Irakaslea

D ereduak erdalduntzen du

Eneko Garcia Uriz
2026ko apirilaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako hezkuntza sisteman, hizkuntza ereduen inguruko eztabaida maiz eztabaida politikoetara mugatu izan da, baina errealitate soziolinguistikoa, egunerokoan, askoz gordinagoa eta kezkagarriagoa da. Euskalgintzak ohartarazi du: D ereduak, bere horretan, ez du bermatzen ikasleen euskalduntze osoa, baldin eta murgiltze prozesua garatzeko baldintza fisiko eta sozial egokiak eskaintzen ez badira. Nafarroako Bigarren Hezkuntzako institutuetan bizi dugun egoera da horren adibiderik argiena: Lehen Hezkuntzan ereduen arteko bereizketa fisikoa onartzen den arren, DBHra iristean administrazioaren kudeaketak balizko arnasgune horiek lehertzen ditu, zona mistoan eta euskaldunean D eta A/G ereduetako ikasleak eraikin berean nahasiz.

Euskara ez da matematika edo historia bezala ikasten den edukien multzo huts bat: bizipen oso bat da, eta berebiziko garrantzia du gizakion lehenengo urteetan, haurrak eta nerabeak eskolaratzen diren urte horietan; orduan ezartzen dira etorkizuneko gaitasun komunikatiboaren eta hizkuntzarekiko atxikimendu afektiboaren oinarriak. Horregatik, hizkuntza bat benetan barneratzeko, are gehiago gurean bezala egoera gutxiagotuan dagoenean, ezinbestekoa da ikasleek euskara ikasgelako hormetatik kanpo ere bizi izatea: sozializaziorako, jolaserako eta afektibitaterako tresna gisa. Ondorioz, esan genezake D ereduaren funtsa euskara arnasgune bihurtzea dela, ikasleek modu naturalean hitz egin dezaten ingurune babestu batean, kanpoko munduko presio erdaldunik gabe.

Ereduak uztartzeak euskara bigarren mailako hizkuntza gisa zigortzea dakar. Bada garaia D ereduari berezko arnasguneak emateko institutuko garaian ere

Alabaina, Nafarroako Gobernuak ulertezina den egiturazko kontraesan bat elikatzen du. Lehen Hezkuntzako eskoletan ereduak banatuta egotea bermatzen duen bitartean, DBHko institutuetan hizkuntza ereduak nahasten ditu. Izan ere, zona mistoko institutu askotan, baita zonifikazioak euskaldun gisa definitzen dituen herrietakoetan ere, D ereduko lerroak eta A edo G ereduetakoak espazio berean uztartzen dira. Eta zer gertatzen da institutu horietako pasabideetan, jantokietan, patioetan edo eskola garraioan? Lehen Hezkuntzan eraikitako oreka linguistiko hauskorra berehala apurtzen dela, eta hau bereziki larria da, nerabezaroa ikasleen sozializatzeko eta munduratzeko garaia delako eta adin horretako hautu linguistikoak bizi osorako eragina izan baitezake.

Gizarte erdaldun eta globalizatu batean bizi gara, non gaztelaniaren presentzia itogarria den aisialdian eta sare sozialetan. Testuinguru horretan, gaztelaniak indar hegemonikoa du, eta inertziaz irabazten du espazio komun guztietan. Eta normala da, A eta G ereduetako ikasleek beren ohiko hizkuntzan jokatzen dute, naturaltasun osoz, eta D ereduko ikasle askok, aldiz, ez, eta gaztelaniara jotzeko joera sistematikoa izaten dute. Ondorioz, euskara ikasgelara mugatzen da. Baina hor ere, egoerak okerrera egiten du, ikasleek ez baitute haien artean komunikatzeko erabiltzen, eta irakasleak erabiltzen duen tresna huts bat bilakatu baita.

Eta hemen datza arazoaren muinik latzena: ongi babestu gabeko egitura honek, erdaldunak euskaldundu beharrean, etxetik euskaldunak diren haurren erdalduntzea dakar ezinbestean. Berezko hizkuntza duten ikasleak ere gaztelaniaz hitz egitera bultzatzen ditu sistemak, euskara eskolako tresna zurrun gisa identifikatuta eta bizitzako beste eremuetarako balio ez duela sinetsarazita. Beste modu batera esanda, D ereduak erdalduntzen du.

Aitortu beharra dago gaztelaniak izugarrizko presentzia duen kale erabilera txikiko inguruneetan zaila dela hiztun osoak sortzea, baina ereduak institutu berean nahasteak eginkizun hori ezinezko bihurtzen du. Gobernuak ez du bermatzen D ereduaren helburua; aitzitik, euskararen higadura bizkortzen duen eredu hibrido bat sustatzen du.

Egoera honen aurrean, eskolak bakarrik ezin du miraririk egin, ez bada gizartearen eta, bereziki, familien babesarekin. Gurasoen inplikazioa eta militantzia ezinbestekoak dira murgiltze prozesu hau sendotzeko. Etxean euskaraz hitz egitea bezain garrantzitsua da eskolako hautuaren kontzientzia politiko eta sozialari eustea. Gurasoek murgiltze eredu osoak exijitu behar dituzte, institutuetako eredu nahasketa horren aurrean ahotsa altxatu eta seme-alaben aisialdia ere euskaraz elikatzeko konpromisoa hartu.

Esan bezala, zona euskaldunean eta mistoan, DBHko ikasleek murgiltze eredu oso eta eraginkorra merezi dute etapa guztietan. Ereduak uztartzeak euskara bigarren mailako hizkuntza gisa zigortzea dakar. Bada garaia D ereduari berezko arnasguneak emateko institutuko garaian ere; bestela, hauspotu beharrean, hizkuntza itotzea lortuko dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA