Caidos Irauli kolektiboko kideak

Erorien Monumentua. Adituen batzordearen proposamenaz

Lander Aurrekoetxea, Ana Barrena, Ramon Contreras eta Xabier Lopez de Uralde
2026ko urtarrilaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den urriaren 16an, historia eta memoriari lotutako hamalau ikertzaileren txostena aurkeztu zen, joan den mendean indarkeria faxistak sorrarazi zituen ondorioei buruzkoa.

Nazioarteko eremuan (Austria, Txile, Argentina) zein estatu espainiarrean (Gernika, Bartzelona, Madril, Granada, Galizia, Nafarroa) lan egiten duten profesionalek eta ekintzaileek proposamen bat landu dute, Erorien Monumentuan memoria demokratikoaren eta antifaxismoaren etorkizuneko interpretazio zentroak izan litzakeen edukien ingurukoa. Haien artean, Caidos Irauli gure kolektiboko bi kide izan dira, nor bere izenean.

Proposamenak hura aztertzea eta ezagutzea merezi du, baina posible da, jakina, harekin bat ez etortzea ere. Betiere, lan serio eta kalitatezkoarekiko aitortzatik eta errespetutik abiatuta. Haren xedea baita ideiak ematea eztabaida handiak sortzen dituen eraikin baten inguruan, jendarte nafarraren egoera benetan gatazkatsuan. Baina, batez ere, planteatzen du monumentu erdeinagarri batekin zer egin eztabaidatzea. Eta eztabaida hori tokian tokiko eremuaz gaindi doa, nazioarteko mailan proiekzioa baitu.

Eraikinaren etorkizunaz dauden jarrera diferenteen arteko eztabaida lasai eta neurrizkorik ezak erresumindu du zornadura egoera. Alde batetik, eraistearen aldekoak (beren jarrera defendatzeko zilegitasun osoa dutenak) eta, bertzetik, Udalarena, 2024ko azaroko hiru alderditako hitzarmen politikoa jarraitzen duena. Polarizazio horrek zailtzen du bestelako alternatibak bistaratzea, Caidos Iraulirena, adibidez, non defendatzen dugun monumentuan esku hartze erradikala egitea bere esanahia aldatzeko eta erreferente antifaxista bihurtzeko.  

Adituen batzordeak egindako proposamenaren lanketa aukera ona izan daiteke eztabaida bideratzeko, hark, erreala eta beharrezkoa izanagatik ere, adostasunak eta esparru komunak bilatzeko lanketa bat eskatzen baitu. Batzen gaituena (aunitz dena) kokatzeko eta dauden desadostasunak (batzuetan tonua beheitituz) tratatzeko, eztabaida sozial orotan gomendagarria den dinamika positibo batean.

Batez ere, desadostasuna esparru politiko bera (antifaxismoa) partekatzen duten elementuen artean sortzen delako; izpiritu kolpista eta errepresiboa ordezkatzen dutenak, kontrara, egoera erosoan dauden bitartean, auzi honetan bazterturik dauzkan istiluari so. Borondate positibo honekin eta aitzina egitea lagunduko duten elementuak eman nahian, ildo hauek zirriborratu ditugu, aurkeztutako proposamenaren lehendabiziko balorazio xumea eginez:

Azpimarratzen dugu dokumentuak Iruñeaz, «memoria duen hiriaz», egiten duen gogoeta, baita interpretazio zentro antifaxista izatearen munta ere, estatu espainiarrean bakarra izanen zena, hain justu. Hiriko bertze memoria esparru batzuekin koordinaturik izanen zen zentroa, memoriaren ibilbide batzuk sortzeko posibilitatearekin. Ikuspuntu honetatik, gure hiria faxismoa salatzen duen mundu mailako erreferente bihurtzen ahal zen eta kontsiderazio horrek garrantzi handia izan dezake, iraganean sorrarazitako indarkeriaren tratamendu kritikoaz gainera, orain dauden mehatxuei dagokienean ere. Orobat, interesgarria iruditzen zaigu zentro berrian egin litezkeen heziketa jarduerak Nafarroako Memoria Institutuaren Memoria duten eskolak programarekin lotzea, horrek biltzen baititu ikastetxeetan memoria arloan dauden edo egiten ahal diren jarduera eta proiektu guztiak. Halaber, aipatu nahi dugu dokumentuan monumentuko ikonografiari egindako hainbat begirada, hala nola, indarkeria kolonialaren ikuskera (gure tenore honetan areagotzen ari den harrapakin arrazista); patriarkatuak berez emakumeen aurka gauzatzen duen indarkeria (hori ere gaurkotasun handikoa); eta amaigabeko indarkeria militarista eta gerrena.

