Edozein administraziotako gobernuak izan ditzakeen bertute nagusietako bat, segur aski, egonkortasuna da. Eta are gehiago gaur egungoaren gisako garai batean, non desadostasunak, nabarmenago bihurtzeaz gainera, akordioak lortzeko zama eramanezin ere bilakatzen baitira maiztxo.
Dena den, nik orain ere zinez uste dut herritarrek klase politikoari beti eskatzen diotela horren guztiaren gainetik jarduteko, eta elkarrekin ados jartzen saiatzeko. MarĂa Chivite presidente duen Nafarroako Gobernu honek oso argi izan du, lehen legegintzalditik, horrek behar duela bidea, eta urteen joana arrazoia ematen ari zaio.Â
Azkenaldi luze honetan, aurrekontuak onartzea lortzen ari da Nafarroa. Eta hori ez da kasualitatea. Oposizioak, ordea, berean dirau, berak sortua ez den edozein lan eta ekinaldi porrokatzen. Hainbesteraino, non Nafarroako Aurrekontu Orokorraren proiektua argitara atera aurretik ere jada iragartzen baitira batzuetan haren kontrako osoko zuzenketak.
Horrek ez du harritzen foru gobernua, baina atentzioa behintzat ematen du, zeren arestian aipatu dudan politika molde horren kontrakoa baita guztiz: ezberdinen artean ados jartzen saiatzea da molde bat, eta beste bat, guztiz bestelakoa, modu sistematikoan «ez» esatea, inolako arrazoibiderik gabe.
Esaterako, Nafarroako Aurrekontu Orokorrak eta Zerga Neurrien 2026rako Lege proiektua bi adibide garbi izan dira: bi-biek erakutsi dute nola urratu den elkarrizketaren bidea egonkortasuna lortzeko.
Nafarroako Gobernuak prestatu dituen aurrekontu publikoek, aurrekoak baino handiagoak izateaz gain, bermatuak dituzte gastu konpromisoak, eta berriz ere helburu gisa hartu dute denen ustez herritarren kezkagaiak diren horiei heltzea: osasunari, etxebizitzari, hezkuntzari, eskubide sozialei… Horiexek dira ongizate estatuaren kontzeptu hain higatuaren oinarriak, eta oinarri horiek babestu eta bermatu beharra dago gaur egun, are gehiago ikusirik nolako mehatxuak hurbiltzen ari diren. Eginkizun hori, bada, pentsamolde aurrerakoia duen gobernu batek baino ezin du bete.
Espainiako Estatistika Institutuak bizi kalitatearen indize aldeaniztunaren inguruan eman dituen azken datuen arabera, Nafarroa oraindik ere lider da bizi kalitatean. Eta hori denon meritua da. Ezin da ukatu.
Halako datuak lortzeko, ordea, kontuan hartu behar da herritarrek zenbait errealitate izan behar dituztela ezinbestean begien bistan, beren bizilekuaren ikuspegi hain positiboa ematera bultzatzen dituzten errealitate batzuk, alegia. Eta, horretan, ardura handia dugu administraziook. Erabakiak nola kudeatu eta nola hartu, horrek gure orainaldia baldintzatzen du, eta baita, noski, gure etorkizuna ere. Hori ez dugu begi bistatik galduko.
Ongizate estatuaz era orokorragoan mintzatzen bagara, dena den, beste errealitate batzuei heldu beharrean gaude.
Nafarroako Gobernuarentzat, lehentasuna da gure industria sarea eta harekin lotutako lana indartzea. Alde horretatik, aurrekontuetan jasoak daude ekiteko ildo zehatz batzuk; presidenteak berak, adibidez, iragarria du asmoa duela Nafarroako industriari gero eta babes handiagoa ematen jarraitzeko, komunitateko BPGaren %2raino irits dadin. Baina badira tresna gehiago ere.
Eta hori zuzenean lotua dago adostasuna eta egonkortasuna lortzeko dugun gaitasunaren erakusgarri jakin batekin: Zerga Neurrien 2026rako Lege proiektuarekin, zeina berriki onartu baita.
Beti esan izan dut fiskalitatea bide bat dela zenbait dinamika zuzendu eta errealitateei beste ikuspegi batetik heltzeko. Nafarroako Gobernuak onartutako proposamenak komunitate honetako langile klaseari begiratu dio, eta oinarri batzuk ezarri ditu Nafarroa are lurralde erakargarriagoa izan dadin inbertsioak egiteko.
Gehienezko karga tasa bat sortu da enpresa handientzat, %25ekoa, baldin eta zenbait betebehar betetzen badituzte; neurri horrek de facto bermatzen du langile klase horren babesa, eta enpresen sektorea gonbidatzen du modu aktiboan parte har dezan zenbait auzi guztiz funtsezkotan: besteak beste, enplegua ez galtzeko bidean, lan istripuen tasa apaltzeko ahaleginean, eta berdintasun planak betetzeko asmoan.
Baina ez da hori lege testuko neurri garrantzitsu bakarra. PFEZaren zergan ere aldaketa nabarmen bat izango da, eta, horri esker, errenta aitorpena onuragarriagoa gertatuko zaie 340.000 nafar pasatxori. 32.000 euro baino gutxiagoko errenta dutenek nabarituko dute aldea, hau da, errenta baxu edo erdiko esaten zaien hori dutenek. Gainera, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak egindako planteamenduaren ondorioz, 17.000 euro baino gutxiago jasotzen dutenek ez dute nahitaez errenta aitorpenik egin beharko, eta, beraz, ez dute zerga hori ordaindu beharrik izango.
Zinez uste dut zaila dela halako neurrien kontra agertzea. Nolanahi ere, argudio alderdikoi hutsen gainetik dago gobernua, askotan itxurak egiteko baino ez diren argudio horien gainetik, eta jendearen alde lanean segitzea baizik ez du helburu, fikziozko zarata artifizial horretatik urrundurik.
Izan ere, batzuentzat, kosta ahala kosta hor egotea baizik ez da xedea; Nafarroako Gobernuarentzat, berriz, kudeaketa onaren eredu izatea da helburua.
(Erredakzioan itzulia)