Rosa Lago. AHT Gelditu eta Ekologistak Martxan Elkarlaneko kidea

Desobedientziaren bidetik

Rosa Lago
2011ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Laster beteko dira hiru urte Urbinan Abiadura Handiko Trenaren kontrako mugimenduak desobedientzia zibileko ekintza ez-bortitza egin zuela hango obra-guneak okupatuz eta aldi baterako behintzat lur desjabetuak berreskuratuz. Egun hartan zortzi pertsona atxilotu eta hamarka pertsona zauritu zituzten polizien erasoek.

Egungo demokraziak nagusikeriaz jokatu ohi du eta entzungor egiten dio AHTaren aurkakoen aldarriari. Haien arrazoiak eta bizitza aintzat har ditzaten, AHTaren aurkako ekintzaileek erabili duten bidea ekintza ez-bortitza izan da: desobedientzia, boikota eta laguntza-eza. Ez dituzte hartu, beraz, boteretsuek erabilitako indarkeria bideak; min ematea ez baita ekintzaileen asmoa.

(...) AHTaren kontrako desobedientzia zibila Italiako iparraldean hasi zen. Bertan, hamarkadak daramatzate Turin-Lyon abiadura handiko trenbideari aurre egiten. 2006an, Susa bailarako adin guztietako ehunka biztanlek kanpalekua antolatu zuten obretan. Kanporatu zituzten, baina ekin eta ekin, berriz jarri zuten kanpalekua. Azkenean, Italiako Gobernuak amore eman behar izan zuen eta lanak urteetan egon dira etenda. Bost urte igaro dira eta Italiako Gobernuak ibilbidea aldatu du, oposizioa txikiagoa izan dadin, baina, hala ere, ibilbide berriaren kontra ere bat egin dute gehienek, Magdalenako erresistentzia gunean garbi ikusten den bezala.

AHTaren aurkako Euskal Herriko mugimenduak ere desobedientzia zibilaren bidetik jo du. Hona zenbait adibide: «AHTa ez ordaindu» kanpainaren helburua AHTa diruz ez laguntzea izan da, EuskoTren eta Renfeko txartelak ez ordainduz, bi enpresa horiek AHTaren laguntzaile direlako; zuhaitzetara igotzea, AHTko lanetan bota ez zitzaten; 2010ean, Mariaratz meatzetan, hormigoizko bidoi batzuetan kateatu ziren lau ekintzaile, tuneleko obrak bertan behera utz zitzaten; AHTaren eraikuntzan gutako bakoitzak gutxi gorabehera zenbat ordainduko dugun jakinarazteko, billeteetan zigilua jartzea; AHTaren eraikuntzarako biztanle guztion ordainketa eskatzeko, benetakoen itxura zuten milaka gutun sartzea gutun-ontzietan; obretako makinetan kateatzea, hainbat ordu eraikuntza-lanak geldiarazteko; udaletxeetan egindako protestak, desjabetze prozesuak hainbat hilabete atzeratzeko...

Iparraldean nabarmena da 2011n ehunka pertsonak ez zietela zundaketa-makinei pasatzen utzi, eta Frantziako Estatuak oraintsu jakinarazi du bi urte hartuko dituela Lapurdiko abiadura handiko linearen beharraz hausnartzeko.

2009an ekintzaileek Urbinako lanen lurrak okupatu zituztenean, lurrok jendearentzat duten balioa aldarrikatu nahi zuten. Lurraren txikizioak bertan bizi den herriari hondamena dakarkio, ekosistema eta bioaniztasunaren babesleku izateaz gain bertan bizi diren pertsonen euskarri kultural eta materiala delako lurra. Kasu honetan, gainera, lurraren jabetzaz gain, lur horren etorkizunaz erabakitzeko dugun eskubidea ere galdu dugu.

Estatuak desobedientzia ekintza ez-biolentoei erantzun egokia ematen ikasi behar du, polizia eta lege-indarkeria albo batera utziz eta nagusikeria ez erabiliz gizartearen eskaerei erantzuteko. Gogora dezagun, bide batez, 18/98 sumarioa. Auzitegi Gorenak Joxemi Zumalabe errugabe hartu zuen honakoa argudiatuz: «Desobedientzia zibila Estatuari aurre egiteko zilegizko bidea da eta pentsamolde edo ideologioa hori gizarte demokratiko batean onartu behar da». ( «La desobediencia civil puede ser concebida como un método legítimo de disidencia frente al Estado, debiendo ser admitida tal forma de pensamiento e ideología en el seno de una sociedad democrática»).

Gizarte bakea ez da paralisia edo gatazka-ezarekin nahasi behar, eta gatazkak konpontzeko bideak lege barruan egongo dira jendearen aldarriari erantzuten zaion neurrian. 15-M inguruan sortutako nazioarteko mugimenduek ere egungo sistemaren demokrazia-eza agerian utzi nahi dute. Horri erantzuteko, Euskal Herriak argi dauka bortizkeria albo batera utzi nahi duela, eta AHTaren aurkako mugimendua desobedientzia zibileko ekintza ez-bortitzen bidez jendarteak bere boterea jokoan jar dezakeela erakusten ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.