Soziologoa

EHU marka berria: egokia bai, baina zuzena?

Iñaki Azkoaga Bastida
2025eko maiatzaren 30a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ekainean aurkeztuko dutela esan arren, EHUko errektoretzak aurreratu du bere marka ofiziala EHU akronimoa izango dela. Horretarako, erdal siglak baztertuaz oraingo EHU/UPV markatik. Adierazi du, gainera, kolore aldaketa izango duela logoak —Uniberdea deitutakoa hartuko duela— eta oraingo sinboloa mantenduko dela. Urrats egokia dirudi, baina zuzena da?

Erabakiaren helburuak

Errektoretzak eguneraketa honetarako lau helburu zehaztu ditu aurkezpenean:

- Bere identitatean sakontzea.

- Aro digitalera egokitzea.

- Konfusioak (nahasketak) ekiditea.

- Indexazioa erraztea.

Orokorrean, izena akronimoetara mugatzea diskutigarria izan daiteke, baina EHUk aspalditik erabiltzen duenez, ez dago zalantzarik: akronimo labur, garbi eta bakarra bikoiztutako bat baino hobea da. Era berean, erdiko barra kentzeak irudi garbiagoa ematen du eta mundu digitalerako egokiago bihurtzen du.

Ekiditen ditu, gainera, konfusioak, batez ere Valentziako Unibertsitate Politeknikoarekin. Arazo horren inguruan 2017an idatzi nuen, EHUko zenbait lan Valentziakoen moduan kontabilizatzen zituztelako rankingetan. Google-n oraindik konpondu ez den arazo hori, erabaki honekin gainditua geratzen da.

Seguruenik, galdu egingo dira Interneteko bilatzaileetan orain arte erdal akronimoekin egindako aipamen batzuk. EHU/UPV moduan agertzen direnak lokalizatuko dira, baina UPV soilik duten aipamenak ez dira errekuperatuko, unibertsitateak ez badu egiten lan berezirik sigla horiek bere izenarekin lotzeko.

Hala ere, indexazioa benetan erraztu dezake, eta sare sozialetan ere marka argiagoa proiektatu. Beraz, helburuak eta azalpenak kontuan hartuta, aldaketa egokia da.

Baina identitatea?

Errektoreordeak dioen bezala, «nortasun propio diren sustraiak» indartzea omen da helburua, baina ez daukat hain argi aldaketa honek unibertsitatearen identitatea sakonduko duenik.

EHU Euskal Herriko Unibertsitatea-ren akronimoa da. Baina mundu mailan diharduen unibertsitate honek oso jende gutxik identifikatzen duen izen bat hartzen du bere: Euskal Herria. Askotan aipatu dut izen horrek, euskal eremutik kanpo, dituen zailtasunak: ez da erraz identifikatzen, luzea da, bi hitz ditu (justu saihestu nahi izan dena), eta ez da lotzen ez Baskonia-rekin, ezta vasco-basque kontzeptuekin ere.

Diferentziazioa indartzen du, baina identifikaziorik ez; orduan, zertarako balio du? Ekimen baliagarria da? Horren adibide da EHUko errektore jaunak egun gutxi dela Parisen, Macronen deialdiari jarraituz ikertzaile amerikarrak Europara erakartzeko antolatutako topaketan, Choose Europe, choose The Basque Country kartelarekin agertu izana.

Gaur egun, nazioarteko proiekzioa izan nahi duen unibertsitate batek mundu mailako ezagutza bilatu behar du. Jakina! Errektoreak ongi daki mundu mailan Baske (Basque) moduan ezagunak garela; horregatik darama Basque Country idatzita, eta ez Euskal Herria. Horrela bada, zergatik lehenetsi Euskal Herria hitza?

Hori gutxi balitz bezala, barrurako ere, unibertsitateak Euskal Herria darabil, baina Jaurlaritzak Euskadi, eta kanpora begira Basque Country. Gainera, unibertsitatea ez da Euskal Herri osokoa, baizik eta haren zati batekoa: Baskonia Mendebalekoa.

Arazoa da ebidentziak ukatzen saiatzen garela. Jo dezagun behingoz Baskonia izenera, eta konpon ditzagun sustraitik horrelako kontraesanak. Unibertsitatea bezalako erakunde bati ausardia apur bat eskatzea zilegi da.

Zein izango litzateke deitura zuzenagoa?Aukera desberdinak daude, baina adibidez:

Baskonia Mendebal Unibertsitatea.

Universidad de Baskonia Oeste.

Université de Baskonia Ouest.

University of Baskonia West.

Eta bere akronimoa? BKU hobetsi daiteke. Horrela, edozeinek identifikatuko luke unibertsitatea Baskoniakoa dela, nahiz eta Baskoniaren parte batekoa, mendebalekoa, izan.

Estrategia sendoago baterako aukera galdua?

Baskonia Mendebaleko gizartearentzat funtsezko erakundea den aldetik, unibertsitateak aukera izan zezakeen bere marka eta izenaren inguruan sakonago hausnartzeko. Egindako urratsak esanguratsuak dira, baina eztabaida zabalago baten parte izatea baliagarria litzateke.

Izenak eta markak ez dira soilik identifikazio-tresnak; unibertsitate baten ikuspegia, kokapena eta asmoak islatzen dituzte. Horregatik, komenigarria litzateke nazioarteko proiekzioa eta barneko koherentzia uztartuko lituzkeen planteamendu garden eta estrategikoagoa garatzea.

Emandako urratsak, berez, esfortzu eta ausardia eskatu die jada; zergatik ez jo sakonago, zintzoki eta ausartago? Horrela, erakundeak bere eginkizun akademiko eta soziala indartu ahal izango luke, ingurune historiko eta soziologikoaren konplexutasuna modu orekatuan kontuan hartuz eta era baliagarrian erantzunez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.