Badira gai batzuk norberak errespetu handiz landu nahi dituenak. Eta gaur, energia da horietako bat.
Izan daiteke gaur egun gai gutxik sortzen dituelako hainbeste larritasun, hainbeste interes eta hainbeste emozio. Izan daiteke, azkenaldian sortu den eztabaidaren tonuak ñabarduretarako tarte gutxi uzten duelako. Edo, agian, energiaz hizketan ari garen bitartean, sakonean honakoaz ari garelako: nola bizi, ekoitzi eta kontsumitu nahi dugun, eta gure ingurunearekin nola harremantzen garen.
Lerro hauek idazterakoan, ardatz bat baino gehiagok zeharkatzen naute; eta, erantzun sinpleak eskaini beharrean, kontraesanekin bizitzera behartzen naute.
Herritar gisa, erabat jakitun naiz klima aldaketaren ondorioez. Jada alferrik da etorkizuneko agertokiez edo ohartarazpen urrunez hitz egitea. Eraginak hemen ditugu. Komunitate zientifikoak urteak daramatza ohartarazten: deskarbonizazioa azkartu behar dugu eta erregai fosilekiko dugun mendekotasuna murriztu. Ez egitea ez da aukera bat, baina ezin da edozein modutan egin.
Goienerreko kide naizen aldetik, ondotxo ezagutzen dut energia-sektorearen konplexutasun handia. Badakit zer zailtasun dakartzan sorkuntza-proiektuak bultzatzeak, eta zer zaila den aurrera egitea esparru erregulatzaile aldakorren, askotariko interesen, muga teknikoen eta abarren artean.
Jabetzen gara geure kontraesanez. Badakigu gure energia sortzeko erritmoa bizkortu behar dugula, baina jakitun gara lortu nahi ditugun helburuak bezain garrantzitsua dela energia sortzeko modua ere
Baina, aldi berean, Arabako Lautadan bizi den pertsona baten azaletik ere idazten dut. Eta hemendik, beste errealitate bat ere ikusten dut. Badakit zer sentitzen den, egun batean, zure herrira promotore edo eragile bat iritsi eta proiektu handi bat egin behar duela esaten dizunean. «Hala egingo dugu eta dagoena dago». Ondo ezagutzen ditut horrek sortzen dituen emozioak. Bizi garen lurrari zuzenean eragiten diotenean, zilegi dira sortzen diren zalantzak, kontraesanak, kezkak eta baita galderak ere.
Ikuspegi horiek guztiak elkarrekin bizi ditut nigan. Eta uste dut antzeko zerbait gertatzen dela Goienerren.
Jabetzen gara geure kontraesanez. Badakigu gure energia sortzeko erritmoa bizkortu behar dugula, baina jakitun gara lortu nahi ditugun helburuak bezain garrantzitsua dela energia sortzeko modua ere. Badakigu energia-trantsizioaren inguruko eztabaida hausnarketa zabalago baten aterkipean egin behar dugula, egungo eredu ekonomikoa, hazkundearen mugak eta komunitate bakoitzeko kideok bizi garen lurraldeekin dugun harremana kontuan hartuta. Eta, aldi berean, kontziente gara eztabaidatu beharreko gai askoren inguruan ikasten eta hobetzen jarraitu behar dugula.
Horregatik, aurkezten ari garen honek ez du egia absolutu bat izan nahi, ezta erantzun itxi bat ere. Ia bi urte iraun duen barne-gogoeta prozesu baten emaitza da; zeregin horretan, ideiak kontrastatu eta ikuspegi desberdinak dituzten eragile ugarirekin batera bildu dugu informazioa. Eta jakin badakigu erakunde bakar batek ere ez dituela galdera guztien erantzunak izango.
Trantsizioa ezin da mugatu energia-iturriak aldatzera. Jabetza komunitarioaren alde egiten dugu, proiektuen inpaktu orokorrak zorrotz aztertzearen alde, eta lurraldeen eta komunitateen arteko harremanak estutzearen alde, lankidetzaren eta elkartasunaren ikuspegitik
Horregatik atera gara plazara umiltasunez. Ez dugu autoritatez hitz egin nahi. Gure asmoa ez da inori leziorik ematea. Ekarri nahi dugun ikuspegia, esperientzia kooperatibotik, trantsizio energetikoarekiko konpromisotik eta entzuteko borondatetik eraikia dago. Beso-zabalik hartuko ditugu elkarrizketa, kontrastea eta kritika eraikitzailea.
Gure ustez, energia pertsonen eta lurraldeen zerbitzura dagoen ondasun komun gisa ulertu behar da. Horregatik, trantsizio energetikoa sustatzen duten proiektuen helburu nagusia ez litzateke izan behar ahalik eta etekin ekonomiko gehien lortzea, behar kolektiboak asetzea baizik, betiere, planetaren muga ekologikoen barruan. Gure ustez, trantsizioa ezin da mugatu energia-iturriak aldatzera. Jabetza komunitarioaren alde egiten dugu, proiektuen inpaktu orokorrak zorrotz aztertzearen alde, eta lurraldeen eta komunitateen arteko harremanak estutzearen alde, lankidetzaren eta elkartasunaren ikuspegitik.
Gure proposamena ez da posizionamendu publiko bat bakarrik. Talde-barruan erabiltzeko erreminta bat ere bada, proiektu zehatzak aztertzeko eta defendatzen ditugun printzipioekiko koherentzia baloratzeko. Tresna bizia da, eboluzionatzen jarraituko duena eta dagoeneko gure eguneroko lanean erabiltzen ari garena.
Bizi ditugun garaiotan, galdera konplexuentzat erantzun azkarrak nahi ditugu; ba, horren aurrean, hau izan liteke gure ekarpena: elkarrizketa aldarrikatzea, irtenbideak kolektiboki bilatzea eta onartzea kezka guztiak direla zilegi, datozen lekutik datozela.
Nahiago nuke balioko balu.