Eliseo Gil eta Idoia Filloy, Iruña-Veleia aztarnategian indusketak egiten ari ziren Lurmen enpresako arduradunak, eta hainbat langile, 2008ko azaroaren 19an kanporatu zituzten, 444/2008 Foru Ordenantzaren bidez. Kanporatze erabakia «Batzorde Zientifiko Aholkulariak» hartu zuela esaten badu ere, batzordearen bileretako aktetan ez da ageri holakorik. Handik hilabete batzuetara honela deskribatzen du egun hura Eliseo Gilek: «2008ko azaroaren 19an irregulartasun prozesu etengabe bat hasi zen, eta, horren ondorioz, nire lanetik baztertuta eta nire ospe profesional, laboral eta pertsonala suntsituta amaitu nuen, foru agindu baten eta komunikabideen bidez» (Perdón por ser inocente, 2009).
Hamazazpi urte geroago, zertan da auzia? Kanporatuek eta kanporatzaileak postura antagonikoetan jarraitzen dute:
Kanporatuak, eta haiekin bat egin dutenak, ahalegin betean aritu eta ari dira ekarpenak egiten grafitoen balizko benetakotasunean sinistuta, haien analisia eskatuz, Iruña-Veleia argitu aldarrikatzen. Aurten bertan, 25 artikulu argitaratu dituzte gai desberdinak landuz, hamar bisita gidatu egin aztarnategira, bederatzi bideo editatu, bost hitzaldi eman, hiru agiri Iruña-Veleia Argitu Ez Suntsitu plataformaren eskutik eta manifestaldi bat Gasteizen grafitoak analizatzea eta hondeamakina aztarnategitik ateratzea exijituz. Bideoetako baten protagonista Eliseo Gil bera da, auziari eta bere buruari buruz: El arqueólogo maldito / Arkeologo madarikatua (2025).
Kanporatzailea, berriz —Arabako Foru Aldundia—, sinistuta dago grafitoen balizko faltsutasunean. Azpimarratzekoa da aurtengo martxoaren 25ean Eusko Jaurlaritzarekin batera ateratako prentsa-oharra.
Miguel Thomson ikerlariak erantzun zien lehenbizi César, Nerón y otras mentiras del montón artikulu mamitsuarekin. Eta orainago, Idoia Filloyk —EHUn Arkeologian eta Historian lizentziatua, eta Ondare Arkeologiko, Historiko eta Artistikoan Unibertsitate Masterra duenak— erantzun die bideoz eta idatziz: Autopsia de una Noticia eta Las Ermitas (Espejo, Álava): los grafitos de César y Nerón en su contexto arqueológico. Dena ondo dokumentatuta. Prentsa oharraren egileek irakurri eta ikusi badituzte, ziur nago dagoeneko ondo damututa egongo direla idatzi izanaz.
Bertan gezurrak, erdi egiak eta susmoak nahasten direla diote batak zein besteak, berriro ere Iruña-Veleiako grafitoak eta Lurmen enpresa lokazteko, ezelako frogarik eskaini gabe. Gainera, idatzi hau lau haizeetara zabaldu zuten 30 bat hedabidek, bai Euskal Herrian (EITB, El Correo, El Diario Vasco... ; bai Espainian (ABC, Cadena SER, Infobae, El Debate...). Eta Facebookek eta X-k.
Grafitoen balizko benetakotasunaren edota faltsutasunaren gaira pasatuz gero, ohartuko gara ez dela ezer aurreratu urteen joan-etorrian. Oraindik 2013an pertsona bakar batek egindako txostenarekin gabiltza —Instituto del Patrimonio Cultural de España (IPCE), primer informe de José Vicente Navarro—, 2020ko Epaiak berretsi zuena: grafitoetatik 39 bakarrik analizatu zirela eta horietatik 36 faltsuak direla eta bat benetakoa. Guztira hirurehun bat izan daitezkeela jakinda, oraindik badago zer analizatua. Ezin esango dute denbora falta izan denik gehiago edo denak analizatzeko! Ulergaitza da zergatik ez dituzten eramaten behingoz bizpahiru laborategitara. Seguru egongo ginateke, Irulegiko Eskuaz gauden bezala.
Eta aurrera begira, zer? Auzi larri eta korapilatsuei eman izan zaie irtenbidea gure herrian eta honi ere esperantzaren leihoa zabaldu behar zaiolakoan nago. Etorriko dira garai hobeak.