Carme Junyent zendu da igande honetan, irailak 3, 68 urte zituela. Hizkuntzalari jakintsua, Afrikanista espezialitate aldetik, eta borrokalari nekaezina eta sutsua hizkuntza aniztasunean hizkuntza gutxitu eta mehatxatuek duten balioa eta lekua defendatzen. Borrokalaria baita ere katalanaren defentsan, eta aldi berean inklusio-hizkuntza deiturikoaren aurkari. Arau berrien ordez bakoitzak nahi duen eran bizitzeko askatasuna aldarrikatzen zuen feminismoaren eredugarri izandako bizitzan.
Carmerekin hasi ginen ikasten 1997.urtearen bueltan, Unesco Etxean, Bilbon, Unescoren Munduko Hizkuntzen Txostenaren egitasmoa bitarteko. Hizkuntza aniztasuna diplomatiko edo hizkuntzalari jakintsuen poliglota izaera baino arruntagoa eta aldi berean konplexuagoa den zerbait dela ikasi genuen elkarrekin. Alegia, ez dagoela herrialde elebakarrik, bereziki Afrikan edo Asiako hego-ekialdean,eta geroz eta usuagoa dela eleaniztasuna, nonahi, migrazio mugimenduen eraginez. Berak esana da baita ere euskara edo katalana migrazio hizkuntzek ez dituztela mehatxatzen, alderantziz, elkarren lagungarri izan daitezkeela hizkuntza hegemonikoen aurrean solidaritate sareak indartuz, eskolan bereziki.
Carme, 2022an, Generalitateko Hezkuntza Saileko Hizkuntza Batzorde buru izendatu zuten. Hezkuntzan, salaketa gogorrak eginak ditu; esate baterako, Katalunian murgilketa ezarria duten eskola askotako gaztelaniaren erabilera arrunta, ez bakarrik ikasleen artean, baita irakasleen jardunean ere. Batzorde horretako gomendio indartsua bezain arrunta da ikasleek jolas-garaian katalana erabiltzeko aholkua edo agindua ezarri beharra. Izan ere, aspalditik salatu izan du Carmek katalana hizkuntza mehatxatua dela. Azken adibidea: www.vilaweb.cat sarean igande honetan bertan Morirse en catala argitaratu da, hain zuzen berak hil ondoren argitaratzeko bidalia. Bere buruak pairatu behar izan duen hizkuntza bortxaketa salatzen du; osasun zerbitzu ezberdinetan katalanaren ordez gaztelera erabilarazi nahi izan diote, baina berak bere hizkuntza erabiltzeko eskubideari bere heriotzaren ordua arte nola eutsi dion kontatzen digu. Dramatikoa baina aldi berean oso ohikoa dela ezin uka. Katalunian hala bada, gurean zer ote da?
Carmek asko erakutsi du, Bartzelonako Unibertsitateko irakasle, hizlari eta militante nekaezina, tartean GELA Hizkuntza Mehatxatuan Ikerketa Taldearen sortzaile eta bultzatzaile, eta liburu askoren egilea izan delako. Azkena, El futur del catalàdepèn de tu.
Nahiko ondo ezagutzen zuen Euskal Herria ere. Beti izaten zen prest hitzaldiak emateko, nahiz eta airekoaren beldurrez bere autoan etorri behar izan. 2017an EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrak (MHOUK)Ohorezko Kide izendatu zuen Carme Junyent, izan ere asko da katedra honek hizkuntza aniztasunaz eta oro har hizkuntza gutxituen arazo eta erronkak ezagutzeko egin duen lanagatik zor diona. Bere jakinduria, eta hizkuntza mehatxatuen aldeko bere militantzia, beti izango ditugu ezagutza iturri eta ekintza eredugarri.
Ohar hau Carme Junyenten MHOU Katedrako lagunak (Andoni Barreña, Belen Uranga, Mikel Mendizabal, Ane Ortega, Ines Garcia-Azkoaga eta beste asko) gogoan izanda idatzi dut.
Carme Junyent, hizkuntzalari jakintsu eta borrokalaria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu