Erleena: erresistentzia eta elkartasuna

2017ko abuztuaren 2a
15:34
Entzun

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak gonbidatu gintuen duela hainbat urte bilerara Gasteizera eta hizkuntza politikan egindako lan oparoaz jardun zuen garai hartako sailburuorde zen Patxi Baztarrikak.

Ordurako, Tolosan behinik behin, ume eta gazteen erabilera jaisten ari zen eta helduena zein zaharrena bere horretan zegoen aspalditik. Neuk, datu horiek emateaz gain, aipatu nion erabilera zela hizkuntza baten osasuna neurtzeko tresna egiazkoa, ez euskararen ezagutzan edota selektibitate azterketan eman genuen aurrerapausoa (urte horretan lehen aldiz egin zuten euskaraz azterketa ikasle gehiagok). Erabileran aurrera egin ezean besteak gutxirako balio zuela, alegia; jakin ez erabiltzeko, emaitza eskasa zela edozein hizkuntzarentzat. Izan ere, Euskal Herrian ez badugu euskara jakinda sarri-sarri erabili behar ahoz, idatziz, entzunez, irakurriz… non? Zein leku dauka hizkuntza batek bere herrian ez badute erabili behar? Zertarako da? Ikertzeko? Museoan edukitzeko gordeta Unamunok proposatu moduan?

Aipatu nion ezinbestekoa zela aurrerapausoak ematekotan euskalgintza eta instituzioen arteko elkarlan egokia bideratzea. Garai horretan, Kontseiluan koordinatuta zeuden euskalgintzako talde gehienak eta hortik abiatzea-edo aipatu nuen. Elkarlanak ekar zezakeela emaitza txukun samarra, ez paradisua e! Emaitza duin samarra besterik gabe. Bestela, aurrerapauso txikiak edota bertan kieto izango zela emaitza.

Gorbatadunak pulpitutik, azpian eta nikiaz jantzia dagoenari maiz erantzuten dion moduan erantzun zidan: "Axaldegi" badakigu non dabilen politikan eta kritikatzera mugatzen dira hauek, badakizue! Purrustada alegia.

Berrian erabilerak behera egin duela irakurri berri dut, baita Gipuzkoan ere. Udaletako euskara teknikariok aspaldi genekien hori horrela zela eta bazetorrela beheranzko joera gurean, baita herri txiki eta oso euskaldunetan ere. Baina pulpitutik komeni dena esaten dute politiko profesionalek. Egi erdia da esaten dutena, edo gezur borobila. Datu onak soilik ematen dituzte beren politika egokia dela zabaltzeko eta aide trun txikitun! Baina herrietan lanean ari ginenok eta urtero erabilera neurketak egiten genituenok bagenekien aspalditik kontuak ez zirela han agertu bezain baikor eta politak, eta belarriak eta begiak horretan jartzen dituen edozeinek ere bai.

Eta zoritxarrez arrazoi genuen, datuak ez ziren hain positiboak orduan eta orain ere ez neurketaren arabera, baina politiko profesionalek komeni zaiena esaten jarraituko dute eta denok poz-pozik jarraituko dugu gure hizkuntzaren norabidea egokia dela esaten, duela 30 urte baino askoz euskaldun gehiago garela eta Korrika, Oinez eta Kilometroak txantxangorriaren alboan ederki egiten dakigula eta gurea baino askoz okerrago mundu honetako hizkuntza gehienak daudela nahiz eta gehien-gehienak zaintza berezietan egon; baina kontuz, gurea hobeto dago Euskal Herriko toki batzuetan, e! Bale, primeran gaude klinikan urte osoan, toki batzuetan zaintza berezian eta beste batzuetan logela arruntean, baina klinikan gustura!

Eta Hegoaldean espainiera euskara bezain gurea eta hemengoa dela esaka jarraituko dugu, gurea meriendatu badu ere Joan Mari Torrealdairen Euskararen liburu beltzan agertzen diren zikinkeria eta zerrikeria horiek guztiak eginda. Eta kotxe elegantea, modernoa da. Eta euskara bezain gurea duen Hegoalde honek zertarako behar du aipatutako kotxeak guztiz izorratu duen Seiscientos euskara xaharra? Igandeetan paseatzera ateratzeko batzu-batzuek Seiscientosak edo Vespak ateratzen dituzten moduan?

Kotxe eder, normalizatu, kultur oparoa, hedabide potenteak… denok gidatzen dotore dakiguna edukita, zertarako da gurea ere baden Seiscientos ezin ibili xaharra? Seiscientos horretan zer dela-eta gastatu behar dugu dirurik bestea dotorea izanda, primeran dabilena eta gure-gurea, Eusko Jaurlaritzatik nazkatu arte errepikatu diguten bezala Koldo Mitxelena aipatuz?

