Atakondoa ikastetxeko HH1 mailako D ereduko ikasleen gurasoak gara, eta, idatzi honen bidez, 3 urteko haur taldearen errealitateari dagokion kezka adierazi eta irtenbideak eskatzen dizkiogu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko ikuskari buruari.
Epez kanpo gelako haur baten matrikula jasotzeagatik, 3 urteko gelan 24 haur tutore bakarrarekin hasi dira ikasturte honetan Irurtzungo Atakondoa ikastetxean. Ez dago eskubiderik. Izan ere, iraila baino lehen eta eskolako plantilla osatu aurretik Hezkuntza Departamentuak bazekien 3 urteko matrikulazio horren berri, eta lau eguneko epeagatik ez da D ereduko 3 urteko taldea bi gelatan banatu.
Garrantzitsua iruditzen zaigu azpimarratzea gaur egun Haur Hezkuntzako ratioa 23 haurrekoa dela, eta berriki ratioak hogeira jaistea hitzartu dela. Horrek agerian uzten du azken ekintzek irudi bat baino ez dutela bilatzen, ikasleen eta hezkuntza taldearen beharrei benetan heldu gabe.
Horiek horrela, agerian geratu da Hezkuntza Departamentuari haurren ongizatea eta osasuna ez, matrikulazio datak eta alderdi ekonomikoa inporta zaizkiola soilik.
61/2022 Foru Dekretuan, ekainaren 1ekoan, Haur Hezkuntzako xede gisa ikasleak beren garapen integral nahiz harmoniatsuan laguntzea aipatzen da. Baina horrelako ratioarekin ezinezkoa suertatzen da tutore bakarrak 3 urteko haurren aniztasunari erantzun eta akonpainamendu egokia eta gertukoa egitea. Are gehiago, alergia kasuak, euskara ulertzen ez duten haurrak, inoiz eskolaratuak izan ez diren haurrak, fardela behar dutenak, kultura eta ohitura ezberdinak dituztenak... gela berean elkartzen direnean.
Era berean, dekretu horren 13. artikuluan, hezkuntza jarduera haur bakoitzaren ezaugarri, behar, interes eta estilo kognitibora moldatuko dela aipatzen da. Akaso posible al da eskolan hasi berriak diren 3 urteko 24 haur ongi ezagutzea? Eta proposamenak beren behar, interes eta kogniziora moldatzea? Akaso uste duzue erreferentziazko tutore batek hori egin dezakeela aparteko laguntzarik gabe? Ba, aldez aurretik esanen dizuegu hori ezinezkoa dela. Hortaz, Hezkuntzako ordezkariren bat eskolara etortzea eta gure seme-alaben egoera behatzea eskatzen dugu.
95/2022 Errege Dekretuan, otsailaren 1ekoan, haurtzaroaren kultura errespetatzeari, hezkuntza inklusioari eta Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsala aplikatzeari toki garrantzitsua ematen zaie. Nola errespetatuko da haurtzaroaren kultura eta nola bermatuko dira IDU printzipioak horren talde anitz eta zabalarekin?
Eskola honetan Haur Hezkuntzako etapan azpiegitura aproposa dago taldea bitan banatzeko. Baina haurrak talde bakarrean daudenez, zailtasun garrantzitsu bat eransten da. Izan ere, 24 haur gela batean egoteko espazioa oso txiki geratzen da, eta bi espazio erabili beharrean aurkitzen dira 3 urteko D ereduko haurrekin. Halere, erreferentziazko pertsona bakarra denez, bi espazio ezberdin gainbegiratu behar izatea ezinezkoa suertatzen da. Egunen batean zerbait larria gertatuz gero, norena izanen da ardura? Hezkuntza sailarena? Izan ere, 3 urteko talde honen errealitatea ezagututa, ezin zaio horrelako ardura tutore bakar bati egotzi.
69/2023 Foru aginduari, abuztuaren 21ekoari jarraikiz, hezkuntza administrazioak kalitatezko hezkuntza inklusibo bat betetzen dela ziurtatu eta zaindu beharko duela aipatzen da. Lan hauxe, zuei, hezkuntza sailari, dagokizue.
Izan ere, Haur Hezkuntzako lehen urteek haurren garapenean izugarrizko garrantzia dute, eta ratio honek ez ditu ez ikasleen eskubideak errespetatzen, ez Haur Hezkuntzako lehen urteetan horren garrantzitsua den haurren kalitatezko garapena bermatzen.
Hortaz, Atakondoa eskolan 3 urteko D ereduko haurren ongizatea ziurtatu, kalitatezko ikaskuntza prozesua bermatu, eta aniztasunari erantzun egokia eman ahal izateko, gela bitan banatzea eskatzen dugu, 2025eko ekainaren 6an, Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekitatean eta hezkuntza kalitatean aurrera egiteko itunean adierazten den bezala.
Egoera honi irtenbidea ematea ezinbestekoa da! Azken finean, 3 urteko haurrekin ari gara, eta beren lehenengo eskolaratze prozesu eta esperientzia honek haien geroko ikaskuntza eta garapen prozesuan eragina izanen du.