Donostiarren ikuskizun negargarriak

2023ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Gure historiak, komunitatea lez, iraganera begirakoa izan beharko luke, izan ere, memorian eta ahanzturan eraikita dago. Memoriak lotu egiten gaitu eta ahanzturak, berriz, zatitu eta banandu.

1813ko sarraskia gogoratzen dugunean, ez da gogoratzea nahi, ez da interesatzen oroitzea, eta, beraz, horrek zatitzen eta banatzen gaitu. Horrela, gure inguruan memoriari dagozkion kasu asko izaten dira.

Horietako batzuk astakeria eta itsukeria nabariak dira, adibidez, Irun eta Hondarribiko ikuskizun tristeak, non historia desitxuratuta kolonizatzaileak eta inbasoreak babestuz egiten den. Bide batez, emakumeena bezalako jendarte sektore anitz diskriminatu.

Antzeko zerbait gertatzen da Pasai Antxoko festetan, non San Fermin eguna ospatzen den. Nondik dator santu hori Pasaiara? Herritarrek ez dakite Pasai Antxo estatua jabetu zen lur komunaletatik datorrela. Eta lur horiek oparitu zitzaizkiola Fermin Lasala Urbieta oligarkari. Ondoren bere seme Fermin Lasala Collado Mandaseko Dukeak oinordekotzan jaso zituela eta Molinaoko zingira eta erribera guztien jaun eta jabe bilakatu zela Pasai Antxo herria eraikiz. Historia errespetatu beharko balitz, festetako patroiak San Fermin Lasala izan beharko luke, bestela, orain gertatzen den bezala, memoria desitxuratu egiten da ahanztura mantenduz eta jendea zatituz.

Donostiako danborrada inauterietako konpartsa bat gehiago zen eta ez du zerikusirik Napoleonen garaiko gerlekin. Kasu honetan ere, donostiar burgesek ezin zutenez jasan jendea diberti zedin, sokamuturra debekatu zuten, jakinik hori zela donostiarren dibertitzeko modu nagusiena (egun Iruñean entzierroarekin gertatzen den bezala).

1902an zoritxarreko Sebastian Machinbarrena alkatearen aginduz sokamuturra debekatu zen, eta horrekin batera danborrada. Ondoren, Francok alkate hori aldundiko presidente izendatu zuen 1936an. Sokamuturra eta inauteriak debekatu zituztenak jauntxoak beraiek izan ziren, esan bezala, ezin baitzuten onetsi herritarrak diberti zitezen; euren kontroletik at zeuden festak, eta, egia esan, ondo kontrolatu zituzten jendea eta festak, izan ere, 1936an eman zuten estatu kolpearen ondoren sortu zen gerra, eta horren ondorengo errepresioarekin espainiar basakeria eta fanatismoa hiriaz jabetu zen, Erdi Aroko garaietara itzuliz. Hamarkadak bizi izan ziren donostiarren artean izua barnean zutela, eta oraindik ere ondorioak nozitzen ditugu.

Egun donostiarren danborrada erabat masifikaturik dago, eta, horrez gain, sarritan militarizatu egin da. Ikusi besterik ez dago umeen danborrada parada militarizatua bilakatu dela. Gainera, Loiola kuarteleko militarrek Tatiagoren doinuarekin desfilatzen dute auzoan. Hiriko kaleetan laster agertuko ote dira? Ikusiko dugu.

Aipatu behar dugu duela urte batzuetatik gaur egunera nola nahi den gogoratu 1813ko abuztuaren 31n gertatu zena, ingeles mertzenarioek soldadu portugesekin batera, hauek espainiar aliatuak zirela, Donostian egin zuten sarraskia frantsesen aurkako gerran ari zirela.

Esan bezala, aipatzen dugun ikuskizun negargarri hori, tiro hots eta soinu handiekin, danborradan oinarritzen da, Napoleonen garaiko jantzi militarrekin mozorroturik —dirudienez, ez zaie bururatzen beste modurik—, ingelesak hiria konkistatzen frantses okupatzaileen eskutik askatuz, ondoren espainiarrei emateko. Horretan datza egiten duten ekitaldia. Bidenabar, erail, lapurtu, emakumeak eta haurrak bortxatu eta, azkenik, hiriari su eman, desagerrarazteko. Dena Wellingtongo dukearen aginduak betetzeko, eta dirudienez, Castaños jeneralak agindutakoa ere egiteko, zeinak herritar guztiak aiztoz pasatzeko agindu zuen eta Donostia erabat suntsitzea nahi izan zuen.

Bideraturik izan den historia faltsua eta memoria elkartu baten gabeziaz baliatuz ahanztura eta kritika falta izan dira gure artean. Adibidez, kultura gastronomiarekin nahasten dugu. 2015eko urriaren 26ko estatu legeak xedatzen du kultura ez-materialaren patrimonioa dela gastronomia (ez dute aipatzen gastroenteritisa. Ez dezan jendeak pentsatu beherakoa ere kultura dela).

Orduko jauntxoak egungo kapitalistak dira, gastronomian negozioa ikusi dutenak eta gure hiria janariaren abangoardiaren «Meka» bihurtu nahi dutenak, pintxoen munduko hiriburua, alajaina, euren adierazpenetan eta propagandetan dioten bezala.

Gure zoritxarrerako, bozkatzen ditugun politiko administrariei alfonbrak jartzen dizkiete, orubeak oparitu eta guztion dirua ematen diete gure kontura euren negozioak egin ditzaten, bere garaian Pasai Antxorekin gertatu bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.