Filosofian lizentziatua, Historian doktorea, Zigoitia Baiko partaidea

Energia berriztagarrien bideetako sasiak

Mikel Larrañaga Arregi
2025eko maiatzaren 14a
15:07
Entzun 00:00:0000:00:00

Duela zenbait egun, Gorbeialdeko Herri Unibertsitateko kide diren Unai Pascual, Iñaki Lasagabaster eta Ana Saenz de Olazagoitiak Trantsizio energetikoaren bideak irakatsi zizkiguten artikulu batean. Haserretu egin nintzen hasieran, baina orain tristura baino ezin dut sentitu. Ezen iruditzen baitzait autoreek makroberriztagarrien aurkako mugimenduetan landuriko ikuspegiak mugatu eta EH Bilduko agintariek daukaten ikuspegian txertatzeko saiakera egiten dutela, talde barnean gaia beste begirada batekin ikusten duen hainbat pertsonaren purga egiten saiatuz bidean.

Funtsean, krisi klimatikoaren auziaren, haren larritasunaren eta energia berriztagarrien inplantazioak testuinguru honetan daukan rolaren inguruan makroberriztagarrien aurkako mugimenduetan ze iritzi oker zabaltzen ari diren azaldu nahi izan digute. Krisi klimatikoaren larritasunaren aurrean, ba omen daude oker dabiltzan bi erreakzio mota: salbamena mirarizko teknologia mota berri edo zaharren batek ekarriko digula sinesten dutenena, eta arazoa ukatzearena, negazionista eta atzeratzaileena (larritasun egoera ukatu gabe, hainbesteko presarik ez dagoela pentsatzen dutenena). Biak ere biak ebidentzia zientifikoen sostengu gabeak eta ameslariak omen.

Niri deigarria egiten zait ezkerreko alderdiak zenbait auziren inguruan bat-batean zein zurrunak bilakatu diren ikustea. Urte gehiegi ez direla, ezkerreko jendeak estatuen nahiz mundu mailako politiken alorreko organizazioen inguruko mesfidantza neurri sano bat mantendu ohi zuen, pairatu ohi zituzten gezur eta manipulazio kanpaina interesatuez ohartuta. Orain, aldiz, ezker abertzalea demokraten artean onartua izan denez geroztik, zenbait egia absolutu ofizialen adoratzaile bihurtu zaizkigu, zalantzak izan edo aurkako iritzi bat azaltzen duen oro mespretxatu eta baztertzeraino. Areago, barneko etsai horren aurka —ustezko— etsai politikoaren aurka baino kar handiagoarekin ekiten diotela dirudi. Hori bai, jende hau hobe beharrez baztertzen da, gizajo inozook ez dira ohartzen etsaia zerbitzatzen ari direla eta. Eskerrak unibertsitateko irakasleak hor dauden, beren talaiatik gizajooi egia irakasteko.

Nik talaietatik pontifikatzen duen jende horri gero eta kirats elitistagoa eta totalitarioagoa hartzen diot, eta nahiago dut jendearen heldutasuna eta iritzi askatasuna errespetatu, eztabaida ekidin eta neure burua goratzeko etsaien irudi infantilizatu bat lantzeari ekin beharrean. COVIDa, krisi klimatikoa edo dena delakoa dela, begira bitza datu eta ikerketak bakoitzak eta osa beza bere irizpidea, baina gutxi edo asko, gure helburuek bat egiten duten hartan, ez ditzagun besteren bideetan sasiak bota. Bideak ez du zertan bakarra izan, eta zentzudunagoa da helburuan batzen gaituena erdigunean ipintzea.

