Euskal Herrian, uda nahiko lasaia izan dugu. Herrietako jaiak, oro har, giro onean joan dira, eta herritarrek dibertitzeko duten premia eta gogoa erakutsi dute. Beste urteetan baino arazo gehiago ez dira egon. Hori bai, sexu erasoek ez dute behera egin, eta gehitu direnak eraso arrazistak eta homofoboak izan dira. Bitartean, EAJ alderdiko Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Bingen Zupiria Jaurlaritzako Segurtasun sailburua, EITB kate publikoa eta Vocento taldeko egunkariak behin eta berriro alarma egoera pizten saiatu dira, ustezko segurtasuna eta Polizia erdigunean jarriz. Gorabehera normalak arazo bihurtu dituzte, eta tirabira txikienak, alarma. Bultzada politikoa egon da, bereziki Bilboko jaietan, Polizia erdigunean jartzeko, jaietako beste konpartsa bat balitz bezala, haren lana azpimarratuz eta atxiloketak egunero goraipatuz.
Pradales itzuli zen oporretatik, eta panfleto berberari heldu zion bere lehen agerraldian, normaltasunez joan den uda honetan, honako hau azpimarratuz: «Salbuespen bat egon da: udaltzainek eta ertzainek pairatu dituzten indarkeria eta bazterkeriazko gertakariak». Uda osoan zabaldu nahi izan duten irudia segurtasunik eza eta kaosa izan da, horren guztiaren errudun EH Bildu bihurtuz, noski. Eta biribiltzeko, ikasturte hasierako Zarauzko mitinean, Maria Eugenia Arrizabalaga buruzagiak guri egotzi digu bere alderdiari «bullying politikoa» egitea. Alegia, Gipuzkoako Diputazioa eta beste hainbat udaletako agintea —PSE eta PP espainolen laguntzaz— kendu dizkigun alderdiak bere burua biktimatzat hartzen du eta, gainera, gu gara horren errudun. Zer logika eta sinesgarritasun daukate horrelako sinplekeriek? Gehiegi ote da arduradun politikoei seriotasun pixka bat eskatzea?
Izan ere, nork sinistu Ertzaintzak eta udaltzainek bazterkeria sufritzen dutela? Zertan zehazten da bazterkeria hori? Nola izango da biktima, gaurko Euskal Herrian, hortzetaraino armaturik dagoen polizia? Zer egiten diete biktima sentitzeko? Soldata ederrak, hainbeste prima, beste langile batzuek hartu ezin dituzten egun libreak, jubilazio pribilegiatuak... Zer dela-eta sentitzen dira baztertuak? Agian euren gehiegikeriak kritikatzen ditugulako? Euskaraz mintzatzea eskatu eta exijitzen diegulako? Ala Euskal Herrian ez direlako integratuak sentitzen? Azken Aste Nagusian, Bilboko Posta kalean, lekuko ugariren aurrean, euskaraz mintzatzeko eskatu nion udaltzain batek oihuka esan zidan: «Esto es España y por lo tanto tengo derecho a hablar en castellano». Nor dago baztertuta gure herrian?
EAJ biktima papera hartzeko estrategia lantzen ari da. Haiek biktima eta, beraz, EH Bildu borrero. Itxurarik gabe eta sinesgarritasun gutxiagorekin ari diren arren, ongi aztertutako estrategia bat da
EAJ alderdiak Ertzaintza zein Udaltzaingoa biktimatzat jotzen ditu, horren ardura politikoa EH Bilduri egotzi nahi diolako. Bera Poliziaren eta, beraz, segurtasunaren defendatzaile sutsua izanik, borreroa gu garela nabarmendu nahi duelako. Jakitun izanik udan egon diren gertaera batzuetan ez daukagula zer ikusirik. Berdin da, denak balio du gure politikagintza eredua zikindu eta herritarrak urruntzeko. Erruduntasuna garai batean paralizatzailea izan zenez kolektibo zabal batentzat, berriro mezu berbera erabili nahi dute. Gaur egungo gizarteak dituen arazoei aurre egin beharrean, beste garai batera itzuli nahi dute. Baina garaiak aldatu dira, zorionez.
EAJ alderdia biktima papera hartzeko estrategia lantzen ari da. Haiek biktima eta, beraz, EH Bildu borrero. Itxurarik gabe eta sinesgarritasun gutxiagorekin ari diren arren, ongi aztertutako estrategia baten barruan kokatzen den saiakera da, dirudienez. Izan ere, Daniele Gigliolik bere CrĂtica de la victima saiakeran dio biktima figurak «heroi» estatusa berreskuratu duela. Eta are gehiago, «prestigioa, aitortza eta autoritate morala» eman diezaiokeela biktima papera betetzen duenari. Beraz, ez dira txorakeriak. Biktima bezala agertzeak norberaren prestigioa areagotzeko joera indartu dezake, eta, aldi berean, besteen kritikaren balioa gutxietsi. Komunitatearen autoestimua indartzeko balio dezake, eta, ondorioz, hautesleriaren fideltasuna bermatu. Liburuetan finkatutako estrategia lantzen ari da EAJ, baina ez dakit askorako balioko dion. Harrokeriaz jokatzen ohituta dagoen alderdi batek biktima dela sinetsarazteak ba al du inolako sinesgarritasunik?
Azken egunetan, Israelen genozidioa salatzeko Bilbon egon ziren mobilizazioen inguruan ere, EAJ alderdiaren jarrera deskalifikazio eta salaketena izan da, milaka herritarrek Palestinaren alde erakutsi duten solidaritatea eta sufritzen ari direnekiko sentiberatasuna bera ukatuz, Aburto alkate jaunak egin duen bezala. Herritarren borondate ona eta mobilizazioen zergatiak dudan jartzeraino mespretxatzeari, oso larria deritzot. Zer eskubide du modu baketsuan haserrea erakutsi duten herritarren jarrera modu horretan baloratzeko? Helburua Bilboren izen ona zikintzea izan omen da. Bakarrik falta izan zaio publikoki salatzea EAJ alderdia izorratzeko antolatu zituztela istiluak.
Giza eskubideak ez dira soilik hitzez defendatzen; hain modu larrian urratzen direnean, jarrera ausartak eta eraginkorrak hartu behar dira. Auzo-lotsa, herri zapalduen alde ezer ez egitea da, besteen jarrera beti kritikatuz
Auzo-lotsa sentitu omen dute EH Bildukoen jarreragatik. Nik, aldiz, auzo-lotsa sentitzen dut hainbeste hautetsik eta instituzioetako ordezkarik Israel egiten ari den genozidioa kritikatu eta neurriak hartzeko izan duten epelkeriagatik. Pradales jaunak aurtengo iraila arte ez du inoiz genozidio hitza erabili Israel egiten ari den sarraskia salatzeko. Eta areago, erabaki bakar bat ere ez du hartu bere gobernuak harremanak hausteko edo armak hara ez bidaltzeko eta, gure lotsarako, Bilboko Metroak Israelekin lotura duen enpresa batekin sinatu ditu bere segurtasun zerbitzuak. Giza eskubideak ez dira soilik hitzez defendatzen; hain modu larrian urratzen direnean, jarrera ausartak eta eraginkorrak hartu behar dira. Hori egin zuten hainbat herritarrek Bilbon. Ez da asko, baina euren esku zegoena zen. Auzo-lotsa, herri zapalduen alde ezer ez egitea da, besteen jarrera beti kritikatuz.