Ehun urte barru dagokeen irakurleari idatzi dio Tene Muxikak: «Zuretzat ba, 2036’ko irakurle orrentzat nere au. Norbait izandakoa naiz zuretzat; norbait izango zerana neretzat». Estatu-kolpe faxistak, beste eraso zesarista batek, Hegoaldea jo, eta izugarrizko bortxaz Pizkundea txikitu baino lehen zuzendu zaigu Tene 1936an: «Gurearen zeingirik bereziena euzkera; euzkera gabe Euzkadirik ez. Baña… esan det: ames dagit. 2036’ko zure Euzkadi on, eder, azke da».
Amets egitea zilegi zaie 1936ko euskaldunei oraindik: susperraldi erabatekoan daude XIX. mendeko gerrek eta foruen deuseztapenak lur jota utzi ondoren. Pizkundeko gizon-emakumeek inoizko mugimendu kultural bizi-eraginkorrena zabaldu dute alor guztietan; Teneren Emakume Abertzale Batzak 28.000 kide ditu. Ametsak argitu egiten du bidea, eta bide-buruaz galdetu digu Tenek: «Entzun, 2036’ko nere irakurle orrek: ames dagidana egiztu da?».
Siadecoren txostenak proiekzio demolinguistiko gisan erantzun berri du erretorikotasuna gainditu duen galdera: 2036an ez da arnasgune beterik izango, euskaldunen hizkuntza-gaitasuna gero eta apalagoa izango da, euskara etxean gero eta gutxiago erabiliko dute eta erdara nagusi den tokietan biziko da euskaldunen erdia baino gehiago. Ikusi ditugu elebakarrak azkentzen, ikusten ari gara hiztun trebe-zorrotzak urritzen eta, dirudienez, ikusi beharko ditugu euskararen hondar-tokiak behea jotzen, ez aspaldi erdaldundutako gainerako eremuekin berdinduta. Hau da, gaztelaniaren Normalizazio Plana, frantsesarena Iparraldean bezain eraginkorra izan ez bada ere, arrakasta handiz ari da gauzatzen probintzia baskongadoetan, eta bereziki, Nafarroan.
Gaztelaniaren Normalizazio Plana arrakasta handiz ari da gauzatzen probintzia baskongadoetan, eta bereziki, Nafarroan
2036ko euskarak lurrik ezean, ezingo du arnasarik hartu, arnasa airetik ez, lurretik hartzen baitu hizkuntza batek. Izan ere, gutxitua eta gutxietsia izaten segitzen duen arren, arnasgunean nagusi da oraindik hizkuntza hori, ez-markatua da hor eta oinarrizko funtzioak betetzen ditu sendo samar. Lurgune horretan, estua bada ere, hizkuntza elikatu, berritu eta birsortu egiten da etengabe. Euskara berez transmititzen da arnasgunean, eta ez da hautu-kontu hutsa. Lur horretako hiztuna jolastu egiten da hizkuntzarekin, erosoen huraxe du eta hura zaio atsegin, eta ez du eskolara, ez barnetegira joan beharrik adierazkortasun bila: inkontzienteki jaso eta naturalki zabaldu egiten du hitz-jarioaren emaria. Hiztun horren mintzajardunak esan-indarra du aritzearen aritzeaz. Hizkuntza-komunitate horretan, euskara da arau soziala, eta kanpotik datorrenak ez du zertan haren balioari buruzko azalpenik behar: ikusi egiten du, eta nolabaiteko beharrak berak neutralizatzen du ustezko inposizioari buruzko diskurtso supremazista. Etorri berria komunitatearen parte da, eta integrazio hori orduan da aberasgarria, beste ikuspegi bat dakarrelako ezer desintegratu gabe. Arnasgunea, gainera, lurralde osorako da osagarri, indargarri eta ezinbesteko erreferentzia. Hizkuntza ponpatzen duen bihotza da arnasgunea.
