Aintzat mugimenduko kidea

EHUko errektoretza eta euskarazko osasun arreta

Adrian Unai Zelaia Arieta-Araunabeña
2025eko maiatzaren 29a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Sekulakoa da Euskal Herrian unibertsitateek duten ardura. Ardura sozial horretatik euskaraz ikasi, lan egin, gaixotu, bizi eta hiltzeko aukera erauzi izana koherentetzat jotzen dute EHUko Osasun Zientzien Fakultateko dekanotzak eta errektoretza berriak. Kalitatezko (euskarazko) osasun arretaren beharra ez da bakarrik osasun administrazioen ardura.

Dekanotza horren burua lasai asko gelditu da prentsan medikuntzako euskarazko matrikulazio datu batzuk botata. Bilakaera ona da itxuraz. Euskalgintza instituzionalaren mantra: aurrera goaz. Ez du sekula aipatuko zenbat ikasgai dauden oraindik euskaratu gabe, zenbat irakasle euskara maila duinik gabe, zenbat aldiz uzten diren osasun langile euskaldunak irakaskuntzatik kanpo, kontratazio elebakarrak onartuz (espainolezkoak, noski).

Urterik urte ikasleek soilik azalerarazten dituzten datuei jarraituz, azken hogei urteetan ez da aurrerapauso nabarmenik eman euskal lerroan. Aldiz, bai atzerapausoak hemen eta han, Anatomia Patologikoko irakasgaian kasurako. Medikuntza, Erizaintza, Fisioterapia, Odontologia, ezin dira euskaraz osorik egin —teoria, praktikak, hautazkoak kontuan hartuta—, inon ere ez. 50 urteren ondoren.

Aurpegi gogorra behar da, dekano jauna. Nola espero duzue gizarteak euskarazko formazioa aintzat hartzea, zuek bazarete hura oztopatzen dutenak. Euskaldunak segregatzen eta estigmatizatzen jarraitzen du EHUk.

Ikasle euskaldunen formazioa, irakasle euskaldunen lana, osasun langileen lana, baina, gehienbat, paziente euskaldunen osasuna tronpatuta, zuek zarete benetan lerro honen prestigioaren aurka ari direnak. Hala ere, euskarazko ikasketak eta lana babesten jarraituko dugu, gure pazienteen hobe beharrez.

EHUk zor handia du euskaldunekin. Haren sailetan ustelkeria da nagusi. Medikuntza sailak, Kirurgia, erradiologia eta medikuntza fisikoarenak, Espezialitate mediku kirurgikoenak (eta beste zenbaitek) sistematikoki osasun langile euskaldunak lan deialdietatik kanpo uzten dituzte.

Kontratazioa zalantzazkoa, nahierakoa eta ezkutukoa da ia beti. Lagunei edo politikoki abegikoei eskaintzen zaizkie postuak, eta aurkakoei (euskaldunei), mehatxupean, ez aurkezteko presio egiten zaie. Horra EHUren egiturazko ustelkeria, horra egiturazko izaera espainiar nazionalkatolikoa.

Behin mehatxuei kasu egin ez eta bertan sartuta ere, ez da euskaraz irakasteko aukerarik ematen, batzuetan era erdi klandestinoan egin behar izateraino. EHUn ezkutuka gabiltza egun euskaraz ikasten eta irakasten. Sailaren aginduak ez betetzearren norbere lana sabotatu eta lanpostua utzi behar izan dute zenbaitek. Askotariko errektoretzek sail hauekiko zer zor mota izango ote zuten, orain arte ezer ez egiteko.

Errektoretza berriak honakoa eskatzen dio Osasun Sailari: «Euskal profila duten irakasle klinikoen kopurua nahikoa izan dadin bermatzea». Benetan sinetsarazi nahi digute Araba osoan ez dagoela osasun langile euskaldunik ikasgai bakar bat ere euskaraz irakasteko?

Gai serioegia da aurpegira hain erraz iseka egiten diguten horiek gauez hain ondo lo egiteko. Haiek ere egoeraren berri jakinda, arduragabekeria handia da problematikari ez ikusia egitea. Gezurrak eta gezurrak prentsan, norbere burua zuritu eta errua gainerakoei botatzeko (Osakidetza ez bada, Madril da).

Argi daude EHUk hartu beharreko neurriak. Matrikulazioa euskarazko lerro bakarrean ziurtatu, sailetan esku (eta kontu) hartu, euskaldunen osasunaren aurkako joera duten horien finantzaketa iturriak eten, eta ustelkeria zantzuei begirako beharrezko bide legalak jorratu, euskarazko formazioa ziurtatzeko. Hasteko.

Utz ditzatela aitzakiak, gezurrak, utzi Euskaraldia, utzi Itzulbide. Gaizki jarraitzen du dekanotzak, gaizki hasi da errektoretza berria. Bien bitartean, gu gurera. Euskaraz ikasi eta osasun guneetan euskaraz ahoz zein idatziz artatzera. Osasungintza euskalduntzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.