee... Horiek begi amultsu horiek! Ba, Karlos koixoaren antza dauka...

— Aire bat bai... Sorgin halakoa! Kar!

— Aurrekoan Stephen Colbertek, eta, bide batez, silaba tonikoa bert da eta ez col; ba Colbertek esan zuenez, azkenean bera izango da martiri bakarra...

— Fijo baietz! Koittadua...

— Hala ere, uste dut ez zaiola benetako tamaina hartzen Estatu Batuetan gertatzen ari den guztiari, zelan ari den bertako demokrazia formala zeharo iraultzen: botere guztiak presidentearen apeten menpe, purgak, sortu duen ICE-gestapoa, ejerzitoa gobernu demokrata duten estatuetako kaleetan...

— Eta ez ahaztu etorkinekin egiten ari direna!

— Bai, jakina! Etorkinekin egiten ari diren guztia! Albistegi guztiak zabaldu beharko lituzke horrek!

— Aurten, honezkero 170.000 lagun inguru deportatu dituzte. Agindu judizial barik, epaiketa barik... Aurpegia estalirik daramaten gizonek jendea lantokietatik, umeen eskoletatik, etxeetatik hartu eta desagerrarazi, XX. mendeko Latinoamerikako diktadura militarretan bezala.

(ID_17594857170225) Sonia Gonzalezen testuko marrazkia
PAULA ROSON

— Ondo dakite yankiek horretaz.

— Bai, ondo baino hobeto.

— Eta deportazioa, agian, ez da okerrena.

— Deportazio batzuk heriotza zigorra izan daitezke.

— Bai, egia da, baina pentsa zer izan behar den Bukeleren eskuetan amaitzea, Salvadorko sarraski-esparru horretan.

— Edo Estatu Batuetan sortzen ari diren sarraski-esparruetan, hala nola Alligator Alcatrazen. Inork kontatu al du zer zen hori? Hori ez zen kartzela, ez zeukan ziegarik, hesi metalikoek berezitutako kamainak baino; argia 24 orduz piztuta; ez zeukan apenas komunik eta, are gutxiago, komunera irteteko ordurik. Jatekoa, jatekoa deitu ahal bazitzaion, plateretan eta behearen gainean, koilara-sardexkarik gabe, txakurrak balira bezala...

— Hori ixtea lortu da.

— Beste garaipen gazi-gozo bat. Badakizu zein izan den arrazoia? Ingurumenari kalte egin ziezaiokeela.

Alligatorrek eskubide gehiago pertsonek baino.

— Nork esan du migranteak pertsona direnik?

— Beinke!

— Eta bai, Kimmelen afera larria da, baina ezin dut burutik kendu, azken batez, larritasuna antzekotasunak, hurbiltasunak, markatzen duela. Kimmel gizon zuri eta famosoa da eta, akaso, are garrantzitsuagoa dena, komunikabideetan aritzen da. Badirudi gainontzeko komunikabideetan hurrago eta larriago sentitzen dituztela Kimmelen kontrako erasoak beste batzuk baino, erasoaren tamaina gorabehera.

— Ez dizut kontrakorik esango... Portzierto, hasi-masietan dagoen diktadura horri ez zaio detailerik falta. Koreako Kim Jong Unez hitz egiten da, baina ikusi al duzu zelan hasten diren Trump-lider-maitearen kabinetearen batzarrak? Itxaron, itxaron, bideoa topatuko dut...; beittu, hemen bere minnion guztiak, banan-banan: «Presidente jauna, zuretzat lan egitea, nire bizitzako ohorerik handiena da»; «presidente jauna, gure herrialdea ez da sekula horren segurua izan, eta dena zuri esker»; «eskerrik asko, jauna, aukera benetan izugarria da zure lidergoa aitortzeko langileriaren benetako txapeldun moduan»; «presidente jauna, gonbidatzen zaitut zure aurpegi polita ikustera kartel handi batean, Lan Sailaren aurrean, zeu zarelako amerikar langileen presidente eraldatzailea». Eta hori oraingo abuztuan izan da, e?

— Bua, potxua!

— Eta Mark Zuckerberg ikusi al zenuen, Estatu Batuetan 600 milioi dolar inbertituko zituela esan ostean, mikrofonoa oraindik zabalik zegoela konturatu barik, «ez nekien ze numero nahi zenuen esatea» Trumpen belarrira desenkusatzen?

— Edo bere urtebetetzerako antolatu zuen desfile militarra...

— Diktadura bat egunez egun altxatzen denon begien aurrean.

Holantxerik! Mundu osoko faxismoa abangoardia horri begira eta, bien bitartean, gainontzeko herrialde eta erakundeak popa miazkatzen.

— Ze, tigre batzuk? Zuriñeren tabernan ederrak egiten dituzte.

— Ea ba, datorrena datorrela, ondo janda harrapa gaitzala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.