Abuztuak 8.
Santa Barbarako pareta Txikiren eta Otaegiren aurpegiekin jantzita esnatu da. Ikurrina eta data parea dituzte goian: 1975-2025.
Aurrerago ere saiatu omen ziren olana zabaltzen, baina lortu ez. Gaur bai, bada.
Ez nituen ezagutu, baina Otaegiren berri txiki-txikitatik jakin dut, etxetik. Ondorioz, baita Txikiren berri ere, modu lausoagoan bada ere. Hazi ahala, baten eta bestearen etxekoak aurrez aurre ezagutzera ekarri nau bizitzak.
Adinagatik —edota ahanztura inposatuagatik/inpostatuagatik— ez dakienarentzako jakingarriak: Jon Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi Etxeberria Francok ofizialki azken exekutatutako bi euskal borrokalariak dira. ETA politiko-militarrekoak. 1975eko irailaren 27an fusilatu zituzten, epaiketa fartsa banaren ondoren.
Beste hiru pertsona ere exekutarazi zituen Francok duela 50 urteko egun beltz hartan: Jose Humberto Baena eta Jose Luis Sanchez Bravo galegoak, eta Ramon Garcia Sanz aragoiarra. FRAP (Fronte Iraultzaile Antifaxista eta Patriotikoa) talde armatuko kideak ziren hirurak.
«Si te dijera, amor mío...»
Konturatzerako, Auteren Al alba kantatzen ari naiz neure kolkorako.
«… que temo a la madrugada...»
Ogi bila irten naiz eguartean. Kafea ere hartu dut. Etxera bueltatzerako banekien nola etorri ziren Txiki eta familia osoa Azken Portura bizitzera, non hasi zen lanean 14 urterekin, noiz egin zuen ihes herritik sasira... Auzoko bizpahiru ezagunek esan dizkidate kontuok, Santa Barbarako olanaren harira.
Galderak egiten eta entzuten asmatuz gero, oroimen kolektiboa elikatzea posible da oraindik ere, zorionez, garai hura zuzenean ezagutu zuten zarauztarrek ondo gogoan dituztelako larrialdi egoera etengabea, debeku giro itogarria, greba amaigabeak, hondartzarainoko manifestazioak, uretara ere tiro egiten zuten uniformatuak...
Orduan ekintzaile antifrankista zirenak egungo erakunde politiko ia guztietan aurki daitezke orain. Orduko langile eta herri askapen borroka zuzenean zein zeharka lagundu zuten zarauztarrak ugari dira, hemen daude oraindik. Baita diktadurarekin lerratu zirenak ere.
«... no sé qué estrellas son éstas
que hieren como amenazas»
Txikiren eta Otaegiren fusilamenduek belaunaldi oso bat astindu zuten Euskal Herrian, Zarauzkoa bakarrik ez. Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak 2017an argitaratu zuen Ahanzturatik ateratzen txostenak honakoa dio lurrikararen eskalaz: «ETA politiko-militarreko kideen fusilamenduak frankismoaren azken garaiaren bereizgarri dira Euskadin, eta oroimen kolektiboan ere eragin handia izan zuten. Heriotza-zigor horien aurkako mobilizazio sozialek eta heriotza-zigorrarekin zigortutakoen alde egiteko atzerriko enbaxadoreen esku-hartzeek (Vatikanoarena barne) erabaki horren legitimotasunik eza erakutsi zuten, eta erreakzio sozial eta politiko indartsua ekarri zuten; erreakzio hori, geroago, frankismoaren aurkako borrokaren sinbolo bihurtu zen. Beren kasuan, bidezko prozesua izateko eskubidea urratu zen, eta, urratze horren ondorioz, heriotza-zigorra ezarri zieten biei».
«... ni sé qué sangra la luna
al filo de su guadaña...»
Francoren terrorismoaren biktimen senideek bizitakoaren erakusgarri ere bada Jaurlaritzaren txosten hori. Hala dio, esaterako, otaegitarrei buruz: «Maria Otaegi andrea, Anjelen ama, shock emozionalean zegoela-eta, ez zen gerra-kontseilura joan. Otaegiren izeba, Mercedes andrea, joan zen, eta azkenean ez zioten utzi epaiketa-gelan sartzen. Ondoren ere ez zioten bisitatzeko baimenik eman, ez eta Anjeli exekuzioaren aurreko gauean konpainia egiteko ere».
«... presiento que tras la noche
vendrá la noche más larga...»
Txikiren kasuan, exekuzio ostean ere haren senideei jazartzen aritu ziren frankismoaren aparatu ofizialak eta ez ofizialak: «Juan Paredesen familiakoek (amak eta anai-arrebak) era guztietako irainei, presioei eta mehatxuei egin behar izan zieten aurre exekuzioaren ondorengo hilabeteetan. [...] Familiari, gainera, Guerrilleros de Cristo Rey izeneko taldeak atentatu bat egin zion etxean. [...] Gertaera horiek errepikatu egin ziren, eta familiak etxez aldatu behar izan zuen aldi baterako, behin baino gehiagotan behartu baitzieten sarraila. Halaber, polizia-agenteek Mikel Paredes jauna eta Guadalupe Paredes andrea atxilotu eta torturatu zituzten inolako justifikaziorik gabe. Gertaera horiek ondorioak izan zituzten Guadalupe Paredesengan».
«… quiero que no me abandones
amor mío, al alba...»
Ahanzturatik ateratzen txostena osorik dago irakurgai Interneten. Txikiri eta Otaegiri —eta euren aurkako auzibideari— buruz gehiago jakin nahi duenak Interneten ditu ikusgai, baita ere, Haizea eta sustraiak dokumentala eta ETBren La noche más larga: Txiki y Otaegi.
«... al alba, al alba...»
Oheratzean irakurri ditut olanaren harira sare sozialetan sortu diren eztabaidak. Diktadura, ETA, biktimak eta biktimarioak, mina, ezinikusia, errespetua, legedia, iraganaren desitxuraketa... horiek dira hizpide nagusiak.
Abuztuak 9.
Txikiren eta Otaegiren aurpegirik gabe dago berriz ere Santa Barbara, Zarauzko Udalaren aginduz. Egun bat pasatxo iraun dute zintzilik hor.
Esekitze-tokia omen da arazoa, ez olana bera. Auzia ekologikoa bihurtu da gauetik egunera.
«... al alba, al alba…»
Gure memoria kolektiboaren ekosistema zaurgarrian, bada, zein da diktaduraren kontrako bi borrokalarion irudiei omen dagokien txokoa?
Zein da Txiki eta Otaegi presaka desagerraraztearen mezu nagusia?
Ze memoria klase elikatzen du euren ikusezintasunak?
Santa Barbarako olanak oroimeneko zein txokotan egin behar liguke min gehien, zehazki, 50 urteren buruan? Orduko geure bizipenetan, arguditeria frankistaren oraingo berrikusketan, gero eta normalizatuago dugun borrokalari antifrankisten ezkutaketan, diktaduraren krimenen zuriketan ala memoria egiteko eta transmititzeko egunsentiro agertzen zaigun ezintasunean?