Denis Itxasoren ondarea: birziklatzeari zigorra

Andoni Gartzia eta beste
2016ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Gutun irekia Denis Itxasori, EH Bilduko San Marko Mankomunitateko ordezkari ohien izenean: aurreko legealdian San Markoko ordezkari ginenok eztabaida ederrak eduki genituen Denis Itxasorekin, egun diputatu denarekin, eta orduan San Markoko presidentea zenarekin. Aurrekontuetan udalen ekarpena zerbitzuen arabera kalkulatu behar zela esaten genuen guk; berak, aldiz, gehien birziklatzen zuten -eta duten- herrien bizkar jartzen zuen hondakin gehien sortzen zutenen gastua.

Joan den legealdian, hondakinen gaineko polemika interesatua sortu zuten Gipuzkoan, eta, olatu horren baitan, gehien birziklatzeko ahalegina egiten duten herritarrak ekonomikoki zigortzea izan zen Itxasoren apustua. Orduan, eztabaida auzitegiek itxiko zutela zioen Denis Itxasok. Orain, auzitegiek aurrekontuak era justuan osatzeko eskatzen genuenon alde egin dute, EH Bilduko kideen alde, alegia. Baina Denis Itxasok mankomunitatean utzitako oinordekotzak, epaiaren aurrean entzungor egin eta 2016ko aurrekontuak ere herri bakoitzaren zerbitzu kostuak aintzat hartu gabe onartu dituzte. Horrek ondorio zuzena du: Hernani, Oiartzun, Usurbil, Lezo eta Astigarragako herritarrok Donostia, Orereta, Pasaia, Urnieta eta Lasarte-Oriako herritarrek sortzen duten hondakinen trataera ere ordaintzen jarraitu beharko dugu.

Bi aldiz eman du gure aldeko epaia Euskadiko Auzitegi Nagusiak. Birritan argi adierazi du jasotako zerbitzuen araberako ordainketa egin behar genukeela San Markoko Mankomunitatea osatzen dugun herritarrok. Halaxe diote, gainera, bertako estatutuek ere. Zergatik bada birziklatu eta gutxiago sortzeko esfortzua egiten duten herritarrak zigortzearen aldeko burugogorkeria hori? Errauste plantaren eraikuntza dago horren atzean, errauste plantak sailkatu gabeko hondakin mordoa behar du bideragarria izateko, eta ez badu lortzen galerak izango ditu. Hori da gehien birziklatzen duenari zigortzeko azken arrazoia.

Gu ez gaude dagoeneko San Markoko batzarrean, eta Itxaso ere ez, baina berak eragindako kalteak indarrean dirau. Hernaniko, Astigarragako, Usurbilgo, Oiartzungo, Lezoko eta Pasaiako herritarrek kudeaketa injustu horren ondorioz gehiago ordaindu behar izan dute orain arte, eta aurten ere gehiago ordaindu beharko dutela salatu behar dugu. Herritar horien dirua lapurtzen ari dira. Bigarren mailako herritarrak gara San Markoko Mankomunitatean.

Birziklatzeko ahalegina egiten dutenak zigortu eta zabor gehien sortzen dutenak saritzen ari dira. Birziklatzearen aldeko inolako apusturik egin gabe jarraitzen dute, ez dute ingurumenaren eta jasangarritasunaren aldeko inolako politikarik; kontrakoa, zaborra sortu eta erre, horixe da euren eredu bakarra!

Gutun hau ez genuke amaitu nahi egoera honen arduradun nagusi Denis Itxasori mezu zuzen bat helarazi gabe. Hark esan bezala, auzitegiek hitz egin dute, eta egungo San Markoko bere oinordekotzari berau onartu behar dutela adieraztea dagokio. Denis, joka ezazu dagokizun errespetuz eta arduraz.

ARTIKULU HAU HONAKO HAUEK SINATU DUTE: Andoni Gartzia, Raul Redin, Izaskun Biurrun, Migel Mari Torrea, Oihan Tello, Nerea Sanchez, BeƱat Amenabar, Asier San Emeterio, Mertxe Aizpurua, Jose Maria Rivadeneyra, Ainhoa Zabalo eta Mikel Arruti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.