Ostegun iluntzean irakurri genuen lehenengo aldiz, egunkarian, gehiegitan, errepikatzen den notizia bat: «gizon batek emakume bat erail du». Baina, oraingoan, aldea nabarmena izan da: Zarautzen gertatu da, Itsasmendi auzoan. Azken hamarkadetan —erailketa matxistak publikoki salatzen hasi ginenetik— ohikoa zaiguna egiteari ekin genion: erailketa matxista kalean salatu, haserreari eta tristurari lekua egin, herritar gisa, feminista gisa, gure amorru propioarekin zer egin jakin gabe, ia-ia noraezean. Bitartean, informazio nahasia, askotan gertatzen den moduan, datuak tantaka eta gertatu denaren desitxuraketa kalean eta topalekuetan. Jakin-minak zurrumurruetan sakontzea dakar; izan ere, Zarautz herri koxkorra da, eta berehalakoan zabal daitezke. Azkar izan ez bazen ere, iritsi zen gureganaino. Izugarrizko zartada bihotzean, gorputza hotz eta ahotsa indarrik gabe uzten zaituen kolpea: Yoanna erail dute. Telegram-eko taldetik erabaki ezin direnak aurrez aurre hitz egiteko elkartu ginen, presazko erabakiak hartzera. Urduri geunden, bagenekien nola/zer egiten den horrelakoetan, gehiegitan antolatu ditugu manifestazioak, elkarretaratzeak, burrunbadak nahiz kazeroladak. Baina, oraingoan, gertu sentitu dugu, oso, eta horrek kezka, mina eta ardura areagotu dizkigu.
Berehala iritsi ziren bere gertukoenen malkoak —saminez eta amorrazioz beteak—, eztarrian korapilatzen ziren hitzak, ezinak, beranduegi den sentsazio frustrantea eta, nola ez, bizitza lapurtu ondorengo haserre-oihua. Orduz geroztik, ezagutzen genuenok ezin ditugu bere irribarre ederra eta begirada konplizea burutik kendu. Badakigu Yoanna bizitzarekin konprometituta zegoela eta bere erabakimena nahiz nahia argi agertzea garesti ordaindu duela. Egunek aurrera egin duten arren eta aurreko ostiralean, udaletxearen aurrean, gertatukoa salatzeko ahalegina egin bagenuen ere, herritar asko sinistu ezinik gaude, haserre eta triste egoteaz gain, baita pentsakor nahiz kezkatuta ere. Gertatu dena ezin dela erreparatu badakigu, baina aldi berean, ekarri dituen zaurietan esku-hartzea beharrezko sentitzen dugu.
Heteropatriarkatuak ez du deskantsurik hartzen, inoiz: ez astelehenetan, ez asteburuetan, ez herriko festetan, ez uda-garaian, ez neguan, ez udaberrian, ez udazkenean… Eraso matxistek ere ez dute etenik izan, lan eremuetan, jai-giroan, etxe barruan, parkean, mendialdean zein nonahi. Beti daude presente; beti, zauri gogorrekin: ukituak, irainak, gutxiespenak, bortxaketak eta puskatuta uzten gaituzten erailketak. Eta, gainera, badakigu emakume batek indarkeria matxista egoera bati aurre egiten dionean eta generoa beste indarkeria-ardatz batzuekin gurutzatzen denean, zaurgarritasuna areagotzen dela, izan arrazakeria, izan bazterkeria soziala, izan prekarizazioa. Horren adierazle izan ziren hainbat komunikabidek erailketari garrantzia kendu eta ia-ia justifikatu ere egin zituzten iruzkin eta kontakizunak. Horren guztiaren aurrean, zenbait galdera sortzen zaizkigu, gogoetarako: emakume zarauztar guztien bizitzek berdin balio al dute? Herrian emakume bat erail du gizon batek, eta ez al da dolu egunik egitera deitu?
Egia esan, mugimendu feministatik ez dakigu nola adierazi ozenago indarkeria matxistaren aurkako aldarria, ez dakigu zer gehiago egin lehen mailako arazo izan dadin guztiontzat. Hamarkadak daramatzagu indarkeria matxistaren dimentsioak bistarazten, salatzen, aurre egiteko estrategiak eskatzen eta erreparazio bideak ehuntzen. Baina hau denon ardura da, herri oso batena.
Patriarkatua urrunagotik ala gertuagotik begira daiteke, baina Yoannaren erailketak denok inplikatuak gauden sistemari begira jartzen gaitu. Hori horrela, badugu zer egina, eta ardurak hartzeko garaia da jendarte feminista baten bidean, indarkeria matxista zein bestelako indarkeriarik gabeko bizitzak egia bihurtzeko. Horretarako, prebentzioan, kontzientziazioan eta balio-sistemaren eraldaketan sustatzeko badugu zer egina: eskolek, instituzioek, elkarteek, herritarrek, kuadrillek…
Ardura publikoa dutenei eskatzen diegu indarkeria matxistaren prebentziorako, esku-hartzerako eta erreparaziorako aurrekontu zein baliabide gehiago eskaintzea, adibidez arreta psikologikorako itxaron zerrendak arintzea, erakunde arteko protokoloak fintzea, profesionalen formakuntza hedatzea eta abar. Finean, konpromiso irmoak hartzea. Horrez gain, dei egiten diegu mugimendu feminista mintzakide politiko gisa aitortzera, bai Zarautzen, bai gainerako erakundeetan eta lekuetan. Elkarlanerako zubiak eraikitzea ezinbestekoa da gizarte bezala dugun erronka honi aurre egiteko, hau ez baita lehia bat. Bitartean, gure nahia da Yoannari merezi duen aitortza egitea, eta datozen mobilizazio zein ekitaldietara adi egoteko eskatu nahi diegu herritarrei.
Yoannak bizitza bat zuen, gu guztiok bezala. Ama, senideak, eta lagunak zituen. Ez da zenbaki bat, gure herrikidea izan da. Ez da «eraildako emakume bat gehiago», bere bizitzagatik egunero borrokatzen zen emakume bat baizik. Izenik ez duenak ez du izanik dio esaera zaharrak, eta bat egiten dugu: erailketa matxistak ezin ditugu zenbaki gisa ulertu eta normalizatu. Egunerokoan azkurak, minak, gogoetak, mugiarazteko edota gelditzeko beharrak sortzen ez badizkigute, zer gara bada?
Eraso matxistek inguratzen gaituzten gizartean, mundu hobe baterako baldintzak sortzeko leku bat eman diezagula feminismoak. Ardurak hartu eta errebisatzeko garaia da. Ezin dugu beste aldera begiratu, denok gara Yoanna!