O Giollagain soziolinguista irlandarrak iragarri du BERRIAn irlanderaren galera hango arnasguneak ahitzearekin batera: «Honako hau izango da gaelikoz biziko den azken belaunaldia. Ez egunean behin gaelikoa erabiliko duena, baizik eta gaelikoz biziko dena». Irlanderaren ereduaren porrota agerikoa da, eta zentzuzkoa dirudi planteatzeak gure arnasguneak ez ote diren irlanderatzen ari, gure erdaldundutako tokietan euskara latinizatzen ari den moduan, fosildutako hizkuntza akademiko bihurtzen. Azken batean, erreka lehor berera doazen bi ur-laster: hizkuntza bizia agortzen, batean; hizkuntza jasoa bere horretan izozten, bestean. Bistan da, hizkuntzaren ubidea isurialdez aldatuko duen ingeniaritza linguistikoa ―politikoa― behar dugu orain.
Euskara ordezkatzeko politika kolonialak erro sakonak ditu. Wilhelm von Humboldtek 1801ean salatu zituen euskararen jazarpena ─«atzeraka etengabe, alde guztietatik esetsia»─ eta eraztunaren erabilera eskolan ─«horiek horrela, ikaragarriak egiten dituzte naturaren aurka»─. Ikusitakoak ikusita, hizkuntzalari prusiarrak ez zuen uste euskarak luze iraungo zuenik: «Euskara mende baten buruan baino lehenago desagertuko da, ziur aski, hizkuntza bizien artetik».
Hala ere, mende latz baten ondoren, euskarak jendearen ahotan segitu zuen. Eta 1901ean Sabino Aranak ezin argiago ezarri zituen euskararen iraute-baldintzak Hendaiako Biltzarrean: «Euskara jagi eta bizi dadin, ezinbestekoak dira gauza bi aldi berean: bere lurraldearen barruan bizitzarako beharrezko egitea, lagunarte handian zein txikian, eta beharrizan horiek beroriek asebetetzeko gai bilakaraztea». Urte berean, Engrazio Arantzadi lagunari euskarak balio izango badu, beharrezkoa izan behar duela esateaz gain, aitortzen dio ez duela uste ehun urte iraungo duenik: «Pentsatzen hasi orduko, argi eta garbi ikusten dut hau dena badoala: badoa hasi berria den mendea bukatu baino lehen».
Bistan da, hizkuntzaren ubidea isurialdez aldatuko duen ingeniaritza linguistikoa —politikoa— behar dugu orain
Baina etorri ziren Tene eta Aitzol, Errose Buztintza eta Kapitolina Buztintze, Madalena Jauregiberri, Lauaxeta… eta 56ko belaunaldia. Hala, 2001ean Txillardegik, orduko oldarraldi judizial bortitz-anker betean, batasuna ikusi zuen ezinbesteko baldintza, hizkuntza beste ehun urtez biziko bazen: «Espainia beldurtzen duena Euskal Herriak herri gisa burua altxatzea da, batez ere bere hizkuntza ardatz hartuta»; «lotsagarria da, oraindik ere, euskararen alorrean abertzaleok erabat baturik ez jokatzea. Barkatu ezina da».
Luze doa hizkuntzaren agonia azken bi mendeen joan-etorrian: irauteko ahalegin titanikoak egin, eta ebazpen, debeku, isun, ofizio, agindu, eraztun-zipotz, auzi, ohartarazpen, ediktu, artikulu, irain, zirkular, errege-dekretu eta zedula, konstituzio, epai, zigor-zartada, kondena, lege, arma, tiro, pun. «Espainia modernoaren inposizio historia guztia dago ezkutatua, genozidio kultural luzatu bat su txikian […]. Behin egon zen euskararen herri bat; ez da asko gelditzen» utzi digu idatzita Joxe Azurmendik. Su txikian apailatu diguten orainak su bizi bat piztea behar du gaur gerorako.