Oraintsu lau urte pasatu dira, martxoaren 22an, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak (Maria Aranzazu Tapia Otaegik) Euskadin energia berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (EEBB-LPS) egiteko prozedura abiarazteko agindua onartu zuenetik. Dokumentu hartan etengabe errepikatu den arrazoibide faltsu bat jasotzen da: «Energia berriztagarriek ingurumenean izango duten eragina oso ona izango dela esan daiteke, energia-ekoizpenaren deskarbonizazioa dela-eta. […] Gainera, baliabide berriztagarriak eskuratzeak ez ditu baliabide ez-berriztagarrien hornikuntzaren berezko inpaktuak sortzen».
Hamaika aldiz errepikatu dugunez, energia berriztagarriak sortzeko gailu guztiek hemen ez ditugun mineralak behar dituzte, eta horien erauzketak sekulako eraginak ditu munduko hamaika bazterretan, esaterako Ukrainan, Trumpek erakutsi bezala. Gailu horiek, gainera, garraiatu eta kokatu egin behar dira, eta hori guztia jatorri fosileko erregaien eta horietatik eratorritako materialen bidez egiten da. Azkenik, enpresek gutxietsi edota estaltzen duten arazo potoloa dago: azpiegitura hauen desinstalazioa eta lurren leheneratzea, iraganak erakutsi digunez, industria astunaren kasuan administrazioaren ardurapean gelditzen dena.
Bada, ziklo guztia kontuan hartuta, energiaren kontsumoaren murrizketa ez bada baldintza, energia berriztagarrien ekoizpen industrialak —alegia, eskala handiko ekoizpenak— epe motzean seguru, eta luzean ziurrenik, karbono isuriak areagotzea dakar. Areago, energia fosilen ordezko baino, haien osagarri bihurtuta, deskarbonizazioa ez da posible izango energia fosilak agortu bitartean.
Urte eta erdi beranduago, 2022ko urrian, aurkeztu zuten Statkraft Norvegiako enpresa transnazionalaren ordezkariek Azpeitia, Errezil eta Zestoako lurretan Piaspe zentral eolikoa egiteko egitasmoa (Sañun, LPSan Aukeratutako Kokapen Eremuetatik kanpo). Lehen aldiz entzun genituen ezker abertzaleko hautetsi politikoak enpresa multinazionalekin lankidetza sustatzen, Statkraft publikoa izanik, energiaren sozializazioan eta demokratizazioan urratsak egiten lagunduko zuelakoan (Norvegian ez bezala). Hilabete gutxi behar izan ziren egia jakiteko: ahaleginak eta bi egin zituen enpresak izapidetzea urgentziazko prozeduraren baitakoa izendatu eta Ingurumen Eraginen Prozeduratik kanpo uzteko. Tokitan gelditu dira administrazioen eta herritarren parte-hartzea.
Gaur, EEBB-LPSa onartzeke dagoenean, energia-oligopolioaren sokako promotoreek sustatutako ehundik gora proiektu ari dira izapidetzen EAEn, asko eskala handikoak. Horretarako bi oztopo nagusienak LPSaren izapidetze-prozedurarekin gainditu ditu Eusko Jaurlaritzak (bide batez, eztabaida soziala saihestuz): Lurraldearen Antolamendurako araudia egokituz (LPSa gainerako tokiko eta herrialde mailako plangintzen gainetik betearazle bihurtuz) eta ingurumen eraginen prozesua ahulduz.
EAEn energiarekin arazo potoloa daukagula ukaezina da: ez dugu kontsumitzen dugun energiaren hamarretik bat ere ekoizten, gure ekonomiaren oinarri industrialaren ondorioz, munduan energia gehien kontsumitzen duten gizarteen parean gaudelarik. Gainera energia-kontsumoaren portzentaia handiena ezin da gaur, eta adituek diotenez ezta etorkizunean ere, elektrifikatu: planetan ez dagoelako materialik modu globalean energia fosilen kontsumoa berriztagarriekin ordezteko.
Bestalde, frogatu da jatorri fosileko energien erabileraren ondorioz isuritako berotegi eragina duten gasek (CO2-ak kasu) areagotu dutela klima aldaketa. Baina, krisi energetikoa deskarbonizaziora mugatzea errealitatearen konplexutasunari bizkar ematea da. Klima aldaketa ez da gure planetaren muga biofisikoak gainditzera eraman gaituen faktore bakarra; pareko garrantzia dute industrializazioak eta gizateriaren hedapenak eragindako hondakinen pilaketak (kutsadurak) eta ekosistemen artifizializazioak (biodibertsitatearen galerak). CO2-a isurtzeari utzita ere, milioika urte beharko dira isuritakoa lurreratzen (betiere ekosistemen osasunari, biodibertsitatearen konplexutasunari eusten bazaio).
Energia berriztagarrien eskala handiko sorkuntza ez da sustatu gure energia beharrak asetzeko. Ezta gure industriaren beharrei erantzuteko ere. Horiek albo mesedeak ziren. Helburu nagusia krisiz krisi sektore ekonomiko jakin baten (energetikoaren) garapenean (teknologian) kapitala inbertitzeko sortutako abagunea aprobetxatzea zen, eta, itzalaldiak erakutsi duenez, enpresei ahalik eta irabazi handienak eskuratzeko baldintzapean planteatu da. Hori errotik aldatu ezean, krisi energetikoak (eta industrialak) bere horretan iraungo du gurean.
Ez genuke ahaztu behar gizakiak sua erabiltzen ikasi zuenetik daukala «zertarako?» galderari erantzuteko betebehar etiko eta morala; babesteko balio zuenak, mendi osoa eta bertako bizidunak kiskaltzeko ere balio duelako. Zenbat energia eta nolako azpiegiturak behar dira teknologia eta gailu militarrak garatu edota ekoizteko? Hori ere gure bizi-mailaren izenean justifikatuko dugu?