Beharrak aginduta, goizero hartzen dut autoa lanera joateko. Gidatzeak betidanik eman izan didan gustua lausotuz joan da urteek aurrera egin ahala, derrigor egin behar dudanetik batez ere. Desberdina da, izan ere, plazer hutsez musika jarrita eta presarik gabe paisaia irunsten joatea, edo, bestela eta total kontrara, egunero-egunero Txorierriko etorbideak zeu irunstea. Apokalipsiaren faseren baterako diseinatuta dagoen errepide honetan, lanera sartu orduko goizeko orduan inork ez du ondo gidatzen —salbu eta nik—; dena den, keinukariak zer diren eta zertarako balio duten ez dakien gidariaz aparte, badago beste jende-modu bat: hiru errei egonda ere, erdikotik gidatzen duena.
Gidari distantziakide hauek, ez ezker ez eskuin, zentral beti, hankaz gora jartzen dute zirkulazioa. Eskuineko erreitik gidatzeko aginduari muzin eginda, eta errepidearen zentraltasunaren jabedun, joan daitezke orduko 90 kilometroko abiaduran patxada antzean, arauak errespetatzen ari direlako uste sendoarekin. Aurreratu nahi badituzu, eta inongo arau-hausterik egin ez, eskumatik erdiko erreira pasa beharko duzu lehenengo; erdikotik ezkerrera, gero; ezkerrekotik erdikora, berriro; eta, bukatzeko, erdikotik eskuinekora, zeure lekuan jartzen zarenera arte.

Gauzak asko nahasten dira hainbeste mugimendurekin, eta arriskutsu jarri; kontrara, aukera dezakezu enbarazu egiten duen figura zentral hori eskumatik aurreratzea, gauzak errazte aldera, baina dakarren arriskua dela-eta trafiko-arau larritzat hartzen da, baldin eta harrapatzen bazaituzte.
Harrapatzen bazaituzte, ze kontua da, ziur aski, ez zaituztela harrapatuko. Urteak daramatzagu eskuinaren eskuinaren eskuinean ezin muturrago aurrera dabilen talde eta jende askoren diskurtsoak eta ekintza jakinak tolerantzia-marjina altuarekin nola legitimatu diren ikusten. Urteak, erregimen frankistaren trantsizio haren pitzadura eta arrakaletatik inongo pudorez estali ez diren ahotsei kabitua nola eman zaien entzuten. Egunokin, igaro berri ditugun otsailak 23 edo martxoak 3 bezalako efemerideek eta bestelako mugimendu politikoek hala bultzatuta, Miquel Ramosen Antifascistas. AsĂ se combatiĂ³ a la extrema derecha española desde los años 90 (Antifaxistak. Horrela borrokatu ziren Espainiako eskuin muturraren aurka 90eko hamarkadan) liburura bueltatu naiz.
Ez faxismoa, ez antifaxismoa: dikotomizazio ariketa absurdo, interesatu eta biolento horrek erdiko erreia ezertarako abandonatu gabe gidatzera darama bateren bat edo beste
Kazetari valentziarrak urteak daramatza mugimendu sozialak, gorroto-diskurtsoak eta eskuin muturra aztertzen, Espainiako mugimendu antifaxisten genealogia datuekin eta fundamentuzko ikerketa batekin osatzeko. Haren ustetan, «mugimendu antifaxistaren aurkako errepresioak eta kriminalizazioak indarkeria baliatu du —antifaxistek autodefentsarako erabili badute ere— muturren arteko kontakizuna indartzeko; horrek faxistak eta antifaxistak konparatzea dakar, eta konparaketa hori zantarkeria osoz ustiatu dute komunikabideek, Espainiako segurtasun-indarrek eta zenbait aktore politikok».
Ez faxismoa, ez antifaxismoa: dikotomizazio ariketa absurdo, interesatu eta biolento horrek, ezen dikotomizazioa bera baita biolentoa, erdiko erreia ezertarako abandonatu gabe gidatzera darama bateren bat edo beste, ustezko zentralitate moderatu eta orekatu bat okupatzeak hain arbuiagarri ikusten dituen muturretatik salbatuko balu bezala. Eta bai, bata arbuiagarria da, faxismoak ukatu egiten baitu, errotik, berdinen arteko jendartea sortzeko aukera. Seinalatu egiten du, eta jazarri, eta giza eskubideen aurka jo; arrazista eta homofoboa da gehienetan, totalitarioa eta sexista. Eta, kontrara, eta ez inondik ere gertu, egunero horren guztiaren aurka egiten duen jendea dago.
«Berdintasunean oinarritutako bizitza duina eskatzen dugunean, dena delakoa generoa, nazionalitatea, erlijioa edo etnia, antifaxismoa egiten ari gara. Erradikalki ari gara berresten faxismoak ukatzen duen giza eskubideen unibertsaltasuna, jendartean hierarkiarik ez dagoela baieztatzen ari gara». Baina noski, munduaren ikuskera falazian oinarritzen baldin baduzu, interpretaziorako markoa modu iruzurtian bihurritu baduzu, eta muturren arteko logika makabro eta faltsu hori neurrigabe eta bizitza sozialaren hainbat esparrutan aplikatzea erabakitzen baduzu, ad infinitum okupa dezakezu erdiko erreia, eta ea orduan noraino iristen zaren.