BNC palestinar boikotaren komite nazionaleko kidea

CAF: jaitsi hadi Israelen apartheidaren trenetik

Fiona Ben Chekroun
2025eko ekainaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hogeita sei herrialdetako 82 erakunde, talde, koalizio eta oinarrizko antolakundek mezu argia bidali diete haien instituzio lokal eta nazionalei: CAFi kontratu bat eskaintzea ilegala eta immorala da.

Gazan bizi duten errealitatea, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komitearen lehendakariaren aburuz ere, «infernua baino okerragoa» bilakatu da. Jewish Voice for Peace-k (AEB) esan du Israel gauzatzen ari den genozidioaren fase hau «Gazako palestinarrentzat behin betiko amaiera» dela. Hala eta guztiz ere, mundu mailan gobernu, instituzio eta korporazio gehiegi ari dira beren gutxieneko betebehar legalak bete gabe, nazioarteko zuzenbidearen arabera, Genozidioaren eta Apartheidaren konbentzioak barne.
Idatzi honen sinatzaileok exijitzen diegu gure instituzioei zein gobernuei haien legezko betebeharrak bete ditzatela, eta ez diezaietela inolako kontraturik esleitu enpresei, baldin eta Israelen nazioarteko legedien urraketan, gerra krimenetan edota Palestinar herriaren kontrako genozidioan inplikatuta badaude.

Bat egiten dugu ezen azken bost urteotan Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles (CAF) enpresari presio egiteko BDS mugimendua egiten ari den kanpainarekin, Palestinaren okupazio militar ilegalean duen esku-hartzea eten dezan. Garaia du CAFek Israelen apartheidaren trenetik jaisteko.

CAF Jerusalemgo JLR Tren Arinaren Linea Gorria kudeatzean eta zabaltzen ari da, baita Linea Berdea eraikitzen ere. Palestinako lurralde okupatuetan Israelek eraiki dituen legez kanpoko kokalekuak eta Jerusalemgo mendebaldea konektatuko dituzte bi lerroek.

Ondorioz, Ekialdeko Jerusalem okupatuaren legez kanpoko anexioaren parte da Tren Arina, baita legez kanpoko kokagune kolonialena ere. Kokagune horiek berekin dakarte israeldar zibilak lurralde okupatura lekualdatzea eta palestinar indigenak hiri okupatutik derrigorrez lekualdatzea, eta hori gerra krimena da nazioarteko zuzenbidearen arabera.

Nazioarteko Justizia Auzitegiak (NJA) 2004an ebatzi zuen Israelek Palestina okupatuan eraikitako harresia legez kanpokoa zela; epai hura oinarri, 2024an adierazi zuen Israel apartheida gauzatzen ari dela eta Gaza eta Zisjordaniaren gaineko okupazio militarra guztiz legez kanpokoa dela. Auzitegiak, halaber, agindu zuen Israelek bere okupazio militarra amaitu behar duela, eta Estatu guztiak legez behartuta daudela Israelen okupazio ilegalarekiko konplizitatea etetera, eta ekitera nazioarteko legedia bete dadin.
Ondoren, 2024ko irailean, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Batzar Orokorrak gehiengo handiz ebazpen bat onartu zuen, 2024ko uztaileko NJAren erabakia berretsiz, eta 42 urtean lehen aldiz eskatu zuen Israeli isunak jartzea eta 2025eko iraila baino lehen Israelek okupazioari amaiera ematea.

NJAren ebazpenaren harira, NBEko giza eskubideen dozenaka adituk estatu guztiei gogoratu zieten legez nahitaez bete behar zutela ondorengoa: «Zigorrak ezartzea, aktiboak izoztea barne, legez kanpoko okupazioan eta apartheid erregimenean nahasturiko pertsona eta entitate israeldarrei (enpresa, korporazio eta finantza instituzioak barne), hala nola Estatuen jurisdikziopeko entitate eta pertsonei, baldin eta okupazioa eta apartheida lagundu edo erraztu dezaketen ondasunen edo zerbitzuen emaile badira».

CAF bezalako konpainiek eta haien zuzendaritzek jakin behar dute halako krimen ankerren konplize izateagatik mundu zabalean kontratuak galduko dituztela, eta balizko erantzukizun penalei aurre egin beharko dietela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.