Bertze alde batetik, aurkitu ditugu gabeziak eta gai batzuetan ez gatoz bat. Batez ere, planteatzen diren esku hartze arkitektoniko ez beharrezkoetan (garaiz kanpokoak izaki) kupula eta bertako margoak ezkutatzeari, arkuteriei, kriptari, terrazari... dagozkienak. Ulertzen dugu akordio politikoaren inposizioak direla. Ni derribo ni resignificaciĂ³n. El monumento a los CaĂ­dos como herramienta contra los fascismos gure liburuko sarreran aipatzen genuen bezala, presatuegiak iruditzen zaizkigu. Ezarritako esku hartze arkitektoniko horiek (eraiste partzialaren eta ezkutatzearen artekoak) ez dute barne koherentziarik eta arras baldintzatzen dituzte proiektu arkitektonikoen posibilitateak. Dudatan segitzen dugu jarraipena eta iraunkortasuna bermatuko dituen zentroaren kudeaketa autonomiaz, udal gobernuetan egon litezkeen aldaketei dagokienez.

CaĂ­dos Irauli eraikinaren eraldatze fisiko eta sinbolikoa bilatuko duen proposamen bat egitearen alde dago, faxismoa izan zenaren lehen iturri (arkeologikoa) baten gainean lan egiteko aukera gisa, delitugileak zuzenean seinalatuko dituena. Azpian izan zituen balioak irauliz. Esparru bat sortuz bizikidetza eta giza eskubideen defentsa eta iraganeko hausnarketa kritikoa finkatzeko. Gizateriaren aurkako krimenak gauzatu zirenetik horrenbertze denbora pasatu da, tarte luze honetan frankismoaren krimenendako egia, justizia eta ordaina lortu gabe, non memoria kolektiboa galtzen ari den iragan erdeinagarri eta traumatiko horri buruzko funtsezko erreferentziak eta hori bidea ematen ari zaio mugimendu totalitario eta faxistak berpizteari. Eraikin horretan esku hartze antifaxista bat egitea aukera bat izan daiteke biktimek egia, justizia eta ordaina eskuratzeko duten eskubidea jendartearen, orokorrean, eta, batez ere, diktadura ezagutu ez zuten belaunaldien eskubideekin uztartzeko, horiek eskubidea baitute memoria tresna gisara izateko, irizpide etikoez eta politikoez hornitzeko, orainaldian jarrera hartzeko eta mehatxu faxista berriei aurre egiteko.

Eta hori guztia ezin daiteke lortu herritarren benetako parte hartzerik gabe (oinarrian hirirako eskubidea dago), memoria elkarteen eta, orokorrean, jendartearen parte hartzerik gabe, herritarren hausnartze eta eztabaida ariketa beharrezko batean, desadostasunak bilduko dituena eta formula inklusiboak bilatuko dituena.

Bada bidea egiteko. Aunitz gai argitu eta lantzeko. Dena den, garbi dago gaurko liskar eta desadostasun giroak ez duela batere laguntzen bidexka beretik ibiltzeko. Memoria, definizioz, zaila da, baina gatazka ez da ezkutatu behar. Konpondu behar da, Caidos Irauli kolektiboan proposatzen dugun bezala hausnarketa, askatasun, elkarrizketa eta konpromisoarekin.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.