Euskaldunen izaera eta identitate politikoa gutxiesten dituen gaizki-ulerturik tristeena, ziur aski, burujabetzarena dugu. Are, egungo euskaldunok sakonki barneratua dugulako.
Has gaitezen politikaren iturritik bertatik, botere kolektiboaren ideiatik. Zein da, horretan, euskaldunen funtsezko hitza? Burujabetza. Edo, erabili ohi dugun sinonimoan, subiranotasuna.
Barkatu! Burujabetza ez da subiranotasuna; ez dira pareko hitzak. Burujabetza ez delako edozein subiranotasun.
Burujabetza subiranotasun nazionala da, baina buruetan, alegia, pertsonetan edo norbanakoetan jaioa eta eraikia. Euskaraz buru-k ez dio inoiz taldeari aipamena egiten, horretarako elkar dugu. Eta ez genion boterearen ideiari elkar-jabetza deitu, buru-jabetza baizik. Herritarren behetik-gorako edo grassroot demokrazia zuzenak edo parte hartzaileak, horrek bakarrik definitzen du burujabetza, ez beste ezerk.
Herria jabe edo subiranoa da jabetza herritarren buruetan denean. Soilik orduan. Izan zenezake estatu askea, independentea, subiranoa, baina estatu hori ez da burujabea izango herritarren boterea —benetan— errekonozitua ez bada. Burujabetza bada, praktikatua da, ala ez da.
Botoz edo bestelako ordezkaritzaz emana edo lapurtua denean, sasi-demokrazia formal eta errepresentatibo gisa… ez da euskal subiranotasuna. Edozein sistema hierarkikok, ez bakarrik diktadura inpositiboek, ke lausoa damaigu, gure burujabetzaren garra lapurtzetik datorrena.
Eta horrela izan da, Euskal Herriaren historian, burujabetza. Praktikatua eta babestua. Defendatua, eta galdua. Aldarrikatua eta borrokatua. Eta, azken garaiotan, ahuldua eta ia desagertua.
Baina zutik diraugu. Ezin esan euskaldunok antzinatean sortu genuen adigai horri leialtasunik ez diogunik. Odolarekin defendatu dugu. Defendatu eta galdu. Galdu eta berreskuratu. Eta galdu berriz. Ez esan, hortaz, ez denik berpiztuko. Harritu zintzake eta.
Ohore euskaldun burujabeei. Botere batek garaitu zaitzake, zanpatu, menderatu, zu baino gogorragoa, zitalagoa, eta immoralagoa denean. Baina ez zaitu inoiz mendeko bilakatuko, zuk hori zure buruan onartzen ez duzun bitartean. Subditu izatea egoera psikologikoa besterik ez da eta, zapalketa onartzen duenarena. Alta, euskaldun burujabea ez da inoiz subditu izan, eta ez da inoiz izango.
Aberria askea izan dadin, jende askea izan gaitezen; horrela izan da itzulia Obanosko Infantzoien Biltzarreko leloa, Pro liberate patria, gens libera state. Itxuratu dezagun pixka bat.
Nola izan da praktikatua burujabetza, Euskal Herriaren historian? Berezkoa duen sistema sozioekonomiko-politikoarekin, azken urteetan abk deitua izaten ari dena, abkauzolan-batzarre-komunal hirukotea (alegia, lankidetza aske eta kooperatiboa, behetik gorako erabakimena, eta herri jabegoak). Heda genezake abk-zms sistema gisa. Bermatua Zuzenbide Piriniotarrarekin, demokrazia zuzena gorpuztuz. Defendatua milizia herritarrekin, eta babestua ama-eme-ume ardatzeko ikuspegiarekin. Eta josia gizabide gisako harremanekin eta euskal senarekin, alegia, herri gisa irauteko bulkadarekin.
Nola izan da higatua eta galdua? Ai ama, laster esaten da. 1937, 1833-94, 1631-34, 1620, 1512-23, 1200…
Nolakoa du gaur egun garra? Abk sistema islatzen duten herri ekimenetan pizturik, hala nola euskararen aldeko jaiak, Euskal Herria Zuzenean, auzo taldeak, batzarre eta kontzejuak… Eta horietatik Euskal Herria Burujabea berreraiki nahi duten proposamenetan: Biltzarre, Herribiltza, BorBor… Berriki, Burujabetzaren Aldeko Mugimenduak logika horri darraio Tafallatik, eta Bat Gara prozesuak Euskal herritarren oinarrizko eskubideen eta betebeharren karta proposatu du, zimendu sendoa emate aldera.
Luze joko liguke isuri desberdinak jasotzeak. Baina deiadar mendien garrasiak hor dirau: Euskaldun burujabeok, estatu aske burujabea berandutzen ari zaigularik, ekin dagiogun bitartean herri burujabetza josteari eta lotzeari!