Eta bada sasi potoloagorik ere. Ikerketa zientifikoak aipatu ditugu, ekar ditzagun ba mahai gainera. Gorbeialdeko Herri Unibertsitateak hitzaldi saio bat antolatu zuen duela hiru bat hilabete, Arabaren etorkizuna jokoan dago: Bidezko Trantsizio Ekosoziala izenpean eta Ekopol-eko ikerlarien eskutik. Lehen hitzaldia Gasteizko estalkien potentzial fotovoltaikoaren ingurukoa izan zen, bigarrena aztarna energetikoaren ingurukoa, eta hirugarrena, berriz, ongizatearen eta behar energetikoen arteko loturen ingurukoa. Hiriko estalkien produkzio fotovoltaiko potentzialaren eta bertako kontsumo energetikoaren erlazioa zen lehen hitzaldiko ikerketaren ardatza, eta energia metatzeko sistemarik erabili gabe, estalkietako plakekin hiriaren kontsumoaren %38ra heldu ahal izango litzatekeela ondorioztatzera helduak ziren. Makroberriztagarrien aurkako mugimenduendako, zer esanik ez, berri ezin hobea. Bigarren hitzaldian aztarna energetikoa zen gaia, garbi asko azaldu zutenez, lehen hitzaldian azaltzen zen kontsumo energetikoaren kontzeptuaz bestekoa eta ezberdina dena. Edonork ikus ditzake hitzaldiok Gorbeialdea Defendatu plataformaren webgunean, kontu hauek egoki ulertzeko ikus ditzazuela gomendatzen dizuet.

Bada, bigarren hitzaldiaren bukaera aldera, pasadan eta aztarna energetikoaren dimentsioa egoki uler zedin, ikerlariak lehen ikerketako emaitzen eta aztarna energetikoaren arteko konparazioaren datua eman zuen: Gasteizko potentzial fotovoltaikoak pertsonako 2 MWh ematen digun artean, euskaldun bakoitzaren aztarna energetikoa (ez kontsumo energetikoa) 40 MWh-koa dela estimatzen da. Lehen munduko hainbat herrialderen tankerako parametroak dira, daukagun kontsumo absurdoaren kulturaren ondorio. Unai Pascual bera genuen moderatzaile, eta hitzaldien osteko interbentzioei sarrera emateko datu zehatz hori erdigunean kokatu nahi izan zuen. Lehen hitzaldiko ikerketaren ondorio positibo printzipala, makroberriztagarrien defendatzaileen argumentuak bertan behera uzten dituena, kuriosoki, puntu horretatik aurrera, alde batera gelditu zen, lehen mundutarron erantzukizunaren, kulparen eta hipokrisiaren inguruan bueltaka.

Gogora dezagun bidenabar Unai Pascual, Zigoitia Bai elkartearen eta ondoren Gorbeialdeko Herri Unibertsitatearen sortzaileetako bat izateaz gain, Basque Centre for Climate Change (BC3) zentroko irakasle eta Ikerbasque-eko ikerlaria dela, ekonomia ekologikoan espezializatua dagoela eta EH Bilduk hauteskundeetara Laura Mintegirekin eta Arnaldo Otegirekin aurkeztutako taldeen parte izan dela. Unibertsitatean eta politikan zirkulu boteretsuetan mugitzen zaigu, Euskal Herrian eta harago; Europako Parlamentuan ere izan da besteak beste ekozergak proposatzen. Baina esparru horretan lan egiten ez dugun beste zigoitiarrok bezain despistatuta harrapatu zuen antza Arabako lehen makroproiektuen helduerak, nahiz eta partidu politiko guztiak jada jakitun zirela badakigun. Unairi komentatzea pasatuko zitzaien.

Eta ohar dezagun halatsu Espainiako Diputatuen Kongresuan EH Bilduko diputatua den Mikel Oterok, hitzaldiok mintzagai hartuta zenbait egunen buruan Argia-n argitaratu zioten Bolo-bolo artikuluan egin zuen manipulazio ariketa zatar batean, Gasteizko potentzial fotovoltaiko / kontsumo energetiko erlazioaren datua ahaztu eta ostera Unai Pascualek nabarmenduriko aztarna energetikoaren datua jaso eta nahierara interpretatu zuela, kontsumo energetikoaren datua bailitzan, faltsua baina bere gustukoagoa zen ondorio bat ateratzeko: Gasteizko potentzial fotovoltaikoak ez omen zukeen «zerbitzu publikoak mantentzeko» beste ere emango. Datuok azken garaiotan EH Bilduko inteligentsia defendatzen aritu izan den ikuspegiari egokiaraziz, alegia, berriztagarrien eskala guztietako inplantazioa beharrezkoa dela ulertaraziz, gune antropizatuetakoak soilik aski ez liratekeela-eta (irakur bedi makroproiekturen batzuk onartu egin beharko direla). Lehen hitzaldian azaltzen zen ikerketan ondorioztatzen zenaren kontrakoa, alegia. Ezen ikerketaren ondorioetan honakoa garbi asko esaten baita (ingelesetik itzulita): «Gasteizko teilatu gainetako fotovoltaikoen potentziala gaur egungo gizarte industrialak sostengatzeko sare energia emateko bezain ona da».

