Jose Angel Irigarai.
Idazlea

Bretxako merkatuaren lekualdatzeaz

2025eko uztailaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Jakina denez, Donostiako Udala Arrandegia eraikinaren barruan kokatzekotan dago Bretxako plazako merkatua. Baserritarrek adierazi zuten ez zeudela konforme, pisuzko arrazoietan oinarrituta. Alferrik, negoziaziorik ez. Haiekiko sintonian hainbat bezero eta inguruko jendek sinaturiko alegazio bat aurkeztu zen Udal Erregistroan joan den maiatzaren 28an. Oihartzun mediatikoa hutsaren hurrengoa izan zen; zer esanik ez Udalaren aldetik. Berriki auzia kudeatzen duen Fomento Saila baserritarrekin bildu da; bileraren helburua Udalak aurretik erabakitakoak berrestea baizik ez zen izan, aurrekoa bezala bakarrizketa hutsean.

Udalaren asmoa aurrera eramateak uste baino ondorio sakonagoak dauzka, gaur egun nagusitzen ari den, eta arbuiatzen omen den, mundu mailako sistemaren dinamikari lotuak (espekulazioa, zerbitzu sozialen gero eta handiagoko pribatizazioa, lan prekaritatea, etxebizitza auzia, kontsumismo eredua —turismoan, merkataritzan—, eta, noski, lehen sektorearen hondamendia eragiten ari den nekazaritza industriala). Bada, arlo horietan egiten diren urrats guztiak, txikiak badira ere, testuinguru orokorrarekiko loturan daude, sistemaren beraren ondorio bezainbat eragile moduan.

Merkatuak suposatzen du Donostian eta bere inguruan baserri biziak mantentzen direla, eta beraien baratze-ekoizpenak, 0 km-koak izateaz gain, bestelako kontsumo eredu batekoak direla. Ondare sozial ezin garrantzizkoagoa. Ozta-ozta, baina bizirik. Arretaz zaindu eta babestu beharko litzatekeena. Hari lotuta dago gure landa eremuko bizitza. Plazako merkatua eta antzekoak oraindik ere sozietatea osasuntsu mantentzeko balore eta testigantza dira, funtsezko arnasa eta zutabe sozialak, bestelako eredu bat ahalbidetuko bada.

Udalak argudiatu dezake ez duela merkatua desagertzerik nahi, plazatik Arrandegiko eraikin-barrura eramatea dela xedea, besterik ez. Baina auzia bere osotasunean kontuan hartuz gero garbi dago neurri horrek badauzkala ondorioak, epe laburrean eta, zer esanik ez, ertainean, lehen sektoreak pairatzen duen prekaritate larriaren testuinguruan, hemen eta munduan. Horiek hola, baserritarrek adierazi zuten bezala, batzuk ez dira barrura pasatuko —leku gutxiago, giro desegokia zenbait barazki eta lorerentzat eta, bereziki, merkatua ikusiezin(ago) bilakatzen delako plaza publikotik lekualdatutakoan—. Beste batzuentzat (doi-doi eusten diotelarik merkatuan jarraitzeari) bertan behera uzteko kolpea litzatekeelako... Lekualdatzeak neurri ezdeusa dirudien arren, beraz, mende t'erdiz dirauen merkatua ildo-ildoka desagertzeko bidegurutzera eramatea suposatuko luke. Hori da errealitatea.

Paradoxikoki, hori gertatzen da EAEko erakunde gorena, indarrean dagoen eta datorren egoera dela-eta, aspaldi honetan «Lehen sektorea estrategikoa da gure gizartearentzat» mezua mediatikoki sozializatzen ari den bitartean. Uste izatekoa da Udala erabateko sintonian dagoela mezuarekin. Bada, aukera paregabea dauka hala dela frogatzeko.

Baina bada gehiago. Hauek dira Udalak erabakia hartzeko erabilitako «arrazoiak». Batetik, 600 mila euro aurreztuko liratekeela, aspaldiko promesak eta hitza janez. Bestetik, plaza «libreago» geldituko litzatekeela. «Libre» zertarako? Udalak berak desegin zuen plaza berreskuratzeko?, baina, noski, erabilpen anitza eta, bereziki, zeukan eta oraindik daukan merkaturik gabe? Hots, plaza hutsal bat atontzeko, kontsumo lokaleko jarduera publikoaz eta erabilpen sozial biziaz «libre»?... Tamalez, hala dirudi. Beste urrats bat nagusitzen ari den hirigintza-ereduan, «fatxadakoa», salgarriagoa. Hain zuzen, demaseko kontsumo turistikoarekiko loturan.

Mundu mailako sistemaren arlo guztietako tsunamia oso zaila da geldiarazten, areago ekiditen, baiki. Baina erakunde lokalek beti egin dezakete zerbait ondare, egitura eta ohitura sozial bizi eta bereziak babesteko eta laguntzeko, uniformizazio-banalizazioranzko dinamika saihesteko.

Azken buruan, sozietatearen erronka bezainbat erantzukizuna da, denona, eta hizpide dugun auzian Udalarena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.