Aiaraldeko langileoi berriro ere gure enpleguaren eta etorkizun industrialaren alde borrokatzea egokitu zaigu azken hilabeteetan. Ez da ez lehenengo, ez bigarrengo aldia azken urteetan erronka honi heldu behar izan diogula. Kapitalaren diru gose ase ezina, zein instituzio nagusien utzikeriak berdin jarraitzen badu, tamalez, ez da azkenengoa izango. Berriro ere Aiaraldeko herritar eta langile klasea kalera atera behar izan gara gure enpleguaren defentsan. Oraingoan Maderas de Llodioko lantegia, langileak eta familiak dira protagonistak.
Maderasko lantegia 50 urte baino gehiago dituen enpresa da, bertako langileen esfortzuagatik aurrera atera dena. Gogora ekarri behar dugu duela urte batzuk langileek eta kooperatibistek lantegia aurrera ateratzeko egin zuten ahalegin berezia.
2018. urtetik Garnica multinazionala da lantegiaren jabea. Orain Garnicako zuzendaritzak ERE bat onartu, Maderasen 35 langile kaleratu, enpleguaren zati handi bat suntsitu eta produkzioren ia erdia hemendik atera nahi du. Eta zergatik? Lana berrantolatu, beste lantegi batzuetara eraman eta diru gehiago irabazi nahi duelako.
Gainera, sortutako egoera hau irailaren 1ean inolako aurreabisurik gabe eta era oso desegoki batean komunikatu zion Garnicak lantaldeari; aste gutxi batzuk lehenago lantegian normaltasun osoz lanean ari ziren eta hitzarmenaren negoziazioa aurrera zihoan bitartean. Enpresak sortutako egoera honek kolokan jartzen du bertako lantegiaren etorkizun hurbila. Eta Garnicaren ardura da etorkizuna izango duen irtenbide bideragarri bat mahai gainean jartzea.
Egoera honen aurrean, bertako komiteak eta langileek grebari eta borrokari ekin zioten duela ehun egun baino gehiago, eta momentu zailak eta onak tarteko, borrokak bizirik dirau eta konponbide baten alde indarrak eta ahalegin guztiak egiten ari dira eta gara. Greba eta borrokari esker, Garnicak negoziatzera eseri behar izan du azken asteetan. Baina berriz ere negoziazioetatik altxatzea erabaki du. Berriz negoziatzera eseri eta irtenbide bideragarri bat komitearekin negoziatzea da haien ardura. Eta nola ez, instituzioek ere honetan lagundu beharko lukete.
Bestalde, Maderas de Llodion ahalik eta enplegu eta produkzio handiena hemen mantentzeko borrokak ez du soilik bertan lanean dauden langile eta familien etorkizunarekin zerikusia (hori ere bai noski), Aiaraldeko eskualde osoaren enpleguarekin eta etorkizunarekin lotuta dagoen kontua da. Mendi kudeaketa, egurgintza, garraioa, mantenua, garbiketa... eta beste hainbat enplegu daude honi lotuak. Aintzat hartu behar da, halaber, langile hauek guztiek eskualdeko ekonomian eta bizitzan egiten duten ekarpena.
Honen aurrean herritar eta langile askok kontzientzia hartu dugu eta dagokiguna defendatzeko hautua egin dugu. Nola ez ba!
Beste batzuk, aldiz, azkenaldian ohikoa den moduan, txarto eta berandu erreakzionatzen ari dira. Bada garaia behingoz Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak marketina alde batera utzi, eta lanean jar daitezen Aiaraldeko enplegu eta etorkizun industrialaren alde; eta oraintxe urgentziaz Maderaseko enplegua eta etorkizuna defendatzeko.
Guk bitartean dagokiguna egiten jarraituko dugu, lanpostuak defendatzen eta Aiaraldeko langileriaren interesen alde borrokatzen. Oraintxe bertan hori delako eskualdeko etorkizunaren defentsan egin dezakegun ekarpen egokiena eta handiena. Maderaseko langileekin batera, bertako enplegua eta etorkizuna defendatzen jarraituko dugu.
2026an ere lan gatazka honek irtenbide egokiena izateko lanean eta borrokan jarraituko dugu.
Bukatzeko, eskerrik beroenak eman behar dizkiegu eskualdeko langile, komite, merkatari, eragile... guztiei Maderas de Llodioko langileen eta borrokaren alde egin dituzten keinu eta ekarpen guztiengatik.
Gora Maderaseko langileen borroka! Gora langile borroka eta elkartasuna! Aiaraldeko enplegua eta etorkizuna defenda ditzagun!