Emakumeon beharrak vs aurrekontuak

Izaskun Guarrotxena Miren Aranguren<br /><br />Bilgune Feminista
2011ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Azken aste hauetan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako parlamentuan eta Nafarroakoan aurrekontuak onartu dira. Ezinezkoa zaigu, 2011ko diru sailen aurreikuspenak onartu diren garai honetan, aurrekontuen gaineko analisia egitean, bizi dugun krisi ekonomiko soziala saihestea. Batez ere, proposatutako aurrekontuetako murrizketak ikusita: nagusiki, gizarte politiketan eta genero politiketan izango dira; hala, gastu publikoen eta gizarte zerbitzuen gutxitzea agerikoa izango da. Horrez gain, krisi ekonomiko sozialaren aitzakiapean, eta gaur egun dagoen diru kopurua gutxitzearekin, indarrean dauden gizarte politika askoren beharra zalantzan jarri dute eta jartzen ari dira.

Gainera, aurrekontuak udalen eta parlamentuen eskumenak izan arren, dirurik ezean oso zaila da benetako aldaketak sustatzea eta egitea. Instituzio publikoek galdu dituzte politika eta lanketa anitzak aurrera eramateko euren eskumenak, botere ekonomikoen mesedetan. Instituzio publikoek gestiorako boterea galdu dute, eta botere ekonomikoen uztarripean daude.

Egoera hori izanik, aurrekontuek herritarrengan izan ditzaketen eraginez eta garrantziaz jakitun, —«aurrekontuetan ez dena agertzen ez da existitzen»—, berriro ere, jendartearen eraldaketa soziala ahalbidetuko duten politiken aldarria egiten dugu. Aurrekontu parte-hartzaileak eta emakumeen egoera aldatzeko politikak sustatuko dituzten aurrekontuen beharra aldarrikatu nahi dugu. Bada, azken urteetan, emakume ekonomialari feministek egindako lanari esker, emakumeen beharrei eta interesei erantzungo dieten aurrekontuei begira ezinbesteko baldintzak landu eta adostu ditugu. Hori horrela izanik, gaur egun dauden baldintzak berriro gogorarazteko beharra ikusi dugu.

Botere politikoak zuzentasunaren eta berdintasunaren aldeko diskurtsoan murgilduta daude guztiz, eta horrek benetako errealitatea ezkutatzen du. Jakina da, benetan aurrekontu parte-hartzaileak indarrean jartzeko, beharrezkoak diren bi aldagai izan behar dituztela: borondate politikoa eta konpromisoa, hain zuzen ere. Eta hartu beharreko konpromisoak atal anitz izango ditu. Izan behar ditu.

Alde batetik, aurrekontuak egiterako garaian ezinbestekoa da emakumeon hitza kontuan hartzea; hori horrela izan dadin, ezinbestean, emakumeon parte-hartzea sustatzeko eta bultzatzeko bitartekoak eskaini behar dituzte. Horrela, aurrekontuak osatzeko eta erabakiak hartzeko prozesuan, jendartea osatzen dugun herritar ororen parte-hartzea bermatu ahal izateko.

Bestetik, aurrekontu proposamenetan emakumeen beharrak aintzat hartu eta horiek betetzeko konpromisoa agertu behar dute. Emakumeontzat bideratutako programak, jarduerak ezagutu, informazioa jaso eta horien eraginkortasuna baloratu behar da; baita sexuen araberako datuak jaso eta aztertu ere.

Aurtengo aurrekontuetan, lehen esan bezala, helburu ekonomikoek lehentasun osoa dute, eta alde batera utzi dute konpromiso soziala. Helburu ekonomikoak eta konpromiso sozialak parekatzea ezinbesteko premisa da.

Eta ezin dugu bukatu aurrekontuen analisi hau emakumeok ekonomiari egiten diogun ekarpen ezkutua azaleratu gabe: zaintza lanak, etxeko lanak, kontratu gabeko lanak… Aurrekontu parte-hartzaile eta aurrerakoi batzuek aldagai hauek kontuan hartu behar dituzte.

Azkenik, kontzientziazio lana egitea ezinbestekoa da, botere politikoen benetako konpromisoa lortu ahal izateko, eta benetan parte-hartzaileak eta emakumeon errealitatea aintzat hartuko dituzten aurrekontuak bermatu ahal izateko.

Aurten, berriz ere, herriaren, emakumeen beharretatik oso urrun dauden aurrekontuak osatu dituzue. Ahoa berdintasuna eta horrelako hitz potoloekin betetzen zaizuen bitartean, emakumeen bizi baldintzak nahita kaskartzen jarraitzen duzue. Baina ez gara isilduko, eta lanean jarraituko dugu aurrekontu parte-hartzaile eta parekideen alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.