Natura kontserbazionista

Erakundeek eta legediak ez dute bete euren lana

Aitziber Sarobe Egiguren
2025eko irailaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak Piaspe parke eolikoaren eta bere ebakuazio-azpiegituren proiektuaren aurkako ingurumen-inpaktuaren adierazpena baloratzerakoan, Azpeitiko EAJ alderdi politikoak sareen bidez kontrakoa zabaldu badu ere (2025eko abuztuaren 11n), erakundeek eta legediak ez dute bete euren lana.

Horren adibide argia da Gipuzkoako Lurralde Antolaketa zuzendaritzak Azpeitiko udalerrian, Kutxaren jabegoan, meteorologia-estazio baten instalazioa Interes publikokotzat deklaratzen duen ebazpena (2025eko uztailaren 28koa). Bertan hitzez hitz jasotzen da: «Azkenik, eta instalazioa landa-ingurunean eta, zehazkiago, aukeratutako lur zatian kokatzeko beharrari dagokionez, erabakigarria da, hain zuzen, etorkizunean produkzio elektrikoko errotak jarriko badira bertan, jarriko diren kokalekuan eta altueran egindako neurketa eolikoen bidez lortu beharko direla haizearen portaerari buruzko datuak».

Alegia, Gipuzkoako Lurralde Antolaketarako zuzendaritzak interes publikokoa ebatzi du, ingurumenean izango lituzkeen eraginengatik onartezina den zentral eolikoarentzat datuak jasotzeko estazio meteorologikoa. Azpeitiko Udalak ukatu egin dio Renovables Iberia PI, SLU enpresari estazio hori eraikitzeko baimena.

Izan ere, energia berriztagarrien garapenerako estrategian, Eusko Jaurlaritzak lurraldearen antolaketa eta ingurumenaren babesa enpresen interesen menpe kudeatzeko nahia argi erakutsi du, lege-esparruaren sortu duen anabasarekin. Oraindik onartzeke dagoen Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialean (EEBB-LPS) idatzita dago, LPS hori Lurralde Plan Partzialetan gainetik betearazlea bihurtzeko mandatua. Lehendik Tapia legeak Interes Publikokotzat izendatutako proiektuak baimentzeko ahalmena udalei kendu ziela (Jaurlaritzaren mesedetan) kontuan izanda, non gelditzen da herritarren parte-hartzea energia-sorkuntza baino gehiago, energiaren kontsumoaren gutxitzea eskatzen duen auzi honetan?

Energia berriztagarrien garapenerako estrategian, Eusko Jaurlaritzak lurraldearen antolaketa eta ingurumenaren babesa enpresen interesen menpe kudeatzeko nahia argi erakutsi du

Bestalde, energia berriztagarrien azpiegituren baimenak ingurumen eraginen baitan ematea aurreikusten da EEBB-LPSn. Baina, naturaren babesa arautzea helburu duen Eusko Legebiltzarrak onartutako 9/2021 Legea bete ahal izateko (azaroaren 25ekoa, Euskadiko natura-ondarea kontserbatzeari buruzkoa), gainerako erakundeek ez dute tresnarik garatu, ez dago horretarako baliabiderik.

Esaterako, Natura 2000 sarea osatzen duten Gipuzkoako natur balioengatik babestutako hemeretzi eremuetako bakar batek ere ez du indarrean Kontserbazio Bereziko Eremuaren plangintza. Beste hainbeste esan daiteke Gipuzkoan arriskuan dauden espezieez. Hainbat dauden arren egoera horretan, bakar batek ere ez du berariazko kudeaketa-plana indarrean.

Haien artean daude hegazti nekrofagoak eta saguzarrak. EAEko Administrazio Orokorrak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek 2014an sinatutako EAEko Batasunaren Intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Plana, urtea bukatu aurretik argitaratzeko eskaera onartu berri dute Gipuzkoako Batzar Orokorretan. Hamar urte beranduago, alajaina! Bitartean 200 metro baino luzeagoko aerosorgailuen instalazioa aurreikusten duten hainbat parke eoliko izapidetzen ari dira lurralde osoan...

Ez, ez administrazioak eta ezta legediak ere ez dute bete euren lana energia berriztagarrien sustapenean. Zenbat min, lanordu eta nolako diru xahuketa enpresen maltzurkeriei (ingurumen eraginen txosten lotsagarriei) aurre egiteko.

Baina oraindik ez da beranduegi. Iaz onartu zen Europako Batasuneko lehorreko eta itsasoko eremuen %20, gutxienez, lehengoratzeko neurriak ezartzea helburu duen Erregelamendua (UE, 2024/1991). Helburu hori betetzeko, ezinbestekoa da babestutako eremuen artean igarobide ekologikoak sortu eta leheneratzea, 9/2021 Euskadiko natura-ondarea kontserbatzeari buruzko legearen 28. artikuluak (konektagarritasun ekologikoaren neurriak) jasotzen duen bezala.

Bada garaia Natura 2000 sarearen konektagarritasun ekologikoa bermatzeko igarobide ekologikoak osatu eta leheneratzeko! Legea onartuta dago; gauzatzeko borondate politikoa besterik ez da falta

Bada, helburu horri begira bai, egin dezakete beren lana tokiko erakundeek: Piaspe zentral eolikoa eraiki asmo zen eremu osoa Hernio-Gazume, Izarraitz eta Pagoeta kontserbazio bereziko eremuen arteko igarobide ekologikoa izendatuz, esaterako. Errezil, Azpeitia eta Zestoako udalerrietako Hirigintza Plan Orokorrak aldatzea da modua. Piaspe Parke Eolikoaren eta bere ebakuazio-azpiegituren proiektuaren aurkako ingurumen-inpaktuaren adierazpenak justifikatuko luke, xehe-xehe jasotzen ditu eta eremu horien natur balioak.

Azpeiti, Errezil eta Zestoarako balio duenak EAE osorako ere balio du. Bada garaia Natura 2000 sarearen konektagarritasun ekologikoa bermatzeko igarobide ekologikoak osatu eta leheneratzeko! Legea onartuta dago (9/2021, azaroaren 25ekoa); gauzatzeko borondate politikoa besterik ez da falta. Aurretik EEBB-LPS onartzea arduragabekeria hutsa da, Piasperen kontrako ebazpenak erakutsi bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.