Ez diogu esan nahi herri honi egia eta ez ditugu hartu nahi hartu beharreko neurriak guztiz hondatuta utzi ziguten gurea sendatzeko, ez diogu esan nahi herri honi hizkuntza bat egoki biziko bada eta ez zaintza berezietan hodiz josita, bere lurraldean hegemoniko izan behar duela eta utzi ziguten moduan lagata, botika fuerteak behar dituela sendatzeko, legedia egokia, euskaldunak sendo eta erabileran konpromisoak hartuz haien berezko hizkuntzaren alde (hitz eginez, irakurriz, entzunez eta idatziz ahal den guztietan), euskara dela gure hizkuntza berezkoa eta bertakoa, beste biak inposatu zizkigutela oso modu baldresean, genozidio kultural eta linguistiko baten bidez… Hortaz, euskara ez dela inposatuko inoiz bere herrian, gehien jota bere onera ekarriko dugula, besterik ez. Imposición ez, reposición dela gurea, Cervantesen hizkuntza erabiliaz, oso gurea baino gehiago dena, erabat baldintzatzen duena gure jarduna eta gutxiengoan eta gutxiturik utzi gaituena hegoan, frantsesak iparran bezala.

Hizkuntza ez dela soilik komunikatzeko, hizkuntzek munduaren ikuspegi zehatz bat ematen digutela, nortasuna eta identitatea ere badirela herri bakoitzarentzat. Euskal Herrian euskara osasuntsu izateak munduari ere egiten diola on eta kalterik ez beste hizkuntzei beren eremuetan oso osasuntsu daudelako, gure bizilagunenak behinik behin.

Hizkuntza bat egoki bizitzekotan, hitz egin, irakurri, entzun eta idatzi egin behar dela ahalik eta gehienetan eta horrek soilik egiten diola on hizkuntzari, beste ezerk ez. Eta egia puñetero hauek administrazioak ez dizkio esan nahi herri honi nonbait, botoak galduko dituelakoan edo gaur dagoen bezala nahi duelako euskara: ez dadila hil, baina dagoela bigarren mailan edo futboleko erregional mailan bere herrian. Bide batez, administrazioak inori ezer esateko berak erabili beharko luke modu eredugarrian lehenik, ezta? Pufffa!

Oso izorratuta utzi digute hizkuntza azkeneko mendeotan, zer esanik ez aurreko mendeko diktadura garaian, eta minbiziak jota dago. Kimioa hartzeko prest ez dago herri hau eta aspirina bidez ezin sendatu gaitz larria, eta horixe izan da azken urte luzeetako sendagaia. Gaitz larria duenari aspirina eman mina zertxobait arintzeko eta hobexeago egoteko. "Eta bihotzak ezin du gehiago" esan zigun Joxe Anton Artze olerkariak

Instituzioaren eta euskalgintzaren arteko elkarlan serio eta zintzoa behar du hizkuntza honek aire oxigenatu samarra lortuko badu bere herrian; batetik eta bestetik herri honi jakinarazi behar zaizkio edozein hizkuntza osasuntsu bizitzeko behar dituen baldintzak zein diren:, ez kapritxoz behar dituenak, normal antzean bizitzeko beharrezkoak direnak, baizik. Eta hori lortzeko hartu beharreko neurri zorrotzak hartu, euskaraz bizitzeko herri-gogoa indartzeaz gain. Patxi Baztarrikak utzi duenetik badirudi zer edo zer egiten hasi direla elkarlanaren kontuan, baina dauden aliantza politikoak ikusita benetan posible da euskarak behar duen hizkuntza politika egitea? Nahiago nuke sinetsi baietz, baina unionismoarekin bat eginda hizkuntza politika egokia? Hamar urte barru berdin egon baietz erabilera datuak, puntu bat gorabehera? Beste 10 urteetarako bai baita erregimen itxura duen aliantza hori. Gai batzuetan agertutako itxikeria eta agintekeria lekuko (errauskailua, ELA eta LAB baztertzea, AHT…). Mila ehuni gorri!

Euskaltzaleok erleen politika jar dezagun martxan inoren zain egon gabe, erresistentzia eta elkartasuna, horrexek eman dezake gauden egoeran irauteko bidea, ez pauso handiak ematekoa, baizik eta eustekoa soilik. Eta lorpen ona litzateke 10 urtera begira, politika kontuak daudenean iraunez gero behinik behin, eta ez du itxura hobetuko direnik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.