ENEKO BIDEGAIN
Idazlea

Enamoratu ala politizatu?

2025eko abenduaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iragarki bat irratian, abenduko hirugarren egunean. «Argia ez da pizten betebeharrez». Iberdrola? EDF? «Argia desiotik pizten da». Eguberriko argien iragarkia? «Piztu! Piztu! Piztu!» Eta gero etorri da erantzuna: Eusko Jaurlaritzak euskararen egunaren karietara egindako kanpaina. Metafora argia da: euskara ez da behartu behar, gogoa piztu behar da, ez da «inposatu» behar, motibatu behar da, seduzitu, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak egunkari honi adierazi zionaren ildotik. Hots, «liskarrak» utzi behar dira eta euskarak enamoratu behar du.

Utz dezagun argiaren metafora, une batez. Bazen behin Eustakio. Egun batez, Frantzisko eta Esperanza joan zitzaizkion etxera, eta zipli-zapla zanpatu zuten, bizkarra hautsi zioten, sudurra porroskatu, hortzak xehatu, begia lehertu… Bazter batean utzi zuten erdi hilik eta haren etxeaz jabetu ziren. Eustakiok denbora behar izan zuen zutitu ahal izateko, eta nonbait bi makila lorturik joan zen, tirri-tarra, erreparazio galdez, bere eskubideak berreskuratzera. Frantzisko eta Esperanza pixka bat kezkatu ziren makilak ikustean, eta euro bateko pomada eman zioten zauriak senda zitzan… Lo belarrez osatutako ukendua. Orain erraten diote ez dadila kexa, ez dezala deus eska, dena konponduko duela seduktore agertuz. Frantzisko eta Esperanza, egun osoa gimnasioan, giharrak gogor, hortzak zuzen eta dirdiran, janari osasuntsuz lepo, hezur eta larru daukaten Eustakiori ari zaizkio erraten hark seduzitu dezala. Eustakio, enamora itzazu ingurukoak, zure sudur hautsiarekin, hortzik gabeko irribarrearekin, bizkar makurrarekin… Eta ez eska etxea berreskuratzerik! Ez erabil elbarrituentzako aparkalekurik! Zer dira pribilegio horiek? Frantziskok eta Esperanzak zergatik ez lukete eskubiderik hor aparkatzeko?

Herri honetan gertatzen dena da amnesia kolektibo bat zabaldu zaigula; ez daitekeela aipa nazio zapalkuntza gogor, luze eta iraunkor bat jasaten ari garela. Bai: ari garela; orain ere bai. Beraz, euskarari buruzko mila solas entzuten dira ezker-eskuin, baina gehienek ukatzen dute euskararen egoera zapalkuntza politikoaren ondorio zuzena dela. Euskara dagoen bezala dago Frantziak eta Espainiak Euskal Herria menperatuta daukatelako, eta menpekotasun egoera horrek ez du euskara salbatuko. Lotura hori egin gabe, analisi (eta beraz aterabideen proposamen) makurra baizik ez daiteke egin. Leku bat argia piztu gabe ikusi nahi izatea bezala da.

«Ez politizatu euskara!», erantzunen digute, zapalkuntza politikoari erreferentzia egitea politizatzea baita. Bistan da hala dela! Ez daiteke bestela izan. Euskararen egoera politikoa da, muin-muinean. Baina, kasu! Nazio zapalkuntza aipatu gabe euskararen egoera hobetu litekeela erratea (sinetsaraztea) ere gaia politizatzea da, statu quo politikoa babestea baita.

«Ez politizatu euskara!». Politika zerbait zikin eta itsusi balitz bezala! Paradoxa da ez politizatzeko eskatzen dutenak politikari profesionalak direla gehienetan, erakundeetako giderrak eskuan dituztenak. Ez al dute politika maite? Zer erran nahi dute? Ez egiteko euskararekin erabilera elektoralik? (Baina politika ez da hori, ez da hauteskunde lehia, edo ez hori bakarrik). Erran nahi baita, erakundeen hizkuntza politika salatzen bada, erakunde horiek kudeatzen dituzten alderdi politikoek beren burua kritikatua sentitzen dute. Beraz, ez politizatu! Ez kritikatu «agintean» dagoena!

Ez kritikatzea ere politizatzea ez balitz bezala… Kudeaketan daudenak ongi ari direla (beraz botoa merezi dutela) iradokitzeak kutsu elektoralik ez balu bezala… Hauteskunde kanpainetan eta kanpainetatik kanpo hizkuntza eskakizunen alde egitea bezain elektorala izan liteke kontra egitea. Baina zenbait alderdi politiko eta sindikaturi ez zaie leporatzen euskara politizatzea euskara eskatzea gehiegi dela salatzen dutenean eta auzitegira jotzen dutenean.

Ez da kasualitatea Kontseiluak Pizkundea aipatuz abenduaren 27an Bilborako deia egin duen garaian erabiltzea argia «piztearen» metafora. Hori ere politika egitea da, hizkuntza eskakizunen inguruko eztabaida politikoan posizionatzea da. Euskararen kontrako oldarraldi bat indarrean dagoen bitartean, adieraztea euskara ez dela behartu behar, baizik eta seduzitu, bando baten alde egitea da. Herri honen arazo politiko estrukturala ukatzea eta zapaltzaileen bandoan kokatzea da.

Beste zenbait arlotan onargarriaren eta onartezinaren arteko marra garbiki azpimarratzen den bezala eta jarrera batzuk irmoki eta berehala arbuiatzen diren bezala, gure herriaren auzian ere ahoan bilorik gabe mintzatu beharko gara. Nazio zapalkuntza isiltzea nazio zapalkuntza babestea da. Berdin du etsipenagatik den, alderdi politiko baten babes instituzionala galtzeko beldurragatik den, edo hauteskundeetan ez hazteko ikaragatik. Adiskideak bere bikotekidea gaizki tratatzen duela jakin eta deus ez egitea edo erratea gaizki iruditzen zaigu. Kasu honetan, gauza bera da. Euskararen egoera nazio zapalkuntza politikoarekin ez lotzea herri honi gezurra erratea da, eta egoera esplikatzen ahalegintzea ekuazioaren aldagai garrantzitsuena kenduta.

Eguzkia sartzen denean ez da argia piztu beharrik. Ilunpetan argia piztu behar da, zerbait ikusi nahi bada. Ez da desioagatik, baizik eta pareta jota sudurra ez hausteko edo bilatzen duguna aurkitzeko. Eta argia (berogailuarekin batera) ez al da oinarrizko eskubide bat? Espainola eta frantsesa argipean eta epel-epel dauden bitartean, onartzen dugu euskara hotzak egon dadin, desio hutsak berotuko balu bezala?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.