Irakaskuntzako langileak

Brinkola-Irun trenen gainbehera, edo zerbitzu publiko bat nola suntsitu

Fidel Altuna Otegi, Nagore Ezeiza Gil, Cristina Gil Fuentes, Iker Iriondo Igerabide eta Susana Urmeneta Mondragon
2025eko urriaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aziendak bezala gabiltza trenetan, edo okerrago. Animalien ongizate legeak gehiago beteko dira gaur egun granja eta kamioietan Brinkola-Irun lineako tren batean gehieneko edukiera legeak baino. Urteak daramatzate zerbitzua higatzen, trenbide hori erabiltzen duen orok dakien bezala, eta ez gara hasiko orain gainbehera prozesu horretan eman dituzten pauso guztiak banan-banan azaltzen, ez baikenuke bukatuko, baina guztiaren laburpena da trenbideak ez duela mantenimendurik, auskalo noizko tren zaharrak ditugula eta, antza, arazoak daudela langileekin ere. Ondorioa: trenetan berandutze kronikoa, sarritan baita trenak kentzea ere, eta era guztietako arazoak noiznahi.

Gainera, opari gisa-edo, 2024ko udaberritik hona egin duten azkena: tren kopurua erdira murriztu «trenbidean egiten ari diren hobekuntza lanak direla-eta» ―ahazten zaie beti esatea hobekuntza horiek, izatekotan, beste trenbide batean egiten ari direla; alegia, abiadura handiko beren trenbide kutunean, eta ez inolaz ere trenbide konbentzionalean―. Hori bai, konpentsatzeko-edo, agindu ziguten tren bikoitzak jarriko zituztela bidaiari gehien ibili ohi den orduetan, eta bete zuten esandakoa... joan den udara arte. Jarraian, beste urrats bat zerbitzu horrek daraman aldapa behera etengabeko horretan... Inolako esplikaziorik gabe kendu dituzte tren bikoitz horiek, eta horrekin batera etorri da gaur egun dugun egoera negargarria: Beasainera iristean jada apenas dagoelarik eserleku librerik, korrika saioak horiek harrapatzeko ―oihaneko legea nagusi― eta hortik aurrera igotzen diren guztiak, zutik. Hasieran esan denez, aziendak bezala.

Aziendak bezala, bai. Hori da gure agintariek diguten errespetua. Madrildik hasita, bai, baina hemengoekin jarraituta. Madrilen gauza jakina da zeri eman izan dioten garrantzia gutxienez azken bi garraio ministroek: batetik, Jose Luis Abalosek, ezagutzen ari garenez, bazuen trenak zaindu baino aurreragoko lanik; bestetik, Oscar Puenteri, txiolarien erregeari, sare sozialek apenas uzten dioten bestetarako denborarik. Gainera, abiadura handiko trena dago. Betiko trenbidea inbertsio gabe utzi dute tren hori eraikitzearren, eta Brinkola-Irun trenbidearen paralelo doalarik leku askotan trenbide berria, horren eraikuntza lanak behin eta berriz ari dira mozten eta oztopatzen trenbide arrunta. Jende arruntaren trenbidea. Guztiaren ondorioa: kaosa Brinkola-Irun zerbitzuan.

Eta hemengo agintariek, zer? Ez dirudi inporta zaienik. Eusko Jaurlaritza den arren aurtendik trenbide hau kudeatzen duena, aurten zerbitzua okerragotu besterik ez da egin, esan bezala, eta ez da ikusten erreakziorik. Eta ez da espero. Abiadura handiko trenaren lanak direlarik une honetan trenbide arrunta gehien kaltetzen ari direnak, eta tren hori ukiezina denez... Horrek dena baldintzatzen du. Gure agintariek egunero hitzetik hortzera darabiltzaten lelo eta proklamek ere hemen ez dute balio. Asko inporta zaie enpresariek behin eta berriz salatzen duten langileen absentismo delakoa, baina aipamenik txikiena ere ez Brinkola-Irun trenbidearen urteetako egoerak eragin dituen milaka lanorduen galeraz. Eta galduko direnak, besteak beste gripe bolada datorrenean bidaiariak elkarren gainean joateak eragingo duen kutsatze andanaren erruz. Populazioaren osasun mentala omen dute lehentasun, baina trenaren erabiltzaileok ikastera edo lanera goazenero egunez egun jasaten dugun tentsioa eta urduritasuna bost axola, nonbait. Kutsadurak asko arduratzen dituela diote, baina trenetik ihesi errepidera jo duten erabiltzaile guztiek zikintzen dutenak ez du ematen garrantzirik duenik. Inklusioa dute amets, baina trena geroz eta gehiago immigranteen garraiobide da. Gure aitona-amonei omenaldiak egiten dizkiete, baina praktikan, eta egoera honekin, trenetatik kanporatu dituzte (bide batez, Beasaingo geltokian hilabeteak matxuratuta daramatzan igogailu horrekin zerbait egiteko asmorik?).

Begien aurrean ari gara ikusten nola hondatzen den zerbitzu publiko bat. Hau ikusita, pentsatzen dut: kontuz ibil gaitezela beste zerbitzu publikoekin ere gauza bera gerta ez dakigun. Begiz jota dituzte, eta ez dira asetzen. Pribatizazioa darie

Tira, eta azken kontu bat, honek guztiak burura ekarri diguna. Begien aurrean ari gara ikusten nola hondatzen den zerbitzu publiko bat. Aspaldian, trenak ondo zebiltzanean, ezin puntualago eta zerbitzu egokia ematen, nekez sinistuko genukeen, esan izan baligute, begi bistan hondatzen ikusiko genuenik. Orain, hau ikusita, pentsatzen dugu: ibil gaitezen kontuz, beste zerbitzu publikoekin ere gauza bera gerta ez dakigun. Begiz jota dituzte, eta ez dira asetzen. Pribatizazioa darie. Zerbitzu baten gainbehera sumatzen dugunean, irtenbidea ez da hortik ihes egitea. Garraio publikoa hondatzen digutenean, soluzioa ez da autoa hartzea; edo medikua ondo ez dabilenean, pribatura jotzea; edo hezkuntza sare publikoan arazoak daudenean, sare pribatuan babesa bilatzea. Nahiz eta ulertzekoa den. Irtenbidea da gure politikariei zerbitzu publikoak exijitzea eta ez barkatzea, kasu honetan bezala, errespetua galdu eta adarra jotzen digutenean.

Oharra: Brinkola-Irun trenbidean gaur, urriak 8, goizeko lehen orduan izan den enegarren gertaerak eragin du lerro hauek idaztea. Mila esker, bada, gertaera horren arduradunei, ez lanera berandu iristea eragiteagatik, baizik eta lerrook idazteko adinako adorea eta jenio txarra emateagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.