%38ko portzentajearen datuari eta dagozkion ondorioei ahalik eta bultzada mediatikorik handiena emango zietela pentsa liteke... baina begiratu hemerotekari. Apenas oihartzunik. Oteroren artikulua, aldiz, bere manipulaturiko ondorioekin, izenburuak zioen bezala medioetan eta sare sozialetan bolo-bolo ibili zen, hitzaldien kronika ofiziala izan zela dirudi. «Jarrera atzerakoi eta indibidualistenak atzeraelikatzen dituen aktore mota bat» aipatzen zitzaigun Gorbeialdeko Herri Unibertsitateko partaideen artikuluan, COVIDaren negazionisten eta negazionista klimatikoen arteko saltsa-maltsa eginez; EH Bilduko aktore hauen portaera da niri indibidualista eta atzerakoi samarra iruditzen zaidana. Ezen ikerketa zientifikoak eskuan ditugula, makroberriztagarrien aurkako mugimenduak marra gorri garbi baten atzean batzeko parada izan genezakeen, beste edozein espaziotan —partikularki natura eta nekazaritza eremuetan— berriztagarrien proiektuak ipintzen hasi aurretik antropizaturiko eremuetako teilatuek ondo beteta egon beharko luketela exijituz. Baina ikerketa horiek hartu eta kontrakoa esan dezaten manipulatzen badizkigute, eta hausporik handiena azkenari eman... eta gero beren ikuspegia ez daukatenek soluziorik planteatzen ez dutela esango dute, noiz-eta ikerketa zientifikoetan oinarrituriko soluzio posible aski garbi bat muturren aurrean azaldu zaigunean.

Aritz Otxandianoren aurkako erasoarekiko, berriz, EH Bilduren azkenaldiko mugimenduok ikusita, zer gertatu den argitu artean mesfidati naukazue ni. Artaburuak leku guztietan daude eta makroberriztagarrien aurkako mugimendua ez da salbuespena, baina EH Bildurendako probetxu nabaria izan duen efektu kolpea ere izan da, alde batetik mugimendu hauen inguruan daukaten diskurtsoko gu zentzudunak, berriztagarrien hedapen ordenatu baten aldekoak versus ameslari txoroak eta negazionistak, guztiari ezetz esaten diotenak eta soluziorik planteatzen ez dutenak dikotomia faltsua lehen plano batera ekartzea ahalbidetzen duelako, asuntoari azken hauek biolentoak izatearen tentsio gehigarria emanez, eta bestetik, Otxandiano bera medioetan bere diskurtsoa azalduz barra-barra agertu dadin aitzakia perfektua izan delako.

Badakizue, konspiranoiak izango dira, baina, zenbait makroproiektu gauzatu ahal izateko lehenik sekulako inbasioarekin jendea kikildu, eta gero errealista rola hartuz gutxi batzuen beharraz konbentzitzearen estrategia orokor baten baitan ere, ez zait iruditzen EH Bilduren mugimendu hauek batere oker txertatzen direnik. Agian, aurreko urteko urri aldera jakin genuena gogoan daukadalako izango da: talde politikoren batzuek biztanleriaren erresistentzia gainditzeko fronte komun bat egiteari ekina ziotela, eta fronte horrek Araban planteatzen ari diren makroproiektu samaldatik hiru edo lau behintzat aurrera eramatea helburu lukeela, gutxieneko kopuru hau erabat beharrezkoa dela argudiatuz. EH Bildu fronte honen parte ote?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.